Malvina Uharteen auzia berriz zabaldu da, gerra amaitu eta 30 urtera. Zer gertatu zen?
Latinoamerika eta Karibeko gobernuek Malvina Uharteetako itsasontziei porturatzea debekatu diete. 1982an gerra amaitu zenetik, Erresuma Batua da de facto Malvinen jabea. Zergatik lur bakarti horien jabetza bihurtu zen gerra patriotiko?
Britainiarrek Falklands Uharteak deitzen diete Londresetik 14.000 kilometrora duten lur eta itsaso jabetzari. Argentinak ukatu egiten du irlen nagusitasun britainiarra. Nazio Batuen Erakundearen arabera, deskolonizazio prozesua gauzatu behar den lurraldea da; 3.000 biztanle ditu.
Azken hilabeteetan, Cristina Fernandezen gobernuak presioa areagotu du uharteen “okupazioa” amaitzeko. Erresuma Batuen erantzuna argia izan da: froga militarrak areagotu dituzte eta Guillermo printzipea bertaratu zuten. Fernandezen elkarrizketarako deiak ez du erantzun baikorrik izan.
Baina, Amerika Latinoko gobernu ezkertiarrak erabaki irmoak hartzen hasiak dira Fernandezen jarrera babestuz. Hala, Ekuador, Bolivia, Brasil, Kuba, Venezuela edo Nikaraguak debekatu egin die Falklands Uharteetako bandera duten barkuei portuan sartzea. Neurria “sinbolikoa” da hein handi batean, adituen ustez.
Garaiko Aurrekariak: Videla eta Tatcher
1980. hamarkadan Argentinan Berrantolaketa Prozesu Nazionala -diktadura militarra- azkenetan zegoen. Estatu Terrorismoan oinarritutako errepresio politikoak goia jo zuen urte horietan. Jorge Rafael Videla diktadorearen ondorengoek ezin zuten Junta Militarraren botereari eutsi. Eguneroko arazo sozial, ekonomiko eta politikoak ezkutatze aldera, eta argentinarrak batzeko asmoz, ikuskizun masiboak eskaini zitzaizkien argentinarrei, adibidez, 1978 urtean Munduko Futbol Kopa antolatu zuten –aise irabazi ere-.
Margaret Tatcher Erresuma Batuko Lehen Ministro izendatu zuten 1979 . urtean. Erresuma Batuan garai latzak izan ziren: meatzarien grebak, Long Kesh kartzelako gose grebak eta kale istiluak aurrez bizi gabeko tentsioa eragin zuten herrialdean. Protestekin akabatzeko hartu zuen jarrera gogorrak -poliziaren jarreragatik, baina baita deialektika irmoagatik- “Iron Lady” ezizena eman zion. Tatcher-en politika ekonomiko neoliberalak, besteak beste, industria publikoak esku pribatuen eskuetara pasa zituen. Langabeziak markak hautsi zituen eta gizarte babeserako laguntzek lurra jo zuten. Lehen Ministroaren ospea gainbeheran zen.
Gerra patriotikoa
1832an Britainiak eskuratu egin zituen lur horiek. 150 urteren ondoren, 1982. urtean, Malvina Uharteak ia utzita zeuden. Gero eta soldadu britainiar gutxiago zegoen eremu horretan.
Argentinako Junta Militarrak egoera baliatu nahi izan zuen; lurraldetasun afera hartu zuen aitzakian: Argentinako protesta sozialak estali nahi zituen herritarrak helburu patriotikodun gerraren babesean batuz. Hala, Argentinak uharteak berreskuratzeko ahalegina egin zuen Rosario Operazioa abian jarriz, 1982ko martxoan. Alferrik izan zen. Hasiera batean Argentinarrak uharteak kontrolpean izan zituzten -britainiarrek apenas zuten eraso bati erantzuteko soldadurik- baina, Britainiarrak ez ziren kikildu. Egun gutxian milaka soldadu, itsasontzi eta hegazkin mugitu zituzten Britainia Handitik Malvina uharteetara.
Argentinarrak zapaldu egin zituzten. 700 soldadu hil ziren; britainarren artean, 300. Argentinarrak makurtuta itzuli behar izan ziren haien bizilekuetara. Erresuma Batuko soldaduak garaipenarekin itzuli ziren etxera.
Aberriaren aldeko gerra izan zen bi aldeentzat. Interes ekonomikoak egonagatik -lehengaien ustiaketaren etekinak dakartza, petrolioa tartean, eta Antartikako lurren jabetzarekin zerikusia izan dezake-, herritarrengan eragin patriotikoa eta bateratzailea lortu nahi izan zuen. Itotzear ziren bi agintarientzat flotagailu bakarra zegoen: Malvina Uharteetako gerra irabaztea.
Ondorio politikoak
- Margaret Tatcher-ek 1983an hauteskundeak irabazi zituen. “Malvina efektuak” izan zuen garaipenean eragina, alegia, Britainia Handiaren aldeko nazionalismoa puztu zen. Tatcher-en onarpen-maila ondoratuta egotetik sekulako ospea lortzera igaro zen.
- 1983an hauteskundeetarako deia egin zuen Argentinako Junta Militarreko buruzagi Reynaldo Bignonek. Alfonbra azpian ezkutatu zuten gerra pasarte hura. (Iluminados por el Fuego filma, oso gomendagarria)