Mort pour la patrie!

Mort pour la patrie! –

Lehen mundu Gerlaren 100. urtemuga dela eta, euskaldunek garaian pairatu izan behar zutenaz hausnartu du, besteak beste, Egoitz Urrutikoetxeak, Kazeta. eus atarian.

Azaroaren 11n ehun urte beteko dira Lehen Mundu Gerla bukatu zenetik. Karia hortara, ez dira ments izanen frantses nazioaren handitasunari gorazarre eginen dioten omenaldi arranditsuak. Gure bazter hauetan ere kontakizun historiko ofizialaren miraila diren gerla denborako hilen oroitarrietan bilkurak izanen dira, memoria leku omen diren oroitarrien funtzio ideologikoa agerian utziz: “Mort pour la patrie!”.

Historia liburuek apenas dute aipatzen ohoratzen diren milioika herritar xumeak kapitalaren eta nazionalismo inperialisten interesen aldarean zirela sakrifikatuak izan. Aitortzen ez duten bezala gerlaren funtzio kohesionatzailea, sentimendu nazionala hedatu eta trinkotzeko tenorean.

Hurbilagotik so eginez, Gerla Handiaren ondorioak ezin daitezke neurtu soilik hildakoen kopuruan, azken hauek larriak izanagatik. 184.000 biztanle zituen Ipar Euskal Herrian 25.000 gizonek zuten gerlarako bidea hartu behar izan, eta horietarik 6.000-ak zuten bizia galdu gudu zelai arrotzetan.

Ordu hartan, “euskara baizik ez zekiten” soldadu eta herritarrentzat frantses nazioa entitate eta errealitate abstraktua baino ez zen. Kulturaz eta hizkuntzaz euskaldun izaten jarraitzen zuten, eta Hirugarren Errepublikan Jules Ferryk ezarri eskola publikoaren eragina ez zen oraindik errotua.

Gerla Handiak abstraktua zen frantses nazioarekiko atxikimendua hezurmamituko du. Hots, euskaldunek isuri odolak du frantses nazioarekiko lotura zigilatuko. Izan ere, frantsesa ez zekiten herritarren begietara Frantses nazioarekiko atxikimendua baztertzea gerlan Frantziaren alde hil ziren euskaldunei traizio egitea bilakatuko da, gerlan hildako aitari, anaiari edo auzoari iseka egitea.

Gerlaren eta eskolaren mekanismo maltzurrek ahalbidetu duten borondatezko menpekotasuna deseraikitzeko bidea eskaintzen du gordetako errealitatea argiratzeak. Gure herrietako oroitarrietan agertzen ez diren euskal desertore fusilatuek gure begirune eta omenaldia merezi dute, baina oroz bat, Gerla Handiari uko egin zioten milaka euskal desertore eta intsumituek.

Mort pour la patrie!

Mort pour la patrie!
Gerra Handia
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude