Ñabardurak

Ñabardurak –

[Joan den asteburu honetan, hiru artikulu idatzi nituen Euskalerria Irratiko minutu bateko manifestuari begira. Irratian bat bertzerik ezin irakurri dudanez, bertze biak hona ekarri ditut. Bat atzo argitaratu nuen. Hirugarren eta azkena, hauxe da:]

1934tik 1938ra bitarte, historialariek austrofaxismoa deitzen duten sistema izan zuten Austrian. Labur errateko, nazionalkatolizismo moduko bat. Alderdi komunista berehala utzi zuten legez kanpo, bai eta alderdi nazia ere. Badakizue, muturrak eta abar. Austrofaxistak Alemaniarekin bat egitearen kontra zeuden, eta horrek ez zien Hitlerrekin harreman ona izaten lagundu. Izan ere, garai hartako lehen kantzilerra, Engelbert Dollfuss, naziek erail zuten. Halere, Alemaniako naziekin harreman txarra gorabehera, eskuin muturreko erregimena izan zen austrofaxismoa, ipar aldeko barridearena bezain.

Iluntasunaren historia liburuan, Vienako judu baten memoriak bildu zituen Gerhard Roth idazleak. Hark ez zion austrofaxismoari sinpatia handirik, baina ñabardura ttiki bat egiten du bere kontakizunean: lau urte haietan, 34tik 38ra, gelditu egin ziren 30eko hamarkada hasmentatik ohiko bilakatuak ziren juduen kontrako eraso eta jazarraldiak. Ñabardurak inportanteak baitira, hil edo bizikoak izateraino.

Ñabardurak inportanteak direlako, ez dut ongi ulertzen zer ekarpen egiten duen, Frantziako hauteskundeei begira, Macron eta Le Pen eskuin muturrekoaren etiketaren azpian berdintzeak; zer ekarpen, bata edo bertzea hautatzea berdin dela errateak. Non eta helburua ez den analistaren erradikaltasuna agerian uztea. Interesgarriagoa idurituko litzaidake galdegitea zer ñabardura ikusten dioten zenbait hauteslek Macroni; galdegitea zer eginen dugun hautesleak hain-txarra-ez-dena hautatzeaz nekatu eta benetan-txarra-dena hautatzen duten egunean; eta galdegitea ez Macron ez Le Pen gustuko ez ditugunok zer egiten ari garen gaizki, gure analisi distirantak gorabehera, jendeak ezkerreko hautesleak bazter ditzan.

Ñabardurak

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

Zer duzu buruan “Ñabardurak”-ri buruz

  • josu naberan 2022-05-03 09:44

    Ez ote da Europako parte honetan “EZKERREKO ALDERDI ANTOLATUAK”, azken bi urteotan, guztiz absente egon direlako, GONG kanpaiak jo orduko?

    Eta gaur egun ere aski lokartuta daudelako AGENDA-2030 oligarka-elite-fatxa-naziren aurrean?

    Zelan fido, beraz, euro-komunista-sozialista-bertako nahiz bertoko ezker-antolatuko loak hartu eta desmemoriatuagaz?