«Mexiko, gerran»

NDAxNg==

«Aberastasuna lotsagabeki pilatuta dago eta gizarte atzerapena handia da; herritarren borondatea distortsionatuta dago; lan eskubideak eta eskubide sindikalak urratzen dira; agintaritzak oinarrizko bermeak ukatzen ditu; subiranotasunari uko egiten zaio, nazioarteko kapitalen aurrean; eta botere politikoa modu oligarkikoan, patrimonialistan, teknokratikoan eta bihozgabean erabiltzen da». 

Eta zerrenda horri hiru gerra erantsi behar zaizkio: «Narkotrafikoaren kartelen artekoa, lurraldeen jabetza lortzeko; herritarrak bahitu eta lapurreta egiten dieten Zeta taldeena (militar eta polizia ohiek osatutako gaizkile erakundeak); eta, militar eta indar bereziek herritarren aurka egiten dutena».

2006ko abenduaren 1etik, indarkeria uholdeak 30.000 hildako inguru eragin dituela nabarmendu du Ramonetek. Hain zuzen, garai hartan kargua hartu zuen Felipe Calderon presidenteak, Washingtonen presiopean, narkotrafikoaren aurkako gerra abiatu zuen.

Lau urte geroago, Mexikoko eskualdeetan, «mota guztietako hiltzaile armatuak» dabiltza: «Armadako indar bereziak eta Poliziako eliteko komandoak; paramilitar eta parapolizia taldeak; sikario legal eta liberatuak; AEBetako CIAko eta DEAko agenteak; eta Zeta taldeetako kideak, zeintzuk bereziki AEBetarantz doazen migratzaile ertamerikar eta hegoamerikarren aurka oldartzen diren».    

Urtero, 500.000 latinoamerikar inguruk Mexiko zeharkatzen dute, iparralderako bidean. Ibilbide horretan, era guztietako gehiegikeriak egiten dizkiete: atxiloketa arbitrarioak, lapurretak, bortxaketak… Hamar emakume emigratzailetatik zortziri sexu gehiegikeriak egiten dizkiete; asko gaizkile taldeen zerbitzari izateko esklabo gisa erabiltzen dituzte edo prostituitzera behartzen. Gainera, ehunka haur lan egitera behartzen dituzte.

Azken hamarkadan, paperik gabeko hirurogeita hamar mila bat lagun desagerrarazi dituzte, senideek bahisaririk ezin zutela ordaindu esan ondoren. Eta, Ramoneten arabera, militarren esperientzia ezak arazoa okertu du: «Zehar-kalteak handitu, eta akatsen ondorioz ehunka zibil hil dituzte…».

Giza eskubideen aldeko Robert F. Kennedy saria irabazi duen Abel Barreda Hernándezen hitzak aipatu ditu Ramonetek. Barredaren esanetan, droga trafikoaren aurkako gerra herritarren protesta sozialak isilarazteko erabiltzen dute. Hala, biktima nagusiak indigenak, emakumeak eta gazteak dira.

Ramoneten ustez, AEBek erantzukizun handia daukate gerra honetan. «Borrokalari guztien arma hornitzaileak dira (% 90). Gainera, narkopotentzia nagusia, marihuana ekoizle masiboak eta droga kimikoen (anfetaminak, extasia eta abar) ekoizle nagusiak dira».

Are gehiago, munduko kontsumo merkatu handiena dira; zazpi milioi kokainazale baino gehiago bizi dira han. Eta lurralde horretan aritzen diren mafiek ateratzen diote etekin handiena estupefazienteen trafikoari: «Etekin osoaren % 90; hau da, urteko 45.000 milioi euro… Latinoamerikako kartel guztiek batera, berriz, gainerako % 10a bakarrik». 

 

Jatorrizkoa

Irudia | Mexiko | Eperales | Creative Commons By SA
Droga-trafikoa, gerra, giza eskubideen urraketak, Mexiko
Ainara Mendiola

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude