Munduko bost mikro-nazio bitxi

Mikro-nazio bat bere kasa sortutako estatu burujabe txiki bat da. Nahiz eta burujabetasuna aldarrikatu eta gainontzeko herrialde handiek eskurik ez sartu, ez dira modu ofizialean estatu independente gisa aitortuak, Vatikano Hiria bezala, adibidez. Mikro-nazio horien sorrera askotarikoa da: broma modura, protesta helburuekin sortuak, arte espresio  modura, esperimentu politiko gisa, eta abar. Ezagut ditzagun bost:

Sealandeko printzerria

Ingalaterrako kostaldetik 10 kilometrora dago, 0,55 km2 besterik ez ditu eta jatorriz, Bigarren Mundu Gerran zehar hegazkin alemanak oztopatzeko eraikitako itsas-forte bat da. 1967an, Paddy Roy Batesek okupatu zuen irrati pirata bat sortzeko eta bere familiarekin batera, nazio burujabe eta independente gisa aldarrikatu zuen. 2007an, The Pirate Bay-koak nazioa erosten saiatu ziren Suediako copyright mugen kontrako irtenbide gisa.

Molossiako errepublika 

Molossiako errepublika  “enegarren mailara eramandako zaletasun” gisa deskribatzen du bere agintari Kevin Baugh-ek. Errepublikak 58 km2 ditu, Dayton herriko (Nevada, AEB) kanpoaldean dago eta Baugh-en etxeak, lorategiak eta Pennsylvania eta Kalifornian eskuratutako beste bi jabetza txikik osatzen dute. Bi-hiru biztanle besterik ez ditu. Baugh-ek Ozeano Bareko toki bat eta Venuseko 79 km2 ere eskatzen ditu. Molossiak Estatu Batuei ordaintzen dizkio zergak, baina agintariak horri “kanpo-laguntza” deitzen dio.

Hutt Riverreko printzerria

1970ean sortu zen 72 km2-ko mikro-nazio hau, Hutt Riverreko zonaldean bizi ziren baserrietako bost familiek Australiako Ekialdeko gobernuarekin tirabira bat izan ostean, arto-laborantzaren kuotak zirela eta.  Gorbernariarekin adostasun batera iritsi ostean, familietako bateko buruari, Leonard Casleyri, Hutt Riverreko probintziako administrari titulua eman zion gobernariak. Casleyk bere titulua aldatu egin zuen berorren gorentasun Leonard I. printzera, lege zahar batez aprobetxatzeko helburuz. Lege horren arabera, erregetzako norbait oztopatzen duen pertsona oro traidoretzat har daiteke; beraz, Casleyk aitzakia hori erabili zuen Australiatik banantzeko. Egun, 20 biztanle eta 13.000-18.000 atzerriko herritar ditu.

Waveland

Biztanlerik gabeko lur zatia da, Rockall izenaz ere ezagutzen dena. Itsasoaren erdian dagoen 570 metro koadroko lur puska hau Erresuma Batuko kostatik gertu dago eta Greenpeacerena da, nahiz eta Irlandak, Islandiak, Danimarkak eta Erresuma Batuek bere jabetzarengatik borrokatu. 1997an, ekologistek zonaldeko zulaketen aurka protesta egiteko okupatu zuten irla eta Wavelandeko estatu burujabea adierazi zuten. Hiritartasuna eskaini zioten haiekin bat egingo zuen pertsona orori. Erresuma Batuak ez zuen Greenpeaceren ekintza aintzat hartu eta 1999an, erakundeak proiektua finantzatzeari utzi zion eta protesta bertan behera geratu zen.

Westarcticako dukerri handia

Travis McHenry estatubatuarra da biztanlerik gabeko Antartikako ekialdeko lur zati basatiaren jabea. 2001 arte ez zen aldarrikatua izan, orduan, McHenryk Antartikako Ituneko –nazioarteko komunitateak Antartika nola tratatzen duen jasotzen duen akordio sorta– hutsune bat aprobetxatuz, Westarctica sortu zuen. Itunaren arabera, herrialdeek debekatuta dute Antartika Ekialdeko lurrez jabetzea, baina ez ordea gizabanakoek. Hala, McHenryk lur zati hori aldarrikatu eta herrialdea sortu zuen. Giza-biztanlerik ez duen arren, zenbait ikerketa instalazio daude. 2005ean, Balleny Irlekin eta Peter I.goa Irlarekin bat egiteko saiakera egin zuen Westarctica handitzeko asmoz, baina inork ez zuen serio hartu.