Lur zatia
Lur zatia
Nerea Ibarzabal Salegik Bizkaiko Hitzan.
Gizonak badu inguru latz bat menderatzeko premia, gizonak badu lehendik hor zegoena berak deskubritu duela esateko ohitura, gizonak badu berak deskubritutakoari bere izena jartzeko beharra. Halaxe egin zuen Ameriketara zeharo galduta iritsi zenean, eta halaxe egin du gerora ere beste hainbat gerra motatan.
Orduko konkista odoltsuaren berme gisa irauten dute europar —eta, noski, euskaldun— askoren abizenek kaleetan, hirietan, pertsonengan. Memoria diseinatzeko modu eraginkorra da; nahi adina kritikatuko dira zure ekintzak etorkizunean, nahi bestetan aldatuko dute gobernuz, baina zure izena bistan eta bizirik egongo da beti, ttak, hortxe, irabazlearen izena. Eta hain darabiltzagu naturalki izenok, hainbeste higatu du denborak iragana, non betidanik lekuak horrelaxe deitu izan direla sinesten dugun.
Gizonen lana jakintza dugu, jakintza oro da baliotsuago gizonena bada, osasungintza adibidez. Emakumeen gorputzak ere lur emankorra izan dira konkistarako, mapa zuriak, aurkitzaileek nahi dutena bistaratzeko edo ezkutatzeko. Edo ez al dituzu ezagutzen zure barruko kaleen izenak? Falopioren tronpak, Skeneren glandulak, Bartholinorenak, G puntua… begira zenbat gizon sartu zaizkigun kuleroetan!
Akaso ez dizu gehiegi axola izango, ez baitituzu organo horiek egunero aipatzen, ezta ikusten ere. Normala da. Baina gutxienez jakin beharko genuke nortzuk izan ziren gure gorputzen konkistako galtzaileetako batzuk. Alabaman, Sims izeneko ustezko mediku batek emakume beltz esklaboak erabili zituen jakintza ginekologikoaren aurrerapenaren izenean. Anestesiarik gabe operatzen zituen, “barkuetan animalien eran ekartzen zituzten” gorputz beltz haiek sentsibilitaterik gabekoak zirela sinetsita, eta baginako operazioak, “txikikeria” bat.
Torturatu zituen emakumeei irakurtzea eta idaztea debekatzen zitzaienez, Sims medikuaren egunerokoaren bitartez eman zen ezagutzera Anarcharen, Betseyren eta Lucyren historia. Fistula rektobaginala zutelako iritsi ziren Simsen eskuetara —hori erditze konplikatuek, bortxaketek… eragin dezakete, besteak beste—. Bost urte pasa omen zituzten gizon haren ospitalean sartuta, beste emakume batzuekin batera, etengabeko operazio eta froga mingarriak pairatzen. Anarcha izan zen luzaroen eutsi ziona: 30 operazio gutxienez.
Ez da ageri beraien izenik gorputzen mapa ofizialetan, baina kaleekin egiten den bezala —gutxiegitan oraindik—, izenak aldatuko bagenitu? Mugimendu feministetan Anarcha glandulak aipatzen dituzte, esaterako, Skene glandulen ordez —gizon hori Sims doktorearen jarraitzaile sutsua omen zen—. Eta Bartholinoren aurkikuntzari Betsey eta Lucy glandulak deitzea? Ederra, ezta? Gorputzak deskolonizatzea deitzen zaio horri.
Agian txorakeria bat irudituko zaie batzuei, “txikikeria”, eta agian ez dute inoiz glandula horiek aipatu beharrik ere izango. Baina nik badakit noren sinadurak ez ditudan nahi nire okelan, eta saiatuko naiz defendatzen geratzen zaidan lur zati bakarra.