Nalla yatra!
Nalla yatra –
Mimoz aukeratu genuen herrialdea, gozatu dugu prestaketekin (ezer ez prestatzea ere antolaketa baita), miatu ditugu bertako erlijio saltsak, emakumeen bizimoduak eta animalia exotikoen bizilekuak.
Parean tokatu zaizkigun (ia) guztiei kontatu diegu bagoazela: hilabete bat, herrialde arrotz bat eta bi lagun (eta bai, zaila dela halako bidelagunarekin gauzak gaizki ateratzea). (Ia) guztiek esan digute «Oh, ona! Gozatu!», «Bi neska bakarrik zoazte?», «Bizitza aldatuko dizuen bidaia izango da», «Puf, ni ez dakit prest nagoen hara joateko», bla-bla-bla. Eta guk denei baietz, esaten dutena inportako balitzaigu bezala.
Baina, orain, abiatu aurreko ordu hauetan, hemen nago motxilari begira, zalantzan, kontraesanei lekua egin edo ez. Soinean eraman edo bueltarako utzi. Baina lekua egin nahi ezta ere bertan daude, bidaian ateratzea bera baita kontraesan.
Urte guztian eskura jartzen dizkiguten produktu guztien aztarna ekologikoa kritikatzen aritu ondoren, bagoaz hegazkinean arrastoa utziz, urte guztiko estresak askatzeko beharrezkoa omen dugulakoan. Saiatuko gara luxurik gabeko hoteletan lo egiten, bertako arrantzaleetatik jaten, bertakoekin tren bidaiak konpartitzen. Baina, behin hanka bat bertan jartzen dugunean, nahi baino zuriago, europarrago eta aberatsago izango gara. Berdinetik berdinera begiratuko diegu, baina ea nork ulertarazten dien euren kulturaz aberastu nahi dugula gure barruko motxilatxoa, ez garela beste ezertara etorri. Ea nork ulertarazten dien guk gure herritik jarraituko dugula borrokan mundua aldatu dadin eta eurek ere duintasuna irabazi dezaten, baina ez garela limosnak eman zaleak. Eta haiek atzean utziz erreserba naturalak bisitatzera joango gara, jakitun gobernuak bizitokietatik bidali dituela, tigreak ikustera doazenak gehiago inporta zaizkiolako.
Hala ere, bagoaz, badakigulako bizi garen lekuan (edo moduan) bizitzea ere kontraesan zaigula eta horren jakitun izatea bera lorpen txiki bat behintzat badela. Baina ez uste gure kontua bakarrik denik, zuei ere lapatuko zaizkizue kontraesanak kruzeroetan, bigarren etxeetan, hondartza ertzeko apartamentuetan, buffetetan edo mendi puntan. Uda on!