Menbebaldearen gainbehera (I)
Menbebaldearen gainbehera –
Vijay Prashad
Gizon hau historialari, kazetari eta akademiko indiarra da. 40 liburu idatzi ditu. Azken liburua, “Erretreta” -AEBen boterearen ahuleziaz- Noam Chomskirekin batera idatzi du. Batzuek ezker globalaren liderretako bat bezala hartzen dute. Berriki egin dioten elkarrizketa batetan esandakoak azalduko ditugu artikulu honetan. Mendebaldearen gainbeheraz mintzatu da gehienbat.
Konfrontazio giroa
Duela gutxi IPCC Klima-Aldaketari Buruzko Gobernuarteko Taldeak hondamendi klimatikoaz txosten izugarri bat argitaratu du. Munduan gizarte-desberdintasuna azkartuz doala azaldu digute eta horren ondorioz milaka milioi pertsonak borroka gogorra egin behar izaten dutela egunero jatekorik eskuratzeko. Errealitate honek munduko potentzia handienei NBEren inguruan bat egiteko aukera ezin hobea eskaintzen diela pentsa dezakegu. Baina ez. Pandemiaren garaian herrialde aberatsek behartsuenekin elkartasuna erakusteko izan zuten aukera zapuztuta geratu zen bezala galtzen ari da hau ere. Konfrontazio giroa handitzen ari gara eta elkarlana galtzen.
Mendebaldearekin ez lerratu nahi
Konfrontazio giro hau eta gizarte-desberdinketaren inguruko arreta eza direla eta, ez da harritzekoa Hegoalde Globaleko herrialdeek uko egitea Mendebaldearekin lerratzeari. Beren interes nazionalen alde jartzen ari dira. Adibidez, Indiak Errusiarekin zituen harreman ekonomikoei eutsi egin die Ukrainako guda bitartean ere. Beren interes nazionalek hala eskatzen dutelako, Errusiari zigorrak jartzea ez dagoelako bere herrialdearen interesen artean.
Bide beretik, Japoniaren Gobernuak Errusiarekin dituen energia-hitzarmenak ez dituela hautsiko esan du. Nahiz eta G7ko gainerako Gobernuekin sinatu zuen Errusiaren aurkako salaketa Ukrainako gudagatik. Hau bereziki azpimarragarria da. Ikusten ari gara era desberdinetako herrialdeek ez dutela gehiago hondatu nahi beren egoera ekonomikoa Mendebalde globalaren nagusitasunari eusteagatik.
Gaiztoak eta zintzoak
Iraken egin zuten moduan, AEBek Ukrainako guda zintzo eta gaiztoen arteko guda bezala aurkeztu digute. Ideologikoki hau izugarria da. Gogoan dut duela gutxi Indiako Kanpo-Harremanetarako Ministroak izan zituen arazoak kazetari bati ulertarazteko ez zegoela gaiztoen aldean, soilik Indiaren interesak babesten ari zela. Ez dut onartzen AEBek egiten duten guztia berez ona denik. Irakeko gudan milioi bat pertsona hil ziren; beraz ezin liteke esan salbatzera joan zirenik. Beren aurkari guztiak gaiztoak ez diren moduan.
Errusiaren adibidea
2.007 bitarte Mendebaldeko herrialdeek Vladimir Putinen ospe ona eraikitzen jardun zuten. Tony Blair bisitan joan zitzaion, publikoki bere alde hitz egin zuen eta elkarrekin izan ziren operan Moskun. George Bushek esan zuen: “begietara begiratu nion eta gizon zintzo bat ikusi nuen”. Thomas Friedman enbaxadoreak The New York Times egunkarian babesa ematen ari zitzaiola aitortu zuen. Bat-batean, 2007ko Municheko segurtasun-konferentzian, Putinek bere hitzaldian munduan nagusi bakarra ez lukeela behar esan zuelarik, dena aldatu zen eta prentsa guztia Putin diktadorea eta gaiztoa dela esaten hasi zen.
Puntu honetara iritsita, interesgarria da prentsa mendebaldarrak Putini diktadore nola deitzen dion ikustea, botere hori eman zion sistema politikoa asmatu zuena Mendebaldea bera izan zelarik. Putin Yeltsinen atzetik iritsi zen presidente izatera eta Mendebaldeak, Sobiet Batasuna desagertu zelarik, Yeltsinentzat diseinatu zuen botere-sistema bera da geroztik Putinek darabilena. Ez dut gaizto eta zintzoen filosofian sinesten.
Mendebaldearen ustezko zintzotasuna
Oso zabalduta dagoen ustea da Mendebaldea funtsean bihozbera dela. Harrigarria da, atzetik duen kolonialismo, genozidio eta beste hainbat basakeriaren historia kontutan hartzen badugu. AEBei genozidaren etiketa ipintzea ezinezko dirudi. Genozida hitza beti barbaroei ezartzen zaie. Arrazismo kutsua du Mendebaldeak beti bihozbera gisa azaldu nahi izateak. Adibidez, Belgikako Errege Leopoldo II.ak genozidio izugarriak egin zituen Kongon eta, hala ere, kongoarrak dira basati bezala ikusiak direnak eta belgikarrak zibilizatu gisa. Josep Borrellek Europa lorategi bezala deskribatu zuen, gainerakoa junglatzat jotzen zuen bitartean. Hitz hauek ikaragarriak dira, XIX. mendekoak, Europa bihozbera dela eta ezin duela okerrik egin defendatu nahi dutenak. Libiako guda garaian, NATOko abokatu nagusiak prentsan gutun bat zabaldu zuen NATOK sekula ez duela guda-krimenik egin azalduz, erakundearen bihozberatasuna azpimarratu nahirik.
Mendebaldeak badu alternatiba
Duela 20 urte, Hirugarren Munduko herrialdeak Irakeko gudaren aurka zeuden argi eta garbi. Baina orduan ez zuten gaur duten konfiantzarik globalizazioaren olatuan harrapatuta zeudelako. Gaur egun, gauzak aldatu egin dira. Aldaketa hau Txinaren indartze ekonomikoarekin lotuta dago eta Nazioarteko Moneta-Funtsari alternatiba gisa Txinako Banku Popularra eskaintzeko ahaleginekin. Orain AEBei beren eskaintzak ez zaizkiela interesatzen esan diezaiekete. Orain Janet Yellen AEBetako Funtsaren Idazkariak ezin die mehatxurik egin bilera pribatuetan. Politikoki berekin bat ez egiteagatik maileguak ukatu eginen zaizkiela esan ezkero, orain Txinara jo dezakete. Lehen ez, baina gaur badira alternatibak.
Orain Namibia bezalako herrialde txiki batek ongi ikus lezake ospitale edota trenak eraikitzeko Txinak ehunka milioi inberti dezan. Eta AEBek ez onartzeko esaten badiote, honek ea zer eskaintzen dioten galdetuko die. Eta estatubatuarrek ez dute deus eskaintzekorik bere ekonomiaren finantziarizazioa dela eta. Txinak ehunka milioi dolar dauka soberakinetan herrialde hauetako bakoitzean inbertitzeko moduan eta honek konfiantza ematen die herrialde txiroenei.
Sobiet Batasuna oroimenean
Gogoan izan behar dugu ere Afrikako leku askotan oso eskertuta daudela oraindik Sobiet Batasunak eman zien laguntzarekin inguru hauetan Askapen Nazionalerako Mugimenduek gogor borrokatzen zuten bitartean. Mesede haiek jaso zituzten belaunaldiak orain boterean daude, Gobernuburu, Kanpo Harremanetako Ministro edo Finantza Ministroak direlarik. Hauek denak orain Errusia aspaldiko lagun gisa hartzen dute. Indian ere antzeko sentimenduak daude. 1971n, Bangladesheko askapen-guda bitartean, AEBek Seigarren Flota bidali zuten India mehatxatzeko eta Indiak Sobiet Batasunarengana jo zuen adiskidetasun-tratu bat sinatzeko. Gaur egun Gobernu eskuina dago Indian, baina esana du ezin duela Errusia bazterrean utzi behartuta egon zenean lagundu egin ziolako.
Burkina-Faso eta Mali
Frantziak berriki porrot estrategikoa jasan du Burkina-Faso eta Malin eta etorkizun zaila du Nigerren eta Beninen. Gobernu hauek presio handia jasaten ari dira beren herritarrak Burkina-Faso eta Maliri begira daudelako eta militar gazteak herritarren mesederako ari direla ikusten ari direlako. Frantsesei ez direla ongi etorriak esaten diete. Herrialde txiki horien garaipenak esanguratsuak dira eta ez dirudi Blinkenen gestioak emankorrak izanen direnik. Etiopiak jarrera antiinperialista tinkoa garatu du Mendebaldearekiko Tigraiko herriaren aurkako gudagatik. Nigerren ere gauzak zail dituzte estatubatuarrek eta frantsesek, nahiz base militarrak eta uranio mehategiak dauzkaten. Hemen ere militar gazteak ez daude mahaia mendebaldarrekin partekatzeko prest.
AEB Estatu bat gehiago munduan
Zer eginen du Mendebaldeak? Mundu osoan zehar 50 guda gehiago, bere diziplina inposatzeko? Hori ez da gertatuko. Mendebaldeak hamarkadatan izan duen hegemonia amaitzekotan dela ulertu behar du eta herrialde multzo bat gehiago besterik ez dela. Amerikako Estatu Batuak herrialde bat gehiago dela munduan dauden 195en artean.
Menbebaldearen gainbehera Menbebaldearen gainbehera Menbebaldearen gainbehera
Erronka bat Joanmari: ezetz gauza izan “Mendebaldearen gainbehera” esateko plazerreko hasperenak egin gabe.
Onartzen dut Mendebaldea gorrotatzen duen jendea egotea, artikulu hau sinatzen duen jauna bezala. Ulertzen ez dudana da zer ostia egiten duten oraindik hemen bizitzen eta zergatik ez doazen Errusia, Ipar Korea edo hainbeste miresten duten horietako paradisu batera.
Baina zuek non daukazue burua? Oraindik ez zarete ohartu hor esaten diren guztiak idazle horrenak direla eta ez nireak? Nik ez dut nire iritzi bakarra ere azaldu. EA espabilatzen garen, jaunak.
Idazlea atakatzea baino argudio hoberik ez daukazue, orgasmix eta reagan? Debatitzea bera eragozten duzue. Daukazuen iritziaren alde, arrazoirik ez?
“Dikiziin iritzirin ildi, irrizirik iz?”
Ze arrazoi nahi duk, Ziriñe maitia, Trump aldeko “kazetari” gezurtero faxista baten lana, militar pederasta baten analisia …? Zeren hori duk maila.
Propaganda Putinzaleak mespretxu besterik ez dik merezi eta.
Reagan jauna, Vijay Prashad indiarra da, ez da Trumpista, ez da gezurtia, ez da faxista, ez da militarra eta ez eta pederasta ere. Idazlea da, burutsua, baieztapenak arrazoitzen dituena. Baina batzuek nahiago izaten duzue telebistak esaten duenarekin itsu-itsuan gelditu. Pena.
Beloki jauna: Vijay Prashad ez da faxista gezurti bat, baina Tucker Carlson bai eta zuk bere mezua zabaltzen duzu. Vijay Prashad ez da militar pederasta bat baina Scott Ritter bai eta zuk bere mezua zabaltzen duzu. Ez bazara Putinzale Mendebaldeko gorrotatzaile amorratu bat, bazarela pentsatzeko motibo dezente eman dituzu eta horrek bai ematen du pena.
Reagan jauna, ilargia erakusten duen behatzari begira geratzen den horietakoa haiz, ilargiaren edertasuna galduta. Mezuari erreparatu beharrean mezulariarekin geratzen haiz, arrazoi duen ala ez kontutan hartu gabe. Carlson eta Ritter egia handiak esaten ari dira aspaldi honetan eta hi, esaten duanagatik, denak ari haiz galtzen probetxurik atera gabe. Pena.
Tucker Carlsonen perla batzuk: Donald Trumpek hauteskundeak irabazi zituen eta iruzur bat izan zen Bidenen garaipena; aldaketa klimatikoa ez da existitzen, George Sorosen asmakizuna da; gaur egun Estatu Batuetan etorkin ilegalek estatubatuarrek baina haur gehiago dituzte berauek ordezkatzeko plan bat baitago…
Eta tipo hau oraingo honetan sinesteko eskatzen diguzu. Mesedez Beloki jauna tontotzat hartu al gaituzu?
Ukrainako gudaren inguruan ari nauk. Zer bizi daramaten eta beren bizian zehar esan dituzten guztiak ez dizkiat kontrolatu.
Tucker Carlson zaborra da. Ez nioke ezta ordua ere sinetsiko.