New Yorkek euskal emakume zinemagileen lanari ateak irekiko dizkio
New Yorkek euskal emakume Etxepare –
New Yorkek euskal emakume zinemagileen lanari ateak irekiko dizkio Etxepare Euskal Institutuaren eskutik
,,,
- Etxepare Euskal Institutuak CUNY Universityn sustatzen duen Bernardo Atxaga katedrak euskal emakume zinemagileei buruzko programa akademikoa eskainiko du, María Pilar Rodriguez ikerlariaren eskutik.
- Institutuak eta Euskadiren AEBko ordezkaritzak antolatuta, NYC Basque Film Festivalek azken urteetako hiru euskal film ekarriko ditu New Yorkera urriaren 25etik 27ra.
New Yorkek euskal zinemari ateak zabalduko dizkio hainbat jardueren bitartez. Etxepare Euskal Institutuak sustatutako bi ekitaldik bat egingo dute New Yorken euskal emakumeen zinemagileen lana aztertu eta zabaltzeko helburuz. Lau egunez, CUNY Graduate Center eta Village East by Angelika zinema-aretoa New Yorkeko euskal komunitateko kideen eta euskara, euskal kultura eta euskal zinea gertutik ezagutzeko interesa duten tokiko hiritarren topagune bihurtuko dira.
Etxepare Euskal Institututuak CUNY Universityn sustatzen duen Bernardo Atxaga Katedraren mintegi programazioa urriaren 23tik 27ra egingo da, zeinetan, emakume zinemagileen lanaren inguruko hainbat hitzaldi, irakurketa, eskola eta proiekzio egingo diren.
Bernardo Atxaga katedraren xede nagusia euskal literatura eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea da. Euskal kulturari buruzko doktoretzako programa akademikoa eskaintzen du, eta 2017tik urtero New Yorkera ekartzen ditu irakasle gonbidatuak. Maria Pilar Rodriguez, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria eta Euskadiko Filmategiak egindako ‘Euskal emakume zinemagileak’ argitalpenaren koordinatzailea, da aurtengo katedraren ikerlari gonbidatua. Euskal emakume zinemagileen historia, ezaugarriak eta baldintzak eta haien ekoizpenetan landu dituzten gaien inguruan hausnarketa bideratuko du programa zabal batean.
Katedraren aurtengo programaren helburu nagusia euskal zinematografia aztertzea da, emakume zuzendariek genero eta formatu ezberdinetan egindako lanetan oinarrituz –film luzeak, film laburrak eta dokumentalak–, ondoren lan artistiko hauen bilaketa akademiko eta dibulgatzailea egiteko. New York Film Festivalen selekzioarekin bat eginez, Estibaliz Urresolaren, Alauda Ruiz de Azúaren, Berta Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren azken filmak eredu bezala erabiliko dira azken urteko euskal zinema eta emakume zinemagileek egindako lana aztertzeko.
NYC Basque Film Festival
Euskadiren Amerikako Estatu Batuetako ordezkaritzak antolatuta, eta Etxepare Euskal Institutuak lagunduta, NYC Basque Film Festivalen edizio berri bat egingo da New Yorken, urriaren 25etik 27ra. Jaialdiaren helburua euskal kultura eta zinema AEBn biztanle gehien dituen hirira hurbiltzea da. Bernardo Atxaga Katedraren 2023ko programarekin bat eginez, aurtengo edizioan lau emakume zinemagileren hiru film aurkeztuko dira: Estibaliz Urresolaren ‘20.000 erle espezie’ (2022), Alauda Ruiz de Azúaren ‘Cinco Lobitos’ (2022) eta Berta Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren ‘Arnasa betean: emakume zinegileak’.
…
Programazioa
Urriak 23:
-
Bernardo Atxaga katedra (CUNY University). Katedraren aurkezpena eta euskal zinemaren ekoizpenaren inguruko sarrera egingo dira. ‘Euskal emakume zinemagileak’ lanaren Carlos Roldanek egindako saiakeraren irakurketa (“Askatasun garbi eta garden hori. Funtsezko gaiak euskal emakumezko zuzendarien fikzio zinematografikoan”) eta Pilar Rodriguezen ‘From dispossession to reparation: Yoyes thirty years after her death’ artikuluaren irakurketak egingo dira.
Urriak 25:
-
Bernardo Atxaga katedra (CUNY University): ‘Nazioarteko mugimenduak’ izeneko saioan euskal emakume zuzendariek lekualdatze geografikoen eta nazioarteko sinbolikoen artean egindako film ekoizpenak mahai gainean jarriko dira. Lan horiek gaur egungo mundua definitzen duten dinamikek sortutako tentsioen alderdiak erakusten dituzte, gaia eta estetika kontuan hartuta. ‘Euskal emakume zinemagileak‘ publikazioaren irakurketa egingo da.
-
NYC Basque Film Festival: ‘20.000 erle espezie’ (Estibaliz Urresola) filmaren emanaldia Village East by Angelika zineman.
Urriak 26:
-
Bernardo Atxaga katedra (CUNY University): Emakumeen subjektibotasunaren irudikapen garaikideen inguruko saioan protagonista berrien afektuak eta familiako eguneroko egoerak aztertzen dituzten zinemagileen azken filmak ikertuko dira ‘Cinco lobitos’ (Alauda Ruiz de Azúa, 2022) eta ‘20000 especies de abejas’ (Estibaliz Urresola, 2023) lanak oinarri hartuta.
-
NYC Basque Film Festival: ‘Cinco Lobitos’ (Alauda Ruiz de Azua) filmaren emanaldia Village East by Angelika zineman.
Urriak 27:
-
‘Arnasa betean: emakume zinegileak’ (Berta Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren) dokumentalaren proiekzioa (NYC Basque Film Festival) eta filmaren inguruko hitzaldia (Bernardo Atxaga katedra) egingo dira New York City Universityko Graduate Centerren.
Etxepare Euskal Institutua
Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzaren erakunde publiko bat da. Bere helburua da nazioartean euskara eta euskal kultura eta sorkuntza sustatu eta ezagutzera ematea, eta horien bidez, beste herrialde eta kulturekin harreman iraunkorrak eraikitzea. Horretarako, besteak beste, kalitatezko jarduera artistikoak sustatu; sortzaile, artista eta kultura-sektoreetako profesionalen mugikortasuna bultzatu; eta euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntza bideratzen du. Halaber, nazioarteko erakunde eta eragileekin lankidetza bultzatzen du eremu kultural eta akademikoan.