Martxoaren 3an gogoratzeko

Martxoaren 3an gogoratzeko

Gasteizen izan zen. Greban zeuden langile asko Zaramagako Asisko San Frantzisko elizan bildu ziren. Espainiako polizia militarrek eliza gaseztatu zuten jendea irten arazteko eta bertan zeuden 5.000 lagunak irteten hasi zirenean, tirokatu zituzten. Bost langile hil ziren eta ehundik gora zauritu. Orduko segurtasun-indarren burua Manuel Fraga Iribarne ministroa zen.

Lluis Llach kantautore kataluniarrak biktimen omenez kanta hunkigarri bat konposatu zuen gau hartan bertan. Nire belaunaldikoek 18 urte genituen orduan. Gutako askok emozio dardara sentitzen dugu oraindik doinu hori entzuten dugunean.

Denok daukagu zer barkatu eta barkamena eskatzeko arrazoiak. Zauriak isteko modu bakarra izango da. Baina ez da komeni ahaztea. Gogora dezagun. Berriro gerta ez dadin.

Irudia | martxoaren 3-Gasteizko hilketak | arsanartxiboa | Creative Commons By SA

Martxoaren 3an gogoratzeko

gasteizko-hilketak, martxoak-3
Arantza San Sebastian

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

13 pentsamendu “Martxoaren 3an gogoratzeko”-ri buruz

  • Gaurko mobilizazioak:

    Euskal Herria Ezkerretik: eguerdiko 12:00etan.

    Sindikatuak: arratsaldeko 19:00etan

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-03-03 10:58

    Eskerrik asko Arantza. Idatzia, argazkia eta kantua, bikainak. Halere, ni ez naiz oso barkamena eskatzearen aldeko, ulertzen bazaitut ere. Nik uste garrantzitsuena dela gertatu diren gauzak gertatu direla aitortzea. Uste dut horren ukazioa dela min eta kalte handiena egiten duena.
    Barkamena zer den ere ez daukat oso argi, baina edonola ere, egiaren aitortza hori egina badago, barkamenik eskatu gabe barkatu aldekoa naiz ni, norabide guztietan. Horrela zauriak istea askoz errazagoa dela uste dut.

  • Barkatu?
    Zer barkatu?
    Gure jendea inpunitate guztiarekin hil zutela eta, hori barkatu?
    Barkamenik eskatu ez duenari barkazioa eskaini?
    Inolako damurik izan ez duenari beste mundurako bidaia kristauki egin dezan desiatu?
    Lelotu egin gara ala?
    EZ AHAZTEA DA GURE EGINKIZUNA!
    GOGORATZEA ETA GOGORARAZTEA!

  • ETA, GUTXIENEZ, HAINBESTE ETA HAINBESTETAN ALDARRIKATZEN DUTEN JUSTIZIA HORI EGIN DADILA LORTZEA!
    GUTXIENEZ HORI!

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-03-03 11:44

    K, gertatutakoak ez ahanztea, gogoratzea, Arantzak idatzi bezala, beharrezkoa da. Bestalde, barkatzeak, nire kasuan behintzat, ez du inongo zerikusirik kristautasunarekin (ez dakizu zenbateraino!).

    Zuretzat gutxienekoa “justizia egitea” den bezala, niretzat GUTXIENEKOA hori izatea oztopo bat da.

    “Justizia”, kontu handiz erabili beharreko kontzeptu bat da, erpin eta helduleku asko ditu. Nire ustez askotan talka egiten du eraginkortasunarekin, indibidualki eta kolektiboki.

    Askotan, justizia eskatzen duena sakonean mendeku bila dabil, eta mendekuak pausoak aurrera egitea galarazten du.

  • Arantza San Sebastian

    […] beharra publikoki legezko alderdi izateko baldintza bezala, PPk (Fragak ea noiz gaitzesten dituen martxoaren 3ko hilketak!) edo PSOEk ahoa ireki beharko lukete. Sortu ez legeztatzeko eskaria egingo du Estatuko abokatutzak, […]

  • Arantza San Sebastian

    Errekonziliazioa, adiskidetzea, baketzea, onezkoak egitea, bakeak/bakezkoak egitea…

    Ez dakit noiz izango den hori egiteko garaia, ni neu ere konturatzen naiz gerran nagoela oraindik, bakea nahi dut baina gauza askok min gehiegi egiten didate oraindik. Imajinatzen dut biktimen mina eta gorrotoa.

    Barkamena esaten dudanean hori esan nahi dut, ez da ahaztea, ez da etsaiak maitatzea, ezta haien lagun izatea… Baina, noizbait bakezkoak egin beharko ditugu. Euskal Herrian bakean bizitzeko beharko dugu.

  • Euskal Herria Ezkerretik ekitaldiak antolatuta, ehunka pertsona bildu dira gaur martxoaren 3ko plazan.
    Ekitaldira Irlandako “Bloody sunday” elkarteko bi kide egon dira, eta haiek egindako bideaz mintzatu dira. Britaina Haundiko gobernuak egia aitortzeraino egindako bide gogor eta luzea aipatu dute, eta aurreko urteetan hildakoen izenak isilean esaaten baziren, aurten txalo zaparrada baten erdian egin dutela. Gauza bera egin dute bertaratutakoek, Bloody Sunday eta Martxoak 3koen izenak irakurri dituzte, txalo zaparrada baten erdian.
    Ekitaldia amaitzeko, Alternatiba, EA eta Ezker Abertzaleko kideak igo dira eskenatokira, eta komunikatua irakurri dute. Garai gogorra da, krisia eta gobernu espainolaren murrizketa sozielen artean, eta ezkerreko subiranista eta independentisten arteko batasunatik baino ezin diogu aurre egin.
    Urtero bezala, lore eskaintza eta aurreskua ere egin dute oroitarriaren aurrean.

