Nikaragua, nikaraguita…
Nikaragua, nikaraguita… –
Mende bat iduri du Nikaraguan sandinisten iraultza aurrerakoiak boterea eskuratu zuela. Badu aspaldi Ortegak eta familiak, armadaren laguntzarekin, diktadura bortitz bat ezarri dutela Latin Ameriketan eredu izan zen herrialde hortan. Atxilotze, erahiltze eta desagertzeen aitzinean, zergatik daude ixilik munduan barna hainbeste ezkerreko arduradun?
Iraultza sandinista sustengatu dugunok harriturik eta desesperaturik so egiten ari gira zer bilakatu den Daniel Ortega. Duela kasik mende erdi berak eta Sandinista tropa herrikoiek zuten Anastasio Somoza faxista poderetik bota. Gaur egun oraindik Ortega pobre eta zapalduen defentsore sutsu gisa ari da kasik metodikoki bere kontra altxatzen ari diren haur, gazte eta hamarnaka herritar jotzen eta hiltzen, garai beltzenetako Argentina edo Txile oroitaraziz.
Nikaraguako polizia egunero ari da atxilotzen eta torturatzen, ukatuz atxilotu eta presoekilako informazio guzia. Rosario Murillo, Ortegaren emaztea eta lehendakariordea, zapalkuntza horren lehen lerroan da eskubide humano eta zibil masibo horien bortxatzean aktiboki parte hartuz. Ortegaren inboluzioa, argiki desitxuratzen duena sandinismoaren idealak, aspaldi huntan puskatua du sandinista mugimendua, bainan azken hamar urte hauetan aski isilean gertatu da, Nikaraguako elizaren eta kapitalisten sustengua izan duelako.
Bainan azken hilabeteeko mugimendu sozial gero eta zabalagoak, zapalkuntza itsuak eta hilek “aliantza” hori pikutarat bota dute.
Despotismoaren erreinua
Badu jadanik hainbat urte FSLN frente sandinistako aurpegi ezagun frangok utzi egin zutela alta Ortega sustengatzea, beraien ustez Ortega bikotea despotismoaren erreinua itxuratzen ari zelako. Dinastia matrimoniala bilakatua da emeki eta segurki Ortega familia, aitama eta zortzi seme alaben artean partekatuz hainbat kargu publiko eta komunikazio bide.
FSLNk eraiki eta bozkarazi konstituzioa hainbat eta hainbat aldiz aldatua izan da azken urteetan. Beti ari da poderea ahoa beteka neoliberalismoa salatzen, memento berean akumulatzen ari delarik pribilegio eta fortuna ikaragarriak.
Azken finean, Ortegaren mutazioa hasi zen 90 hamarkadan, hauteskundeak galdu egin zituelarik Violeta Barriosen kontra. FSLNn orduan gertatu ziren lehen zatiketak, eguneroko iraultza demokratikoaren ametsa ttipituz joan zen ilusio ainitzekin betan.
Hala ta guziz ere, kontrairaultzaileek porrot egin zuten nabarmenki eta Ortega berriz botererat heldu zen 2007an.
Bera lehendakari eta bere emaztea lehendakariorde, eta aferak ongi joango dira!
Bikoteak kondatzen ahal du goi funtzionarioen obedientzian, armadaren indarrean baita oraindik hainbat auzapez eta diputatuen konplizitate aktiboan.
Gaurko mundua “eskuin berri” batek ordezkatzen hasia delarik hainbat guneetan, autoritarismoa, populismoa eta xenofobia izanki ipar orratz, ez da deus garrantzitsuagorik ezkerrarentzat eta krisian diren ezkerreko ideia unibertsalentzat, bere balore politiko sakonenak behin eta berriz azpimarratzea baino.
Ahalgegarri iduritzen zait ezker globaleko hainbat aurpegi ezagun eta “iraultzaren” beste hainbat ikono publikoki eta azkarki ez agertzea Nikaraguan gaur egun eta apirilaz gero Ortega bikoteak populuaren kontra pratikatzen duen masakrearen kontra. Ortegatarren errepresioak jadanik egin ditu kasik 400 hil, kasik 300 desagertu eta 2.000 kolpatu, zenbaki horiek goiti ari direlarik egunetik egunerat.
Betirako poderearen izenean, bainan ere ezkerreko ideien izenean omen, gerrillero sandinista ohia aliatu da eskuineko parte itsusienarekin.
Ahots batzuk, hala ere
Zer erran edo zer egin diktadore bilakatu den iraultzaile ohi baten kontra ? Hau da hainbat ezkerreko latinoamerikar lideren galdera etengabea. Nola eta zergatik Somozaren diktadura botatzeko gai izan zen iraultza, Ronald Reaganen gobernuak inposatu boikot ekonomiko eta sabotaia hainbat saihestu zituen mugimenduaren burua bilakatu da Somozaren parekoa? Azken egun eta aste hauetan sandinismoaren hainbat lider historikoek bere ahotsa entzunarazten hasiak dira halere galdetuz nazioarteak salatu dezan Ortegaren derriba edo desbideratze hori, aterabide negoziatu eta demokratiko bat aldarrikatuz krisia hortarik ateratzeko berandu baino lehenago.
Gutun ideki batean, hainbat urteetan kultura ministro Sandinista egon den Ernesto Cardenalek idatzi dio Pepe Mugika Uruguaiko lehendakari ohiari, munduko ezkerreko sektoreak arduratzen has daitezen Nikaraguan iragaiten ari denarekin. Pepe Mugikak geroztik baikorki erantzun dio Cardenalen galdeari eta publiko salatu du gaur egungo Managuako erregimena. Hitzez hitz Pepe Mugikak dio ezkerreko eta demokrata gisa ezin dela gehiago isilik egon, erdi baimendu edo osoki estali Ortegatarren deriba autokrata eta totalitarioa, azken honek ez duelako zilegitasun politiko izpirik gehiago eta aspalditik eskrupulorik batere gabe traizionatu dituelako iraultza demokratiko eta ezkerreko ideia unibertsalak.
Kanpaina bat dago, CIA eta estatu batuar inperioaren partetik, deserosoak zaizkien gobernuak kentzeko eta trotskistak kanpaina horren partaide dira, nola ez, beti super-ezkerretik, noski, inperioaren interesak bultzatzen.
Ortegaren jarrerez asko kritikatu eta mintza daiteke, baina oposizioa nolakoa den, noren babesa duen, zer sarraskiak egiten ari den, … ez aipatzeak dena esaten du artikulu honi buruz. Koloretako kontrairaultzak eta Pepe Mugika eta Sorosen sasi-ezkerra, Nikaraguatik Venezuelara eta Libiatik Siriara beti inperioaren zerbitzura.
Ez ahaztu feminismoaren laguntza ezin hobea. Euskarazko egunkari bakarrean azkenaldian inongo funtsik gabeko akusazio ederrak irakurtzen ari gara deserosoa den guztiaren aurka