Marga Andurain, Baionako zelatari eta abenturazalea

Marga Andurain, Baionako zelatari eta abenturazalea –

2009. urtean, Cristina Morato idazle kataluniarrak Cautiva en Arabia (Arabian gatibu)  izeneko eleberri arrakastatsua kaleratu zuen. Liburu horretan euskal emazteki baten abenturak kontatzen zituen, eta bitxia bazen ere, emakume horren historia guztiz ezezaguna zen gure artean. Liburuaren lerroetan aitortzen duenez, Cristinak Moratok Marga Andurainen izena Siriako basmortuan, Palmirako hondakinetan zegoela, entzun zuen lehen aldiz. Hiri horretako Zenobia hoteleko langile batek bertako nagusi izandako emakume euskaldun abenturazale baten berri eman zion. Gizon horren hitzetan, Marga Andurain (edo D´Andurain) hoteleko jabea izateaz gain, kondesa omen zen, zelatari edo espioia, eta Arabiako Lawrence-ren maitalea. Gizon hark kazetari kataluniarrari kontatu zionez, Marga Andurainek 266. urtean Palmiran gobernatu zuen eta erromatarren aurka adore handiz borrokatu zen Zenobia erreginaren bertsio modernoa zela uste zuen. Gameluz ibiltzen omen zen, biluzik, basamortua alde batetik bestera zeharkatuz, beduinoak haien dendetan bisitatzen zituen, eta arazoak ukan omen zituen agintari kolonial frantsesekin, haien ustetan, Marga ingelesen aldeko espioi arriskutsua baitzen.

Baina kondaira bat zelakoan, Moratok ez zion kontakizun horri arreta handirik jarri. Zenbait urte beranduago jakin zuen Marga Andurainek bi seme izan zituela eta txikiena oraindik bizi zela Parisen inguruko zahar-etxe batean. Jakin-minak deiturik, Parisera jo zuen eta bere liburuaren oinarri izan diren elkarrizketa zenbait ukan zuen 92 urteko Jakes Andurainekin. Konta dezagun segidan emakume honi buruz Cristina Moratok idatzi duena.

Marguerite Clérisse Baionan sortu zen 1893ko maiatzaren 29an. Aita Baionako Epaitegi Nagusiko Maxime Clérisse epailea zen eta ama Marie Hiriart, Baionako notario eta sendagile ospetsuen familia bateko alaba zena. Ttipi-ttipitik liskarretan eta kalapitetan sarturik ibili zen, eta horregatik eskualdeko eskola erlijioso guztietatik kanporatua izan zen. Hori dela eta, Hondarribiko ursulinen eskolara bidali zuten eta bertan bukatu omen zituen bere ikasketak. Neska liraina zen, beltzarana, euskal begitarte zorrotzekoa, begi ñabarrak eta sudur handikoa.

Marga Andurain, Baionako zelatari eta abenturazaleaBa omen zuen gizonak bereganatzeko doan berezia. Gibeletik zenbait mutil eduki ondoren, azkenean, hemezortzi urte zituela, bera baino hamabi urte zaharragoa zen Piarres Andurain kuxin ttipiarekin ezkondu zen. Anduraindarrak jatorriz baxenafarrak ziren, Donazaharrekoak, eta bertan zituzten zenbait ondasun eta familiaren hilobia. Berehalaxe, senar-emazte berriak Argentina aldera abiatu ziren negozioak egitera. Zaldi arrantxo bat jartzeko asmotan joan baziren ere, azkenean konformatu behar izan ziren Panpan erosi zuten ganadu-ustiapenerako etxaldearekin. Bi urte horrela pasatuta, eta diru guztia xahutu ondoren, Baionara itzuli ziren. Ordurako, Margak oso garbi zuen ezin zituela negozioak senar ezgauzaren eskuetan utzi.

1925ean, aita hiltzean, zegokion herentzia zatia jaso eta Euskal Herria utzirik, Egiptora joan zen. Kairon edertasun-areto bat zabaldu nahi zuen. Jakes semeak dioenez, benetako asmoa zera zen: haren amak Ingalaterrako Inteligentzia Zerbitzurako ezkutuko lana egiten zuen eta horretara joan zen Kairora. Semearen ustetan, Mary Stuart edertasun-aretoa haren egiazko jardueraren estalkia, besterik ez zen. Aretoari esker, Marga lasai ederrean mugitzen zen ofizial britainiarren emazteen artean. Hogeigarreneko hamarkadako Kairo hartan Anduraingo konde-kondesak arrunt ezagunak ziren hiriko giza eta kultur ekitaldi guztietan. Edertasun-aretoak arrakasta ikaragarri handia erdietsi zuen eta bertara joaten ziren ofizial britainiarrekin ezkonduriko andre egiptoarrak, goi mailako damak eta baita Egiptoko errege familiako kide zenbait.  Fuad I. erregearen emaztea, Nazli Sabri sultana, eta Fauwzia, Pertsiako lehen emazte zena, beraien artean zirelarik.

