Nik Lehenagotik Nuen Begitan Hartua
Nik Lehenagotik Nuen Begitan Hartua / Nik Lehenagotik Nuen Begitan Hartua
Baliteke egun hauetan Imanol Arias aktore espainola –eta handitan euskal herritar ona, vasco bueno alegia, izan nahi zuten anitzen eredua– kezkatua egotea bere irudi publikoa dela eta, Panamako paperetan azaldu baita. Horregatik, nik azaldu nahi nioke –eta polita litzateke norbaitek nire iritzi hau helaraziko balio, lasaitu dadin– trankil egoteko, nik aspalditik, Panamako paperak azaldu baino lehenagotik, eta are Ane Igartiburu baino altuago emateko tupe penagarri hura erakutsi baino aise lehenagotik ere, begitan hartua nuela, legala ez dakit baina guziz morala den herra batekin. Eta, hain zuzen horregatik, aspalditik erakusten duen umil-harrotasunean igarria diodalako umiltasunaren zatia geruza txiki bat bertzerik ez dela, neurriz kanpoko harrotasuna doi-doi estaltzeko balio duena, horregatik, diot, ez nau bereziki harritu haren izena offshore enpresak dituzten edo izan dituzten bertze batzuekin agertu izanak. Gehiago molestatu nau Ariasen lehen adierazpenak La Sexta telebistako kateko kazetariak etxe parean aurkitu dituelarik: “Lan egitetik heldu naiz…”, ez Panaman ez bertze inon kontu sekreturik ez dugunok lanik eginen ez bagenu bezala.
Imanol Arias langile itxura egin nahian zebilen bezala, Borboiko Pilarrek etxeko andre xumea bertzerik ez zela erran zuen behin telebistako saio batean. Aktorearekin gertatzen zaidan bezala, errege familia aspalditik dut begitan hartua –topikoaren kontra, irrazionala ez, arrunt arrazionala den herra batekin–, eta honetan ere ez nau harritu familia horretako kide bat paper horietan azaldu izanak –bertze kide batzuk ez azaltzeak, ez dakit ulertzen didazuen, batere harritzen ez nauen bezala–. Gehiago molestatu nau, Borboikoa bere etxekoandretasuna esplikatzen ari zelarik –ni etxekoandre xume bat naiz…–, kazetariaren komentarioak –no se quite mérito; ez izan hain apala alegia, meritu handia dauka-eta berorrek–: koipetsua eta lirdingatsua ez den bertze izenondo bat asmatu beharko genuke ustezko kazetari horren jarrera definitzeko; adjektibo hori zein izan litekeen pentsatu bitartean, erran dezagun koipetsutik edo lirdingatsutik baino haratago doan komentario horrek gauza anitz argitzen duela Espainiako hondar berrogei urteetako historiari buruz.
Egun hauetan, zenbaitek kritikatu dute, arin bada ere, Borboiko Pilar karitate lanetan ibili izana eta, aldi berean, bere dirua paradisu fiskal batean altxatu izana. Nik, ordea, koherentzia bertzerik ez dut ikusten hor, liberalek ez baitute justizia sozialean sinesten –zergak ordaintzea itsusia da, eta nahitaezkoa gainera; eta pagatu ezean, zigorrak etor litezke–, karitatean baizik: borondatezkoa izateaz gainera, aberatsen onberatasuna agerian uzten du karitateak, eta, horrela, pobreak ez daude alferrik mundu honetan –jakina den arren alferrak izateagatik direla pobreak–, funtzio bat ere badute: ekintzaile –uler bedi enprendedore– aberatsen bihotz ona nabarmentzea.
Panamako paperak milioika agiri omen direnez, apustuak egin beharko genituzke, ea nor izanen den, errate baterako, bertan ateratzen hurrengo musikari espainola. Nik hiru hautagai ditut, hain zuzen ere bihotz erdibitua zuena, toreatzaile baten oinordekoa, eta andaluziar hezur-muinetaraino madrildartua, baina ez naiz analista ona –pentsa, uste nuen PPk eta PSOEk koalizio handia osatuko zutela eta ez zela hauteskunderik izanen–; beraz, auskalo.
