Saamiak gara behelaino artean

Saamiak gara behelaino artean

Eskandinabiako estatuak albistegietan agertzen ez diren herrialde horiek dira, eta azaltzen direnean zerbait ona kontatzeko izan ohi da; ez da hori idatzi honen kasua, kausa. Datu gehienak Cedric Gouverneur kazetariak bildutakoak dira, Le Monde Diplomatique egunkariarentzat.

Saamiak gara behelaino arteanSaamiei “lapoiak” edo “laponiarrak” esaten zitzaien, edo zaie, gutxiesteko, izen peioratiboa izaki. Gehienok saamien lurraldea “Laponia” izenez ezagutzen dugun arren, bertakoek “Sapmi” deitzen diote. Saamiak 50.000-65.000 lagun inguru dira Norbegian, 20.000-40.000 Suedian, 8.000 inguru Finlandian eta 2.000 Errusian. Herri bat estatu ezberdinetan zatituta egonez gero beti izango da herri horren kaltetan, eta saamiei, besteak beste, beraien bizimodu nomadan ere eragin zien: Norvegiak 1905ean lortu zuen independentzia (Suediarengandik), eta Finlandia duela ehun urte bereizi zen Errusiarengandik, Sobietar Batasuna bihurtu zenean.

Sapmi meatzaritza lurralde bilakatu zuten aspaldi. Europak munduko burdinaren %20a kontsumitzen du, baina %4a soilik ekoitzi; kantitate txiki horren %90a Norrbotten (Suedia) izeneko konderritik ateratzen da. Saamiek protesta gogorrak egin zituzten mina gehiagoren irekiera oztopatzeko, tartean akanpalekuak, poliziak kanporatu zituen artio.

Badu sona suediarren ongizate estatuak, edo bazuen, bederen, eta behin entzun nuen tesi honek indarra hartzen du horrelako argudioekin. Zer da (zen) ongizate estatua? Europa kapitalistak II. Mundu Gerraren ondoren sortutako koiuntura sozioekonomikoa, Sobietar Batasuna indarren zegoen bitartean europar langileriaren zati handiena eroso bizi zedin, buruhauste gehiegirik gabe, behintzat, iraultza aukerak minimizatzeko. SESB 1991an disolbatu zen, Maastricheko Ituna sinatu, eta benga, liberalizatu, pribatizatu eta ongizate estatua ezabatzera, bere izateko arrazoia desegin baitzen. Hasieran pixkana, eta ondoren abiadura biziaz; izan ere, etxe batera lapurreta egitera sartzen zaren lehen aldian kontu handiz ibiliko zara, baina bertakoak egun osoan narkotizatuta daudela ohartuz gero, geroz eta gehiago sartuko zara geroz eta tentu gutxiagorekin. 1992an Suediako Gobernuak “mineralen legea” onartu zuen, atzerriko konpainiei minak ustiatzeko gonbitea eginez. Suediak 16 mina dauzka aktibo gaur egun; 2030ean 50 izatea aurreikusten du gobernuak. Mina haietatik min hauek.

Saamiak gara behelaino arteanMinaren aferak bereziki eragiten dien herrietako alkate askok ez dute ezer jakin nahi minak gelditzeari buruz, kontrakoa; eta bertako jabe handien presidentea (saamia) primeran eramaten da lurraldea ustiatu nahi duen enpresa ingelesarekin (Beowulf).

Saamiek badituzte beraien legebiltzarrak, bakoitza estatu batean, noski; Sametinget deitzen diote Suedian, baina antzekoak daude administrazio ezberdinetan. Parlamentu honetako bozeramailea, Marie Enoksson, hau esandakoa da: “Ez tronpatu. Sametingetak ez dauka botere errealik; iritzia eman dezakegu, baina Estatuak ez dauka zertan bete guk esandakoa”. Hala ere, bere existentzia babesten dute, “hainbat konpetentzietan aurrerapausuak emateko aukera eskaini digulako, hizkuntzaren gaian bereziki”.

Zeren eta hizkuntza, saamia, gutxietsia, zapaldua eta baztertua izan da. Suediako eskoletan saamieraz hitz egiten zuten haurrak zigortzen zituzten, eta gurasoak askotan ezin zuten irakasle eta zuzendariekin hitz egin, ez zekitelako suedieraz. Saami askok, testuingurua zein zen ikusita, beraien seme-alabei hizkuntza ez irakasteko erabakia hartu zuten. Gaur egun saamien %40-45ak hitz egiten du saamiera.

Nazio Batuen arabera, lau irizpide hartu behar dira kontutan herri bat “autoktono” gisa sailkatzeko:

1.- Kolonizazioaren aurretik bertan bizi zirenen ondorengoak izan behar dira.

2.- Bere praktika ekonomiko eta kulturalek lotura sendoa mantendu behar dute lurrarekin.

3.- Gutxiengoa izaki, marjinazio ekonomiko eta politikoa jasan behar dute.

4.- Herriak bere burua “autoktonotzat” jo behar du.

Dirudienez, NBE-rentzat saamiak dira Europan gelditzen den “herri autoktono” bakarra. Agerikoa da 3 milioi euskal herritarrak ez direla lau puntu horien barruan sartzen; agerikoa den moduan euskal herritar askok betetzen dituztela lau puntu horiek edota lau puntu horietako batzuk (lehen puntuari balioa kultura, hizkuntza eta kosmobisioaren ikuspegitik emango nioke, ez odoletik, bistan dena).

Egin froga, eta “saami” diodan tokian “euskalduna” jarri, eta hizkuntzaren lekuan “euskara”; “Sametinget” beharrean “legebiltzarra”, “elkargoa”, “parlamentu forala”; “laponiar” kendu eta ipini “borono”; “Laponia” ezabatu eta “vascongadas” idatzi; beren lurra eta herria saltzen duten enpresariak. Berriogoiti eta Berriobeiti, bietan gosea beti. Suedia, Norvegia, Finlandia eta Errusia beharrean, Espainia edo Frantzia; “Sapmi”-ren ordez Euskal Herria.

Nazio Batuen Erakundeak nahi duena esango du. Saamiak gara behelaino artean.

Saamiak gara behelaino artean

Saamiak gara behelaino artean
Errusia, Euskal Herria, euskara, Finlandia, jatorrizko herriak, maastrich, meatzaritza, mina, minak, nazio batuak, nazio batuen erakundea, NBE, neoliberalismoa, norbegia, pribatizazioa, saami, saamiak, Saamiak gara behelaino artean, sami, samiak, sapmi, sesb, Suedia
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude