Maiatzak1. Langileon Europa eraikiz, apurtu kapitalaren Europa!
Maiatzak1. Langileon Europa eraikiz, apurtu kapitalaren Europa! –
Gaur, maiatzaren lehen honetan, beste behin, langile klasearen askapen borroka aldarrikatzeko beharrean aurkitzen gara. Kapitalaren eta bizitzaren arteko lehia batean aurkitzen gara, langile klasearen bizitza salbatzeko modu bakarra sistema kapitalista heteropatriarkal eta inperialista suntsitzea baita.
Urte honetan zehar asko izan dira kapitalak egindako sarraski ekonomiko eta politikoak, COVID 19aren aitzakiapean abiarazitako ofentsibaren baitan. Burgesiak bere kapitala handitzeko beharrezkoak dituen tresnak zorrozten jarraitzen duen bitartean, langileriaren sektore zapalduena lanean esplotatzen jarraitzen du, etxeak lapurtzen jarraitzen du, kalean bizi dugun kontrol soziala areagotzen jarraitzen du eta abar luze bat. Hau da Europar Batasunaren menpe bizi garen langileon egoera orokortua.
Maiatzaren lehen honetan, Askapenatik, ekarpena egin nahi diogu langile mugimenduari, herri langilearen interesen defentsan, Europar Batasunaren aurkako borroka bere baitan kokatzen jarrai dezan. Europar Batasuna, Europako burgesia transnazionalak bideratutako proiektu politikoa da, eta bere interesak aurrera ateratzeko sortu zen. Beraz, ez die inoiz langile klasearen beharrizanei erantzungo. Alderantziz, interes hauen aurka egingo du etengabe. Azken urtean egondako aldaketa ekonomikoari aurre egiteko “Next Generation” izenpean egindako diru laguntzak, langileriaren aurkakoak direla ozen esan behar dugu, langileon bizi baldintzak hobetzetik oso urrun daudelako, burgesiaren eta transnazional handien poltsikoak betetzera bideratuak baitaude. Hortaz, langile klasearen interesak defendatu eta burujabetzarako bidea zabalduko duen edozein proiektuk, Europar Batasunarekiko kritika argia izan beharko du bere baitan ezbairik gabe. Horregatik, datorren maiatzaren 9an, faxismoaren aurkako garaipenaren egunean eta paradoxikoki Europar Batasunak Europako eguna ospatzen duen egunean, EBren izaera autoritario eta zapaltzailea salatuko dugu bere burua legitimatzeko eta zuritzeko erabiltzen duen egunean.
Horregatik kapitalaren Europarekin bukatzeko borondatea dugu eta Europar Batasunarekin bukatzea dugu helburu, langileon Europa eraiki nahi dugunontzat ezinbesteko pausua izango baita kapitalaren tresna hau eraistea. Beraz, zentzu honetan, dei egiten diogu Euskal Herri langileari Europar Batasunaren kontrako borrokara batzera. Honek bakarrik zabalduko baitizkigu gure interesak defendatzeko aukerak. Horretarako, ezinbestekoa dugun herrion arteko elkartasunetik haratago, gure interesak defendatuko dituen antolakuntza bultzatzen jarraituko dugu.
Gora munduko langileria! Gora Euskal Herri langilea!
Gora maiatzaren lehena!
Langileon europa eraikiz, apurtu kapitalaren europa!
Maiatzak1. Langileon Europa eraikiz, apurtu kapitalaren Europa!