[Kurdistan V] Herriaren Alderdi Demokratikoa

Herriaren Alderdi Demokratikoa –

Iñaki Etaio (Bakur-rerako Euskal delegazioaren kidea; 2018ko udaberria)

Bakur (Kurdistango iparra, Estatu turkoaren okupaziopean) bisitatzeak eta pertsona eta erakunde politiko eta sozial askorekin mintzatzeak herri honen errealitatera hurbiltzea ahalbidetzen du. Hara heldu berri izandako lehenengo sentsazioa, egunetan zehar eta elkarrizketa formal zien informaletan zehar berresten dena, honako hau da: herri kurdua existitu nahi ez duten herria da.

Herriaren Alderdi Demokratikoa
DBP alderdia kurduaren buruzagiak Amed-eko egoitzan.

Ekimen politiko publikoaren arriskua. Labana turkiarraren sorbatzean

HDP (Herrien Alderdi Demokratikoa, alderdi kurduak eta estatu mailako ezkerreko alderdiak biltzen dituen alderdia) eta DBP (Kurdistango Zonaldeen Alderdia) alderdien ordezkariekin izandako topaketek euskal Historiaren duela gutxiko urteak gogorarazi zizkiguten. Eta ez zen kasualitate bat izan. Googlen egindako bilaketa sinple batek honako titular hauek bueltatzen dizkigu: “Justizia turkiarrak Batasunaren eredua erabiltzen du DTP alderdi kurdua legez kanpo uzteko” (bilatu El País, El Mundo, ABC, Público… egunkarietako edizioak 2009ko abenduaren 11-12an). Lagun kurduek azaldu ziguten DTP partidua legez kanpo utzi zutela bere ustezko PKK-rekiko lorturengatik (nola ez!), eta DBP alderdia sortu behar izan zutela hurrengo hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko. Geroago, 2016an, Europako Giza Eskubideetarako Epaitegiaren sententzia heldu zen, non Turkia kondenatzen zuten erabaki horrengatik. Beste behin ere, beranduegi.

Herriaren Alderdi Demokratikoa
Alderdiaren ikurrak Amed-eko egoitzaren leihoetan.

Aktibitatea politikoak arrisku nabaria dauka Estatu turkoan, behintzat AKP-ren alderdiaren politika ultranazionalistak eta islamizatzaileekin ez bada lerrokatzen. Eta segurtasunik ezaren osagaia gehitu behar zaio “kontu kurduarekin” nahasten bada. Errepresio-makineria turkiarrak, Estatuaren botere maila guztiak zeharkatzen duena, azeleragailua zapaldu zuen 2015-2016an, testuinguru zehatz batean, non PKK eta gobernuaren arteko elkarrizketak apurtu ziren, hauteskundeetan AKP-k gehiengo absolutua galdu zuen eta HDP-k arrakasta handia izan zuen, bozen %10 gaindituz. Paradoxikoki, herri kurduaren sektore progresistak Abdullah Öcalan-ek garatutako konfederalismo demokratikoaren kontzeptua (udaletan, parte-hartze zuzenean eta emakumeen protagonismoan oinarrituta) praktikara eramaten saiatzen ari ziren bitartean, erregimen turkiarraren eskaintza alkatetzak bertan behera uztea eta ko-alkateak espetxera bidaltzea izan zen. Ankarak esku hartutako 28 udaletxeak, ia 200 ko-alkate kartzelaratuak eta 300 baino gehiagoko HDP eta DBP-ko tokiko buruzagi presoak Estatu turkoan maila lokaleko politikaren arriskuaren adierazle argienak dira. Bisitatu ditugun hiri batzuetan, non hiri-bizitza ustezko normaltasunean garatzen den (kuartel eta polizien artean bizitzea eguneroko bizitzaren errutina da…), udaletxeak Ankarak ezarritako kontu-hartzailek kudeatuta daude. Haien artean daude Amed (Bakur-ren hiriburua; 900.000 biztanle baino gehiago), Van (ia milioi erdi bat biztanle) edota Mardin (200.000 biztanle baino gehiago, non, gainera, kartzelaratutako ko-alkatea, Februniye Akyol, Estatu osoan aukeratutako lehen emakume kristau siriarra zen). Udaletxe horietan zintzilik dauden ikur turkiar erraldoiak herri borondatearen ukazioaren etengabeko seinale dira. Momentu batez, egoera hauek ere Euskal Herrira eraman gaituzte.

Herriaren Alderdi Demokratikoa
HDP alderdiaren ekitaldia Amed-eko egoitzan.

Herriaren ordezkari eta buruzagi politiko lokalen kontrako errepresioaren argazkia Estatu mailako buruzagi eta diputatuen kontrako 500 epai-prozesuekin osatu behar da, haien artean Selahattin Demirta? eta Figen Yüksekda? HDP-ko ko-presidenteak, 2016ko azarotik kartzelaratuak talde armatuarekin kolaboratzeaz eta erakunde terroristaren aldeko propaganda egiteaz akusatuta. Behin eta berriro erabilitako akusazio malgua.

Espetxean ala kanpoan egon, mugimendu kurduarekin edo ezker turkiarrarekin erlazionatutako pertsona asko dira beren bizitza pertsonala eta profesionala baldintzatuta daukatenak, Erdogan-en erregimenaren atzaparkadek helduta. Horien artean Feride-ren kasua dugu, esate baterako. Bera izan zen lehenengo emakumea Amed-en abokatutza jardunez. Ankaran akusatu gisa epaiketa izan eta hiru egunetara afaria eta elkarrizketa partekatu ahal izan genuen berarekin. Urte batzuen ostean, beste behin ere, bista atzeratu zen.

Bitartean, berak ezin du Estatutik atera eta bere mutil-lagunarekin elkartu, berak ere debekatuta baitauka Estatu turkora sartzea. Beste istorio pertsonal bat, Kurdistanen dauden milaka antzeko istorioen artean.

Herriaren Alderdi Demokratikoa
Herriaren Alderdi Demokratikoa

Internazionalista. EHUko irakaslea