Meatzariak ere samien lurrei so dira, Europako lur arraro hobi handiena bertan dagoelako
Meatzariak ere samien lurrei so dira –
Duela hilabete guti, Europako lur arraro hobi handiena aurkitu dute Suediako iparrean, Kiruna herrian. Herri hori jadanik ezaguna zen munduko burdin meategi handienarengatik. Gaur egun, urtean 27,5 milioi tona burdin mineral ateratzen dira bertatik. Meategiaren zain nagusiak lau kilometroko luzera du, 80 metroko zabalerarekin, eta horren inguruan ehundaka kilometroko meazuloak eraiki dituzte. Denboran zehar Kirunako burdin meategia hainbeste garatu dela eta, hiriaren oinarriak, literalki, jaten hasi dira, arrokak zulatzearen ondorioz. Horren ondorioz 2004an herria deslokalizatu beharko zela erabaki zuten, hortik pixkanaka kilometro batzuetara berreraikitzeko.
Antzeko garapena irudika dezakegu aurkitu berri duten lur arraro hobi honekin. Bertan aurkitu diren lur arraro mineral nagusiak dira praseodimioak edota neodimio oxidoak –hots, ibilgailu elektrikoen edota haize erroten eraikitzeko behar diren baterien osagaiak–. Hobiaren edukia milioi bat tona dela ebaluatu dute. Zenbakiak handia dirudien arren, kopuru xumea da 120 milioi tonako mundu mailako baliabideekin alderatuz. Halere, Europa mailan hobi handiena da, eta horren jabea den LKAB enpresak bere prentsa agirian berri ona dela dio, ez bakarrik konpainiarentzat edo Suediarentzat, baizik eta Europarentzat eta klimarentzat ere. Klimari dagokionez, bederen, ez da baitezpada hala izanen: historian zehar, energia iturri berriak erabiltzen hastearekin ez da inoiz aurreko iturrien erabilpena utzi, Jean-Baptiste Fressoz tekniken eta ingurunearen historialariak erakutsi bezala. Horren ondorioz, energia berriztagarriei buruzko faltsuzko ilusioak baztertzera deitzen du: berriztagarriek fosilak ordeztu beharrean, litekeena da gehitzea, eta beraz klimaren arazoa konpondu gabe geratzea. Aldiz, Europari dagokionez, meategi berri horrek balio estrategikoa izanen duela ezin uka. Europar Batasuneko merkatu komisario Thierry Bretonek iaz zioen “litioa eta lur arraroak laster petrolioa eta gasa baino garantzitsuagoak” izanen direla.
Bi ereduren talkagunea
Meategia hemendik 10-15 urte arte ez dela martxan jarriko irakurri daiteke LKAB enpresaren agirian. Baliabidearen aztertzeaz eta ustiapen plana egiteaz aparte, ingurunean izan daitezkeen kalteak ebaluatu behar dituzte ere, ondotik, kalte horiek saihesteko edo konpentsatzeko neurriak pentsatuz eta martxan ezartzeko gisan. Hala ere, agiri berean Suediako autoritateei dei egiten die prozesua azkartu dezaten, baliabide horren garrantzia kontuan harturik. Oroitarazgarria da 2022ko hauteskundeen ondorioz Suediako gobernuak ez duela gehiago ingurune ministeritzarik.
Klima argudiotzat hartzea ingurunea bigarren planora bultzatzen saiatzeko, datozen hamarkadetako joera indartsua izan daiteke Fressozen ustez. Hain zuzen, Kirunako meatzeak ez dio hiriari bakarrik kalte egiten, inguruko ekosistemei ere eta bertan bizi diren Samien jarduera tradizionalei –batez ere elur-oreinaren abeltzaintza transhumanteari–. Suediako Sami Konfederazioak eta Gabna Sameby herriko elur-orein hazleen elkarteak salatu dutenez, Suedia lotsagabe dabil materia “berdeen” ehizan, eta Sami herria ikusezina bihurtzen du. Meategi horrek alhabide gune tradizionalak erdibitzen ditu, bien arteko pasagune estuan kokatua baita, eta estuago bihurtuko da meategia gehiago zabaltzen bada eta garraiobide berriak gehitzen bazaizkio. XX. mendean zehar garapen industrialak Samien lurrak jan zituen, alhabide eta transhumantzia bide batzuk uztera behartuz. Karin Kvarfordt Niia Gabna Sameby herriko bozeramaileak dio alhabideez aparte aintzirek ere meategiaren kalteak pairatu dituztela, eta bertako arrainak ezin direla gehiago arrantzatu. Lur arraroei dagokienez, lurpetik atera baino materiala lortzeko bertzelako moduak ikertu beharra azpimarratzen du, hala nola Kirunan 130 urtez pilatu diren burdin mineralaren zaborra birprozesatzea. Bere hitzetan, “zer da berdea? Zerk geldituko du klima aldaketa? Lurpetik burdin eta lur arraro gehiago ateratzeak edo lur gehiago ez kutsatzeko ekosistema gehiago ez kaltetzea xedetzat hartzeak?”. Greta Thunberg klimaren aldeko militanteak ere argi du: erregai fosilen ustiapen neurrigabea uzteak ez du erran nahi berriztagarriak neurrigabe ustiatzen hastea. Mezu hori zabaltzeko joan zen Samiekiko elkartasunez.
Dependentzia batetik askatu, zein preziotan?
Txinan dagoen Bayan Obo meategian aurkitzen da munduan ustiatzen den lur arraro baliabidearen %60a, eta Txina nagusi da ere mineral horien ustiapenean, oraingoz egoera ia monopolikoan egonik. Adibide esanguratsua da 2021ean Europar Batasunean erabili ziren lur arraroen %98 Txinatik inportatu zirela. Aldaketa beharrezkoa dela dio Ebba Busch Suediako energia ministroak, Europa bertze herrialdeei – eta batez ere Txinari – dependenteegia delako materia horiei dagokienez. Mineral horiez gain, ongarriei dagokienez Kirunako hobi berriak argudio bat gehitzen du: lur arraroekin batera, Europak behar duen fosforoaren laurdena dauka, ebaluatu dutenez. Kanpoko herrien menpekotasunetik atera beharraz gordinki ohartu zen Europa iaz, luzaz oinarrizko baliabideak hornitzen zizkioten industria kutsatzaileak bere mugetatik urrun zeudela: lur arraroak, erregai fosilak, ongarriak, gurean baino ingurune arau askoz lausoagoak dituzten herritatik prezio merkean inportatzen genituen. Bayan Obo meategia dagoen Baotou hirian, Mongoliarekiko mugan, normala baino 32 bider handiagoa da erradioaktibitate maila (konparaketarako, Txernobylen 14 bider da) eta minbizi asko lur arraroen prozesatzeari lotuak direla susmatzen du Txinako Greenpeace taldeak.
Funtsean, Kirunako meategi berriaren proiektuaren inguruan jasangarritasunaren bi aurpegik talka egiten dute. Meategiaren promotoreen ikuspegitik, dena errazago litzateke Samiek ez balute haien bizimodu tradizionala atxiki nahi, eta horren ordez hobetsiko balute ibilgailu elektrikoaren mundua. Samien ikuspegitik, garapen industrialak mehatxua izaten jarraitzen du, zeharka –klima aldaketaren bidez– edo zuzenean –meatzearen bidez–.
Bietarik jasangarriagoa zein den argi bada ere, gizarte mailan desazkundea onartzeko prest ote gara?
ARGIAn argitaratua