[Kurdistan II] Euskal delegazioa Bakurren
Euskal delegazioa Bakurren –
Iñaki Etaio (Bakur-rerako Euskal delegazioaren kidea; 2018ko udaberria)
Bakur (Kurdistango iparra, Estatu turkoaren okupaziopean) bisitatzeak eta pertsona eta erakunde politiko eta sozial askorekin mintzatzeak herri honen errealitatera hurbiltzea ahalbidetzen du. Hara heldu berri izandako lehenengo sentsazioa, egunetan zehar eta elkarrizketa formal zien informaletan zehar berresten dena, honako hau da: herri kurdua existitu nahi ez duten herria da.
Beren lurraldean ikustezinarazita. Gortina turkoaren atzean.
Estatu turkoan Kurdistan terminoa tabua da eta tabu izatearen ideia hori herri kurdura berara zabaltzen da. Lurralde hau izendatzeko Turkiako ekialdea edo Anatoliaren ekialdea esan behar da, susmagarritzat hartuta ez izateko. Aireportuan edo administrazio-guneren bateko funtzionario batekin Kurdistan terminoa erabiltzeak galderak eta errezeloak sor ditzake. Eta zer esanik ez interpelatua polizia bada (kaleetan eta gune ezberdinetan kalez jantzitako polizien kopurua uniformatuta ikusten direnak baino handiagoa da ziurrenez). Norakoari eta bisitaren helburuari buruzko galderetatik pasaportea eskatzera, argazkia ateratzera eta poltsa eta motxilak erregistratzera pasa daiteke.
Amed-eko aireportura heldu ostean ?anliurfa boulevardetik taxiz zeharkatzeak lehenengo “errealitate kolpea” eskaintzen du: kilometro batzuetako bide honetako kale-argi guztietatik ikur turkoak eta Erdogan-en irudiak zintzilikatuta daude. Kaleetan, eraikin ofizialetan, eskoletan… ilargi erdiko ikur gorrien eta buruzagi autoritarioaren argazki uholde hau ikusteak burura ekartzen duen lehenengo pentsamendua honako hau da: ze mingarri izan behar den kurdu gehienentzat pauso bakoitzean “Hau Turkia da” mezua presente izatea. Hala eta guztiz ere, ia bazter guztietara heltzen den erregimen turkoaren propagandak, arma luzeekin armatutako polizien presentzia iraunkorrak, auto blindatuek, kamerek, kontrol-guneek, Amed hiri barruan dauden bost polizia-etxeek, kuartel militarrak eta bost kartzelek ulertarazten dute Bakur-reko hiriburuko biztanleek agian ez daukatela hain barneratuta beren nazionalitate turkoa…
Anatolia penintsulan antzinatik bizi diren beste herriak asimilatzeko edota desagerrarazteko saiakerak errepikatu ziren Inperio otomandarraren garaietan eta, gertuago, Mustafa Kemal-ek, Atatürk, 1923an Estatu turkoa sortu zuenetik. 1915 eta 1923 urteen artean armeniarren kontra gauzatutako genozidioa, non erailak edo gosez edota gaixotasunez hildakoak milioi bat lagun baino gehiago izan ziren, politika horren gertaera ankerrena da (gaur egun oraindik Estatu turkiarrak ezeztatutako genozidioa).
Beste herri askorekin gertatzen den bezala, gutxienen nazionalitateekin bukatzeko (Estatu turkoko ia hiru biztanleetako bat jatorriz kurdua bada ere) Estatu turkoko ahaleginak hizkuntza- eta kultura-adierazpenetara hedatzen da, baita toponimiara ere. Herrien eta lekuen izenak hizkuntza turko hutsean erakusten dira, eta hauxe da administrazio-, hezkuntza- edota osasun-guneetan erabiltzen den hizkuntza bakarra. Seinale guztiak turkoan daude, ezberdintzeko nahiko erraza dena erabiltzen diren dieresi ugariengatik, baita Q, W eta X letren faltagatik ere (kurduan presente daude). Hizkuntza kurdua hezkuntzatik eta komunikabideetatik ere kanporatua dago. 2012-2015ean Kurdistango Langileen Partiduaren (PKK) eta gobernuaren artean garatutako elkarrizketa prozesuan hizkuntza kurduarekiko permisibitatea handiago izan bazen ere, prozesu horren apurketak kurdua berriz hizkuntza galarazia izatera eraman zuen. Bakur-reko etxe askotan hizkuntzarekiko eta kulturarekiko lotura Sterk TV-ren bidez mantentzen da, Bruselan egoitza daukana. Kanal hau aire freskoa da atmosfera itogarri honetan, non hizkuntza kurdua gune pribatura murriztuta geratzen den. Hezkuntza publikoan zein probatuan hizkuntza ezin irakasteak transmisioa etxebizitzara mugatzen du, eta honek, lagun kurdu batzuek azaldu zigutenez, idazkeraren transmisioa eta bere normalizazioa nabarmenki zailtzen du. Izan ere, elkarrizketak partekatu genituen lagun batzuek kurdua ulertzen eta hitz egiten dutela esan ziguten, baina ez direla gai idazteko.
Kultura kurduaren ezarpena Estatu turkoan ertz nahiko surrealistetara heldu da. Adibidez, Amed-eko Sur barrutian kafetegi/tetegi bezala funtzionatzen duen barne patio bat bisitatzean, hango langileek esan ziguten barrutiko kultura-gune guztiak itxi zituztela gobernuaren aginduz aipatutako elkarrizketa prozesua bertan behera geratu zenean. Beren gunea, nahiz eta giro eta musika kurdua izan, ixtetik libratu zen gune kultural bezala formalki ez aritzeagatik. Liburuak kurduz argitaratzeko aukerari buruz galdetuta, erantzuna espero zitekeena izan zen: nahiz eta legedian debekua ez egon, oztopoek eta argitaletxe eta banatzaileei presioek eragozten dute praktikan posibilitate hori.
Baina kurduen kontrako paranoia mota honetan zerbait are deigarriagoa bada ere Kurdistango hiru kolore nazionalak (horia, gorria ea berdea) elkarrekin erakusteko debekua da. Bakur-reko oso ugariak diren ehun-gaien saltokietan kolore konbinazio askotako zapiak topa daitezke. Hala ere, ezta batek ere erakusten ditu hiru kolore “susmagarriak”. Amed, Mardin, Tatvan edota Van hirietan zapi klandestino hauek aurkitzeko gure bilaketa emaitzarik gabekoa izan zen. Euskal Herrira bueltan arroparen artean ezkutua ekarri genuen zapia TJA emakume kurduen mugimenduko kideek oparitutakoa izan zen. Kolonbiako lagun internazionalista batek ezin izan zuen bere herrira eraman, Newroz-en ospakizunera joan zenean polizia batzuek kendu baitzioten.