  • Amonamantangorri 2011-03-03 15:05

    Gogoratu nahi nuke barkamenaren kontzeptua zeinen, zeinen KRISTAUA den, onerako nahiz txarrerako. Barkamenak kristautasunarekin zer ikustekorik ez duela esatea, nire ustez pilpil saltsak bakailoarekin zer ikustekorik ez duela esatea bezala da.

    “Five Minutes of Heaven” filmak Ipar Irlandara garamatza. Gazte katoliko baten hiltzaileak eta gazte haren anaiak topo egiten dute telebista programa batean. Filmaren momentu batean, biktimaren anaiak “bukatu da” esaten dio hiltzaileari, eta ez “barkatzen dizut”. “Bukatu da” esan ahal izatea da niretzat xedea.

  • Arantza San Sebastian

    Amonamantangorrik eta k-k egin duzue barkamenaren interpretazio bertsua, baina nik uste dut barkamena ez dela bereziki kristaua, gizatiarra baizik eta gizakia eta mundua ulertzeko modu guztietan garrantzitsua da.

    Barkamena eskatzea edo barkatzea ez da derrigorrezkoa, baina autokritika egitea, barkamena eskatzea eta barkatzea jarrera erabakigarriak izaten dira bake-prozesuak sendotzeko.

    Horra barkamenaren paradoxa: ez da adiskidetze-prozesua abiarazteko baldintza ezinbestekoa, baina erabakigarria izan daiteke.

    Bestela, esango didazue 35 urte barru.

  • Ederra litzateke barkamenaren genealogia egitea.

    Baina, kristaua edo gizatiarra edo den bezalakoa izanda ere, barkamena bezalako kontzeptu batek bakarrik du zentzurik berdinen arteko harremanen osagarri gisara. Eta inolaz ere ez interes politiko-ekonomiko kontrajarriak dituztenen arteko baketze-sistema modura.
    Mexikon hil zuten harako hark ziokeen bezala, moral ororen etsai dira martxoaren 3koa montatu zutenak, baita ezpainetatik barkamen hitza isurtzen zaienean ere. Nahikoa dute eta nahi lukete gizartean legeaz, errepresioaz eta erlijioaz baliatuz, euren interesen aldeko moral gisako bat hedatzea.
    Kontua da ea inoiz haien katiximari uko egiteko ahaleginari helduko diogun ala ez.

  • Arantza San Sebastian

    K, borroka horretan, batek zeukan boterea eta besteak ziren zanpatuak, beraz ez da berdinen arteko harremana, eta gauzak ez dira gehiegi aldatu. Horreraino zurekin ados.

    Horrekin batera iruditu zait esaten duzula barkamenarena euren interesen aldeko moral gisako horretan sartzen dela. Nik hor zera ikusten dut: ez da euren morala edo katixima, baizik eta etika unibertsalagoa ikusten duena bakea egiteko bakeak egin beharko ditugula. Eta etika unibertsal horrek, hain zuzen, iragazten ditu martxoaren 3ko bezalako gertaerak (eta beste asko ere bai) ze nolako krimenak diren juzgatuz. Ez dute eurek asmatu, denona da eta zanpatzaileak dira lehen errefusatuta.

    Nik ere sentitzen dut batzutan nolabaiteko desesperazioa eta iruditzen zait boteretsuek dena oso lotuta dutela, baina amorruari uko egiten diot eta pentsatzen dut mundua beste era batean asmatu behar dugula. Mundu bat denontzako

    Zein da zure katixima?

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-03-03 20:45

    Amonamantangorri, barkamenaren kontzeptua ez da berez kristaua, zuk horrekin lotu dezakezu baina berez ez du loturarik, zer uste duzu, Tibeten edo Arabian, adibidez, ez dela kontzeptu hori existitzen?
    Dena den, ez nion gehiegi heldu nahi juxtu kontzeptu horri, ez baitakit oso zehatz zer esanahi duen. Nik adierazi nahi nuena da, Arantzak dioen eran “Errekonziliazioa, adiskidetzea, baketzea, onezkoak egitea, bakeak/bakezkoak egitea…” iristekotan, parte batek edo biek egindakoen damua edo halakorik agertu beharra badute, ez dela inoiz iritsiko, eta ez zaidala batere eraginkorra iruditzen gatazka baten erresoluzio faserako.
    Niri ere odola bor-bor jartzen zait, Gasteizen gertatutakoa gogoratzean, eta ia egunero iristen zaizkigun gertakari askorekin. Lapurdiko azken atxiloketak aski dira horretarako, beraz kontuak atera…
    Baina badakit odola berotzeak sortzen dizkidan erreakzioak kontrolatu behar ditudala, eta hori zaila da, baina egin beharrekoa, batipat gauden gatazkaren fasean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude