Lehen harri-diruak ziren, gaur zentral eolikoak
Lehen harri-diruak ziren, gaur zentral eolikoak –
Gogoan dut bihotz oneko sotanadun fraide hura motorrean nola bili ohi zen baserriz baserri harri edo tamaina handiko txingor zaparradarik bota ez zedin, bere sandalia eta poltsarekin harri diruak biltzen. Zeren harria edo txingorra egin izan zuen inoiz baserrietako teilatuak erabat txikitzeraino, modu beldurgarrian. Nork ez zuen diru apur bat emango hura errepika ez zedin? Nork bekaturik egingo ordaina hura izan bazitekeen?
Naiz eta fraide haren edo bere komentu osoaren errezoen eragina eguraldian dogma edo fede kontua soilik izan.
Barre egin dezakegu orain hura sinetsi zutenengatik, gutaz barre egingo duten gisara jakitean nola manipulatuak garen gaur klima eta eguraldi kontuekin.
Gaurko mehatxuari larrialdi klimatikoa deitu diote, berotze globala ere, eta orain ere gu gara bekatariak. Gure CO2 isurketak, erregai fosilen erabilera, petrolioa edo gasa erretzea eta guztia neurrigabean gainera; horiek omen dira iragartzen diguten infernuaren eragileak (ikusi telebistako eguraldi iragarleen atzeko pantailetan kolore gorri berri hori). Ondorioz, gu bekatariok beharrezkoa dugu eurek txanponak inbertitu dituzten negozioetan dirua gastatzea, negozio horiei gure mendiak, gorputzak eta buruak ematea, bestela infernu gorrian erreko bai gara. “Zer aukera dugu bestela?” entzuten da kalean herritarren ahotik, “ez dugu beste irtenbiderik ” : Trantsizio energetikoa da gizakion nahitaezko onbidea.
Kontua da ordea auto elektrikoan doanak, bizikletan edo oinez (bekatuan erori gabe), gasolinazko autoan doanak bezala (bekatuan), klima aldaketari egiten dion eragina fraide haren errezoek egiten ziotenaren tamaina berekoa dela dirudienez, edo hari dirua ematen zionaren adinakoa, borondate onenarekin eginda ere. Atzean dagoen negozioa berbera izanik. Herritarrak beldurrez airean jarri eta komeni zaien lekura bideratu (trantsizio energetikoa da giza-bidea …) Bere buruaren jabe izan nahi duen oro otzandu, patrikak hustu arazi eta engainatuaz. Lehen sotana eta sandaliaz motorrean zetorren fraide soil hura nork lotuko zuen atzean zuen negozioarekin? Eta gaur nork aberriaren alde dena eman nahi izan duena herria saltzearekin? Alkandora karratuzkoarekin eta bizarra kentzeko betarik gabe dabilena, Black Rock inbertsio funtsarentzat lanean ari dela nork pentsatuko? Ezta berak ere ziur aski.
Bada jakin beharko genuke jada nire ustez, klimak bere bidea daramala, gu gizakiok egiten duguna egiten dugula ere, gu planeta honetan izan edo ez izan, bizikletan ibili edo lanroberran joan. Eguratsean CO2aren kontzentrazioak planetaren historian inoizko baxuenak omen direla eta honek ez omen duela inolako eraginik klima beroagoa edo hotzagoa izatean. Poloen azaleraren hiru laurdenak urtero urtu eta izozten direla, urtetik urtera alde handirik gabe. Alpeetako glaziarrek gorabera handiak izan dituztela azken hamar milla urtetan, orain 2000 urte bertan basoak zirela adibidez. Aldaketa klimatikoa fenomeno naturala dela eta beti izan dela eta izango dela. Eta iragartzen diguten larrialdi klimatikoa, trantsizio energetikoa eta berotegi efektua, dogma eta asmakeria hutsak besterik ez omen direla, gu eurek nahi duten bidetik eramateko, gu burujabe egin ordez burugabe izateko.
Norbaitek baldin badio zientzialariek eta azterketa zientifikoek beste zerbait diotela, jakin beza badirela nahi beste zientzialari eta azterketa zientifiko aurkakoa diotenak. Nekez ikusi eta entzungo ditugunak ordea, batzuek nahi bezala gezurretan aritzeagatik diruz ongi bustiak diren komunikabidetan. Horietan zentsuratuak eta baztertuak bai dira txanponak ugaltzeko baliagarri ez diren aho guztiak.