Nolanahi den ere, eta Panamako paperek gu harritzen segitzen duten bitartean, ni baino analista hobeak hasi dira irrati eta telebistetako tertulietan gaia aztertzen. Han-hemenka aditu dudanaren arabera –aitortu behar baitut hedabideetarik franko aparte nabilela, erregimen politiko berezian bizi bainaiz, paidokrazian hain zuzen ere, eta horren ondorioz telebistako hiru kate bertzerik ez dut ikusten, Clan, Boing eta Discovery Max–, lelo nagusia da Panamako paperetako protagonistek egin dutena legala dela, baina ez morala.
Alizia herrialde miresgarrian liburuan –egun hauetan ari naiz berrirakurtzen–, protagonistak Cheshireko katuari galdegin dio zein den bidea, eta honek erantzun dio segun nora joan nahi duen. Galdera da, beraz, ez-da-morala-baina-legala-da bidea hartu duten tertuliakideek nora ailegatu nahi duten. Edo, ez litzateke batere arraroa izanen, nora ezean bueltaka ibili nahi ote duten. Eta iduri luke mezua dela herritarrek eskubidea dutela haserre egoteko, baina ez dezatela zigorrik espero. Are gehiago, zenbait iritzi emailek moral hitza ia-ia mespretxuz ahoskatzen dute, edo etsipenez, edo hasperenka, bigarren mailako kontu bat balitz bezala, edo –Marcelo aingerua edo erlijioa eskolan ez bezala– kontu pribatua balitz bezala.
Eta hori bitxia da, zeren, oker ez banabil, morala omen ez delako da ilegala abortua, adibidez. Halere, dirua tartean delarik batzuek moralitatea apaltzeko duten joera bitxia bada, are bitxiagoa da tertulietan legalitatearekin duten tema. Zeren, berriz ere oker ez banabil, krimen bereziki deigarria gertatzen den aldioro –tira, ez aldioro: batez ere bazterreko auzo batean gertatzen bada eta tartean adingabeak baldin badira–, ez dira guti espantuka hasi eta ozenki eskatzen dutenak gobernuak ziztu bizian legea alda dezala, zigor kodea lehenbailehen gogortu dezala, hartu beharreko neurriak har ditzala horrelako krimen higuingarririk berriz gerta ez dadin. Orain, berriz, sistema bihurtu den krisi testuinguru batean herrialde guzietako aberatsenek dirua paradisu fiskaletan dutelako frogak agertu direlarik, nonbait tertuliakide guziei atzendu zaie legea aldatzen ahal dela, zigor kodea gogortzen ahal dela, delitu ekonomikoen preskribitzeko epeak luzatzen ahal direla. Orain, tertuliakide guziak moralista bihurtu zaizkigu, legea lege baita, aldaezina antza, eta, horregatik, gure dirudunen jokaera sobera morala izan ez dela gogorarazi bidenabar, prestatzen gaituzte zigorrik ez dela izanen onar dezagun.
Gauzak horrela adierazita, baten batek pentsatuko du irrati eta telebistetako iritzi emaile ofizialekin haserre nagoela, baina ez da horrela. Izan ere, lehenagotik nituen begitan hartuak, legala ez dakit baina guziz morala den herra batekin.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]
Nik Lehenagotik Nuen Begitan Hartua / Nik Lehenagotik Nuen Begitan Hartua
Euskal herritarra Arias? Bai ta ni afganiarra jaja
Izan, euskal herritarra da Arias. Beste kontu bat da non bizi den eta zer-nolako atxekimendua eta harremana duen Euskal Herriarekiko (hori bere kontua da), baina ideologiak eta jokabideak ez diote inori bere euskalherritartasuna kentzen.
Arias espainiarra da.
Euska herritarrak ez gara espainiarrak.
Espainiarrak ez dira euskal herritarrak.
Euskal Herritik kanpo jaiotako euskal herritarrak badira.
Hemen jaiotako batzuk nahiago dute frantziar/espainiar izan euskal herritarrak izan baino.