Halako batean, Brault baronesak, harekin eta Haifan, inteligentzi zerbitzuburu zen W.F. Sinclair maiorrarekin, Palestinara joatera gonbidatu zuen, eta bi aldiz pentsatu gabe, harantz abiatu zen aipaturiko lagun horiekin batera. Bidaia horretan, Palestina, Lur Saindua eta Siria bisitatu zituen, Sinclair maiorrarekin batera. Badirudi, denboralditxo batez, Sinclairrek eta Margak harreman estuak eduki zituztela. Ekialde Hurbileko frantses agintariek Marga Andurain ingeles etsaiaren aldeko zelataritzat hartu zuten. Sinclairren eskutik, Palmirara iritsi zenean, Margak huraxe zela bere ametsetako bizitokia pentsatu zuen. Kairora itzultzean, edertasun-aretoa saldu eta senarrarekin batera Palmirarantz itzuli zen. Garai hartan, Palmira hagitz herrixka ttikia zen, eta bertan gotorturik bazen frantses goarnizio bat. 1930ean, Margak herrian zen hotel bakarra erosi zuen, Zenobia erregina mitikoaren izenaz birbataiatu eta euskal altzari ederrez hornitu ondoren, berriro zabaldu zuen.

Hiru urte berantago, sekulako abentura otu zitzaion. Mekara joan nahi zuen. Horrela eginez gero, Mekan sartzen zen lehen emazteki mendebaldarra izanen zen. Abentura berria ongi burutzeko senarraz dibortziatu eta Palmirako Soleiman el Dekmari gameluzain beduinoarekin ezkondu egin zen. Ezkontza faltsu hori egin ahal izateko, musulman bihurtu zen. Handik zenbait astetara Meka alderantz abiatu zen. Itsaso Gorriko Yidda portuan lehorreratzean, mendebaldarra zela ikusirik, gobernadorearen harenean sartu zuten, Mekan zegoen senar beduinoa bila etorri bitartean. Badirudi Soleiman ez zegoela prest Margarekin egindako komenentziazko esposatze hura errespetatzeko eta horregatik ez omen zuen deus egiten baionarra harenetik ateratzeko. Ustekabean, esku mertzenario ordaindu batek Soleiman hil zuen eta Yiddako agintariek Margari leporatu zioten beduinoaren hilketaren ardura. Hori dela eta, hiriko presondegiko ziega ilunetan espetxeratu zuten. Kontsul frantsesaren esku-sartzeak harrikaturik hiltzetik libratu zuen, baina ezin izan zuen deus egin kanpora bidal ez zezaten. Piarres senarra eta Jakes semea Palmirako hotelaren jarduera kudeatzen gelditu ziren.

Marga Andurain, Baionako zelatari eta abenturazaleaParisen, urtebeteko erbestaldia igaro ondoren, senarra eta semea berriro ikusi ahal izan zituen, eta senarraren eskariaz, Piarresekin esposatu zen berriz ere. Handik gutxira, esku ezkutu batek  Piarres Andurain erail zuen hotelaren inguruetan, eta berriz ere, Marga susmopean gelditu zen. Susmo txar horietatik ihes egin nahian, 1937an Siria utzi zuen betiko. Senarraren heriotza bortitzaz gain, Margaren maitale izandako hiruzpalau gizonen hilketa ere egozten zizkioten. Dena den, inoiz ezin izan zuten deus frogatu baionarraren kontra.

Bigarren Gerla Handiak Marga eta Jakes semea naziek okupatutako Parisen hartu zituen bete-betean. Margak bere txaleta ofizial alemaniarrentzako luxuzko prostituzio-etxe bilakatu zuen, eta opio trafikatzaile gisa aritu zen. Jakes semeak, bitartean, erresistentzian jardun zuen. Alemaniarrek gerra galdu behar zutela ikusirik, Paris utzi eta Aljerrera joan zen. Han zegoela, harremanak finkatu zituen De Gaulleren aldekoekin, eta horri esker, gerra bukatu zelarik, Frantziara itzuli ahal izan zen eta Kosta Urdinean bizitzen jarri. Zenbait hilabete beranduago, bere iloba gaztea zen Raymond Clérisse erailik azaldu zen, eta horren hilketa Margari leporatu zioten, herentzia bat zela eta, harekin liskarretan baitzebilen. Aipatu hilketa zela eta, marga kartzelan sartu zuten berriz ere, baina bere aurkako probarik ez zenez gero, handik gutxira kanporatu behar izan zuten.

Bizitza ez zitzaion bat ere erraza, eta hori dela eta, urrearen kontrabandoari ekin zion. Horretan ari zela,Tangerren, bere belaontzian esku ezezagun batek hil eta, itsasora jaurtikiz, desagerrarazi zuen betiko.

Denetik esan da emakume honetaz, eta berari buruz hitz egiterakoan, Euskal Mata Hari, Palmirako erregina, Basamortuko kondesa, Lawrence Arabiakoaren maitalea, hogei hilketako kondesa, eta horrelako goitizenak ezarri izan dizkiote. Berak bere burua definitzeko bi hitz erabiltzen zituen soilik: euskalduna eta abenturazalea. Emakume gutxiren izenak pasatu dira gure historiara, baina Marga Indurainek ongitxo merezi du toki bat Katalina Erauso moja alferezaren ondoan, biek ondotxo islatzen baitute euskal emakume abenturazalearen esparrua.

Marga Andurain Marga Andurain Marga Andurain Marga Andurain Marga Andurain Marga Andurain Marga Andurain
baiona, II Mundu Gerra, Marga Andurain, zelatari
Joseba Aurkenerena

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude