Krisi sakon baterako adierazpenak
Adierazpenen kronologia bat
2007
2007. urteko urtarrilaren 15ean, Zapaterok Alemania zuen helburu. Orduko hartan, “Alemania gaindituko dugu errenta mailan” adierazi zuen.
Urte bereko uztailaren 3an, Espainiako presidenteak gerora bere aurkara itzuliko zen honako esaldia bota zuen:”Modu sinple baina anbiziotsuan esango dut: hurrengo legegintzaldian enplegu osoa (zero langabezia) lortuko dugu Espainian. Ez dut hau aldi baterakoa izaterik nahi, gainera; betirako nahi dut.”
Krisi ekonomikoaren mamua mehatxu lanbrotua baino gehiago zen ordurako. 2007ko abuztuan, Espainia krisi ekonomikotik salbu zegoela adierazi zuen.
Hilabete beranduago, irailean, Zapaterok Espainia eredutzat jartzen zuen, historiako langabezia tasarik baxuenean zegoela gogoratuz. Espainia eredu zen Europarentzat efizientzian.
2008
2008. urtea hasi eta berehala, krisi hotsak nabarmen hedatuta zeudenean, Espainiako presidenteak hau ukatzen zuen: “krisia falazia bat da, katastrofismo hutsa. %3tik gora ari gara hazten”. Enplegua sortzen eta superabita izanez jarraituko zuela adierazi zuen.
Otsailerako ordea, besterik zen adierazten zuena. Punto Radiori emandako elkarrizketa batean, eta hilabete batean langabezia nola igo zen ikusita honakoa esan zuen: “130.000 lagun horiek ez dira langabeak, langabezian izena eman duten pertsonak dira.” Solbesek ere, hil berean, Espainian atzerakada bat iragartzen zutenek ekonomiaz deus ez zekitela zioen eta hurrengo legegintzaldian Espainia %3ko erritmoan haziko zela iragartzen zuen. Horrek 1,6 milioi enplegu sortuko zituen, Ekonomia ministroaren ustez, langabezia tasa %8an utziz.
Martxoaren 3an, gaur hiru urte, Zapaterok 2 miloi enplegu berri iragarri zituen.
Apirilean, aldiz, krisiaren kudeaketa txarra izan zela kritikatzen zutenei zuzendu zitzaien Espainiako presidentea: “egungo krisiaren eragina puzten dutenen jarrera, antipatriotikoa, ez onargarria eta demagogikoa da”.
Uztailaren 4an, krisi egoerari erreparatuta, baikor izatea ekintza arrazional bat baino gehiago betebehar bat zela adierazi zuen. Horrez gainera, herritarrak lan egitera “eta kontsumitzera” deitu zituen. Solbesek, bere aldetik, 93-94ko krisia ezagutu zuela, eta oraingoarekin alderatuta hau askozaz ere konplexuagoa zela adierazi zuen garai bertsuan. Hilaren amaieran, eta hazkundea %2,3koaren azpitik bazegoen, defizita egongo zela baina ez zela kezkatzekoa adierazi zuen. Inolaz ere ez zirela atzeraldira helduko ere jakinarazi zuen. Orduan hazkunde negatiboa zena ez zen inoren kalkuluetan sartzen (ez adierazpenetan bederen).
2008ko irailaren 11n, Solbesek, atzeraldia ikusita, honakoa adierazi zuen: “atzeraldiak ekonomia garbitzeko balio badu, ez du garrantzia berezirik.” Adierazpen berberetan ere, ukatu egin zuen Ekonomia ministroak, Espainiako Gobernuak krisirik bazenik ukatu zuenik (ikus Zapaterok 2007ko abuztuan esandakoa baina).
Abenduan eta urtea amaitzear, egoera ekonomikoa nabarmen gaiztotuta, Zapaterok langabeak ez zirela babesgabe geratuko iragarri zuen.
2009
Leire Pajinek ekonomiaren maskulinitateari leporatu zion krisiaren gogortasuna. “Emakumeak erabakiak hartzen hasten direnean itzulikatuko da ekonomiaren joera”
Gaur arte
Erdeinuz eta prebisiorik gabe jokatu izana salatzen dio oposizioak PSOEri krisi ekonomikoaren auzian. Krisiaren hastapenetako adierazpenak irakurrita, Zapaterok arrogantziaz jokatu zuela begi-bistakoa da. Krisiaren izaera bera ukatzea eta gero hau gutxiestea estrategia komunikatibo gisara baliatu zuen, Espainiako gizartean izurik ez sortzeko, baina egoera gero nola eman den ikusita, iruzur egin duela nabarmena da.
2009tik gaur arteko adierazpenen segida ere egin nezakeen, baina bilketa lanaz gaindi, krisiaren hastapenetako esaldi haiek nabarmenago uztea besterik ez luke lortuko.