Munduaren etsaia, mapa bitartez

Munduaren etsaia, mapa bitartez

Beti gustatu zaizkit mapak. Umea nintzela bidai luzeak egiten genituenean, tokatzen zen mapa eramaten nuen eskuetan, beti, eta autoaren zuzendari sentitzen nintzen, norbait garrantzitsua. Gurasoek galdetu egiten zidaten, eta nik harro-harro eginda erantzun, arreba eta anai zaharragoek irribarre maltzurrez betetako begiradak zuzentzen zizkidaten bitartean; orain ohartzen naiz bidea zekitenean ere galdetu egiten zidatela, niri ilusioa egitearren. Zer den maitasuna.

Metrora lehen aldiz Madrilen sartu nintzen, eta mapatxoa eskuetan neukala ze lineatik ze lineara jauzi egin behar genuen planifikatzen nintzena bezala pasatzen nuen, ume txiki baten antzera. Zirrara sortzen dit toki ezezagun batean kokatzen asmatu eta helmugara iristen jakitea, emozionantea, bidaiariek dioten bezala, bidea dela jakinda.

Sarean mapa ezberdinak aurkitzea gustatzen zait, datu, informazio edo beste ikuspuntu bat eskainiko didan baten bila. Hemen dituzue, esaterako, pare bat aski kurioso:

 

mapa
Munduko biztanleriaren dentsitatea irudikatzen duen mapa.
mapa
100.000 biztanle baino gehiago dauzkaten hiriak agertzen diren mapa. 4037 dira.

Bata bestearen gainean jarriz gero ohartuko gara kointzidentzia maila altua dagoela. Oker ez banago Euskal Herrian 5 hiri dauzkagu aipatutako populazioaren goitik: Bilbo, Barakaldo, Donostia, Iruñea eta Gasteiz (barkatu baten bat ahaztu badut). Guk bost izanda, munduan 4037 ez zait hainbeste iruditzen, kontutan hartuta 7000 milioi biztanle baino gehiago garela.

Esan bezala, mapek ikuspuntuak eskaintzen dituzte, optika ezberdinak, eta askotan hausnarketak bultzatu ere. Jarraian datorren mapan galdera berdina egin zieten herrialde ezberdinetako biztanleei (niri ez zitzaidan tokatu, pena): zein da, zure ustez, munduarentzako herrialde arriskutsuena?

mapa

Niri begirada gune zurira joan zait, eta beste mapa bat irudikatu dut: Aintzat hartzen diren tokiak eta zakurraren putza balio ez dutenak.

Munduaren etsaia, mapa bitartez. Gurasoek galdetu egiten zidaten, eta nik harro-harro eginda erantzun, arreba eta anai zaharragoek irribarre maltzurrez betetako begiradak zuzentzen zizkidaten bitartean