[Kurdistan VIII] Islamizazioa

Islamizazioa –

Iñaki Etaio (Bakur-rerako Euskal delegazioaren kidea; 2018ko udaberria)

Bakur (Kurdistango iparra, Estatu turkoaren okupaziopean) bisitatzeak eta pertsona eta erakunde politiko eta sozial askorekin mintzatzeak herri honen errealitatera hurbiltzea ahalbidetzen du. Hara heldu berri izandako lehenengo sentsazioa, egunetan zehar eta elkarrizketa formal zien informaletan zehar berresten dena, honako hau da: herri kurdua existitu nahi ez duten herria da.

Islamizazioa
Meskita Adiyaman probintziako herrixka batean.

 Islamizazioa. Minarete gehiago proiektu sozial atzerakoia habetzeko.

Hezkuntzaren zelaian beste borroka batzuk daude jokoan Kurdistanen. Horietako bat, halabeharrez, hizkuntzarena da. Hizkuntza kurdua gune publiko eta administratibo guztietatik kanporatua izan bada ere, PKK eta gobernua elkarrizketetan zeuden bitartean hizkuntza honen kontrako presioa arindu zen zertxobait. Izan ere, hizkuntzarena PKK-k mahai gainean jarri zituen eskarietako bat izan zen. Momentu horretan gehiengo kurdua duten hiri batzuetako eskoletan kurduaren presentzia oso murriztua onartu zen. Elkarrizketak apurtzeak bertan behera utzi zuen aurrerapen apal hori. Hala eta guztiz ere, ez zen horretan geratu. Kurdu hizkuntza irakasten arituak ziren irakasle askok beste herrietako eskoletara aldatuak izango liratekeelako jakinarazpena jaso zuten. Estimatzen da mila irakasle inguru Estatu turkoaren mendebaldera lekualdatuta izan zirela 2017. urtean. Ceylan-ek bere nebaren kasua kontatzen digu, bizi eta lan egiten zuen Amed hiritik ehunka kilometrotara dagoen hiri batera bidalita. Abbas-ek ere egoera honetaz hitz egiten digu, sindikatuko afiliatu askok ere pairatu izan baitute. Badaude irakasle bikoteen kasuak non bakoitza leku batera bidalita izan den. Abbas-ek aipatzen digu ere atxikitze-toki berrian pairatzen duten etsaitasuna. Izan ere, “terrorista” etiketarekin heltzen dira kurduen kontrako sentimendua biziki elikatuta dagoen Kurdistanetik urruneko hiri eta herrietara. Adibidez, Estatuaren mendebaldeko herri batera aldatutako 14 irakasleek heriotza-mehatxuak jaso zituzten. Sindikatua, bere tokiko atalen bidez, irakasle hauek laguntzen eta babesten saiatzen da, kurduaren estigmatizazio bortitzaren giroan batere erraza ez dena.

Estatu turkoaren hezkuntza sistema beste borroka baten zelaia da ere, laikotasuna eta islamizazioaren artean. Estatuaren laikotasuna proiektu kemalistaren ikur nagusietako bat izan bazen ere, AKP-ren uholde ultrakontserbadore, ultranazionalista eta islamizatzailea eremu guztietara hedatu da, hezkuntza barne. Islama zonaldean dago duela mende askotatik eta kurduen baita turkoen erlijio nagusia da. Hala ere, AKP boterera heldu zenetik islamizazioa Estatu politika bihurtu da. Izan ere, saiakera irmo eta bistakoa egiten ari da erlijio musulmanak jendartean gero eta presentzia gehiago izateko. Bakur-reko edozein hiritik pasatzean deigarria da meskiten kopuru handia, haietako asko berriak edo eraikitze prozesuan, askotan nekez ehunka metro urrun bata bestetik. Landetatik pasatzean ere bitxia egiten da herrixka oso txikietan meskita handiak ikustea, biztanle guztiak joan arren beteko ez liratekeenak. Hiri-profila marrazten duten minareteek eta eguneko momentu zehatz batzuetan megafoniatik zabaldutako otoitzek Islama nonahiko bihurtu dute Estatuaren eremu osoan, bere identitate sinboloetako bat bilakatuz. Estatuak egindako erlijioaren instrumentalizazio honek musulman batzuk meskitetara joateari uztea eragin du, lagun kurdu musulman batzuek hala aitortu zigutenez.

Islamizazioa
Eraiki berria den meskita Amed-eko kanpoaldeko auzo batean.

Erraz uler daitekeenez, hezkuntza sistema honen beste biktima bat zientzian oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza da, zeinak progresiboki garrantzia galduz doa sare publikoan, gero eta presenteago dauden eduki erlijiosoen aurrean. Hauxe da ere jendartearen sektore progresisten kezka nagusietako bat. Edozein kasutan, Abbas-ek deskribatzen digunez, ama eta aita askok ezin dute aukeratu eta beren seme-alabak eskola erlijiosoetara bidaltzera behartuta ikusten dute bere burua, zonaldean eskola laikorik ez egonda. Zentro erlijiosoren eta laikoen arteko proportzioa handituz doa gero eta gehiago lehenengoen alde. Gainera, zentro publikoetan egiteko inbertsioak baldintzatuta egon daitezke zentroaren zuzendaritzak ez bada mantsoa Hezkuntza Ministerioaren irizpideen aurrean. Beste estatu batzuetan gertatzen den bezala, erlijio-proselitismoa nabaria da Estatu turkiarrean. Mugimendu erlijiosoetatik baliabide gutxiko familiei ikasteko eta beste zerbitzuak (mantenua, ostatua…) jasotzeko erraztasunak eskaintzen zaizkie. Emaitza izan ohi da komunitate horretarako kide berriak bereganatzea.Hezkuntza sisteman, erlijioa presente dago irakaskuntza-funtziorako sarbidean bertan. Aurreko egunetan beste pertsona batzuek irakaskuntzan aritzeko egin beharreko hautaprobei buruz egin zizkiguten komentarioak konfirmatu zizkigun Abbas-ek. Lehen, lanpostua lortzeko proba bat zegoen non formazioa eta ezagutzak baloratzen ziren. AKP-rekin bigarren proba bat gehitu zen, elkarrizketa pertsonal bat hain zuzen ere, non ebaluatzaileak bizitza pertsonalari buruz, familiari buruz eta, nola ez!, erlijio ohiturei buruz galdetzen duen. Horretaz gain, hautagaiari buruzko informazioa eskatzen da bere bizitokiko ingurune erlijiosoan. Musulman praktikatzaile izateak eta gobernuaren irizpide kontserbadoretan oinarritutako bizitza izateak lanpostua lortzea errazten du asko. Kontrakoak ezin lortzera eraman dezake. Beraz, aipatutako irakasle deserosoen purga prozesuari gehitu behar zaio neurri handi batean irizpide akademikoen araberakoa ez den aukeraketa sistema.

Abbas-ek galdetzen digu ea zigarro bat erretzeak gogaitzen gaituen. Esaten digu urduri jartzen dela eskola erlijioso batzuetan gertatzen diren umeen aurkako gehiegikeriak azaldu behar dituenean. Jarraian nabarmentzen du irakasleria aurrerakoia eta sindikatua gero eta kezkatuago daudela eskoletan eta ikasle-egoitzetan adingabeen abusuen igoerarekin, baita honen aurrean irakasle erlijioso batzuek eta jendartearen sektore batzuek erakusten duten gero eta permisibitate handiagoarekin. Izan ere, Estatu turkoan nagusitu den oinarri erlijiosoko kontserbadorismo honek halako abusuak (400 bat kasu dokumentatu 2017an, horietako askok bortxaketekin eta batzuk hilketarekin) zerbait onargarritzat eta ez-zigorgarritzat deritzo.

Sektore horiek, Estatuaren egituretan bertan txertatuta (Gai erlijiosoetarako Zuzendaritza kasu), proposatu zuten ezkontzeko adin legala jaistea duela gutxi.

Islamizazioa
Islamizazioa
Islamizazioa

Internazionalista. EHUko irakaslea

3 pentsamendu “[Kurdistan VIII] Islamizazioa”-ri buruz

  • Kurduen egoerak gako asko eman diezazkiguke herri zapalduoi gure biziraupenerako. Familiaren garrantzia eta komunitatearen barneko lotura estuez osatutako sare handi bat osatzen dute, hainbat estaturen politika etnozidak eutsi dituena eta unean-uneko aukera politikoak probesten jakin duena, pixkanaka geroz eta burujabeago izateko bidean. Beraiek dioten bezala “Gure lagun bakarrak mendiak dira”. Euskaldunontzako irakasgai garrantzitsua.

    Turkiari dagokionean Ataturken (nazio turkiarraren patriarka) ideiak pixkanaka alde batera uzten ari dela dirudi. Turkia moderno eta europearragoa amesten zuten askok, baina Erdoganek beste plan batzuk dituela dirudi. Islama XXI. mendean gorantza datorren boterea dela jakitun (indar demografikoa eta doktrina indartsua) bere burua Kalifatzat hartuta Turkia mundu islamikoko agente nagusi bihurtu nahi du. Gogoratu dezagun Turkiak islamaren hainbat konzepzio “propio” dituela, alebiak eta sufistak (dantza nazionala eman ziotenak turkiari) kasu. Bereziki islamaren ikuspegi mistiko-aszetikoan sakontzen dute korronte hauek. Dena den, erlijio islamiarrak proiektu politiko totalitatio bat darama barnean, eskrupulurik gabeko agintariei oso erabilgarria zaiena beren boterea finkatzeko. Garai ilunak datoz munduko alde horretara. Ondo izan

  • Ez dut ulertzen zergatik ezkerrekoei ez zaien batere axola EHn islama zabaltzea. Are gehiago, badirudi pozik daudela horretaz.

    Iñaki Etaio bezalako “Internazionalistek” kurduak defendatzen dituzte eta ni ere, noski, borroka horren aldekoa naiz. Baina, EHk zer du irabazteko immigrazio masiboarekin? Eta immigrazio islamiarrarekin? Horrela euskaltzaleok are gutxiago bihurtzen ari gara gure herrian. Eta demokraziak demografiarekin harreman estua du.

    Ez dut ezagutzen musulmanik euskaraz benetako interesa duenik (bakan bat egongo da, agian). Eta ezagutzen ditut bai, mordoa; Marokokoak, Malikoak, Mauritaniakoak…

  • Inmigrazioa dela eta gure ezkerra ongi ari ote da? Nik ezetz esanen nuke. Herri honen biziraupena ez al da kontutan hartu behar?