[#AltsasukoakAske] Har ditzagun kaleak

Har ditzagun kaleak –

2 eta 13 urte arteko espetxe zigorrak, herriaren okupazioa, espetxeratzeak, isunak… hori da Altsasun egun hauetan ikusitakoa. “Kalteak, desordena publikoa eta mehatxuak” eta “agintearen aurkako atentatu” delituak leporatu dizkie Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasuko zortzi gazteei. “Nagusitasun abusu eta gorroto” larrigarriak ezarri dizkiete, gertakariak “arrazoi ideologikoengatik eta Guardia Zibilarenganako gorrotoagatik” eman zirela argudiatuz. Arrazoiketa guztiz politikoa, epaiketa politiko batean!

[#AltsasukoakAske] Har ditzagun kaleak

Epaiketa politikoa guztiz, salbuespen legediekin eta epaitegietan burututakoa. Euskal Herrian horrelako hamaika ikusitakoak gara. Izan ere, errepresioak ibilbide luzea eta forma ezberdinak izan ditu eta ditu Euskal Herrian. Hala ere, beti izan du ezaugarri historiko bera: Euskal Herriaren eta euskal herritarron Eskubide Zibil eta Politikoen, Ekonomiko eta Linguistiko-Kulturalen, etengabeko urraketa eta ukazioa. Herri, klase eta pertsona gisa zapaldu nahi gaituzte, askatasuna kenduz. Horretarako, bizi dugun zapalkuntza anitz hori bururaino eramateko errepresioaren hamaika aurpegi ezagutu ditugu.

Salbuespen epaitegia, salbuespen legeak… eta ondorioz, halako epaia. SALBUESPENA da Euskal Herrian aspaldidanik bizi dugun egoera. Egoeraren arabera, errepresioa zurian edo beltzean aplikatzen du Estatu espainolak. Altsasuko gazteen kasuan, beltzen artean beltzena aplikatu diete eta, beraiekiko elkartasuna zigortu.

Honek guztiak argi adierazten du ezin garela konformatu urteetan Euskal Herrian ezarri diren salbuespen politikak eta hauek aplikatzeko garatu diren bitartekoak ez aplikatzearekin edo malgutzearekin, indargabetu behar dira guztiak.

Frankismo garaitik eta 78ko erregimenean mantendu zuten arkitektura juridiko guztia beharren arabera moldatu dute, Eskubide Zibil eta Politikoak etengabe urratuz. Beraien jendarte eredua indartzeko politika horretan, errepresio sistemaren birmoldaketa etengabea izan da. Guztia desegin behar dugu, desagerrarazi!

Sei urte dira ETAk armak utzi eta erakunde politiko desarmatua bihurtu zela, duela urtebete armak entregatu zituen arren eta duela hilabete batzuk desegin bazen ere, bi Estatuek ez dute beren helburua aldatu. Botak aldatu dituzte, baina ostikoka jarraitzeko. Hori bai, egiteko modua egokitzen hasi dira, errepresio beltza baztertu gabe, errepresio zuriari ateak zabaldu dizkiote parez pare.

Horrela, terrorismoaren aitzakiapean Altsasuko gazteak Auzitegi Nazionalean epaitu, kondenatu eta espetxeratu dituzte. Salbuespen legedi eta epaitegiek emandako epai oro izango da injustua, lege eta epaitegiokin amaitzen ez badugu.

Herria okupatu dute, jendartea beldurtu eta isilarazteko helburuarekin, jendarte sumiso eta berekoia lortzeko helburuarekin. Horrekin nahikoa ez eta isunak jarri dituzte, elkartasuna isilarazteko. Baina oraindik ez al dira konturatu Euskal Herrian elkartasuna dela nagusi eta ez garela isilduko? Gure egunerokoa disidentziek osatzen dute, eta lege injustuak desobeditzeko daudela sinetsita gaude! Horrela soilik lortuko baitugu Eskubide Zibil eta Politikoak babestea, legedi injustuak desobedituz, legedi hauek eta salbuespen epaitegiak bertan behera utziz eta hauek mantentzeko beharrezkoak dituzten guztiak Euskal Herritik kanporatuz!

Eskubide zibil eta politikoak errespetatuak izatea nahi badugu, horren alde borrokatu behar dugu. Ainara, Adur, Jokin, Iñaki, Oihan, Julen, Jon Ander, Aratz, Nahia eta Aitor LIBRE nahi ditugu eta horretarako guztion eskubideen alde borrokatu behar dugu.

Horregatik, har ditzagun kaleak injustizia hau gelditzeko, horrelakorik gehiago ez gertatzeko! Guztion eskubide zibil eta politikoak defendatzeko!

ALTSASUKOAK LIBRE!

Har ditzagun kaleak
Har ditzagun kaleak
altsasu, altsasukoak aske, desobedientzia, Eleak, errepresioa, eskubide zibil eta politikoak, eskubideak, Har ditzagun kaleak, libre, Mozal Legea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude