22. Korrika Munduko 21 hiritako euskal etxe eta unibertsitatetan
Korrika Munduko 21 hiritako euskal etxe eta unibertsitatetan –
Munduko 21 hiritako euskal etxe eta unibertsitatetan sustatu ditu euskararen aldeko Korrika-k Etxeparek
Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate sarearen baitan eta euskal etxeetan egitarau bereziak antolatu dituzte AEK-ren ekimenarekin bat egiteko
‘Hitzekin’ lelopean, nazioartera zabalduko da, beste behin, Korrika. Aurten ere, Etxepare Euskal Institutuak bat egingo du AEK-ren ekimenarekin, Euskal Herritik kanpo euskarari babesa eman eta adierazteko. Horrela, mundu osoko euskal etxeetako kide eta unibertsitate sareko lagunek askotariko jarduerak antolatu dituzte egunotarako. Orotara, 21 ekimen egingo dira Korrikaren harira nazioartean.
2022. urtean, martxoaren 31tik apirilaren 10era egingo da 22. Korrika. 11 egunetan, 2.500 kilometro inguru burutuko dituzte Euskal Herri osoan barrena, Amurrio abiapuntu eta Donostia helmuga hartuta.
Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin, 21 hiritan egingo da lasterketa erraldoiarekin lotura duen ekimenen bat. Europan, 12 hiritan (Alemanian, Erresuma Batuan, Polonian…) eta zazpi Hego eta Ipar Amerikan, nagusiki, AEBetan eta Mexikon. Asian eta Ozeanian, berriz, Tokio eta Sidney-n antolatu dituzte ekintzak bertako euskal etxe eta unibertsitateek. Munduan zehar dauden euskal etxeek 14 Korrika antolatu dituzte. Etxepare Euskal Institutuak harreman estua du haiekin, euskal etxeetan euskara irakatsi dadin sustatzen baitu, bai Euskara Munduan programaren bidez, baita material didaktikoa bidaliz ere. Institutuaren unibertsitate sarearen baitan, berriz -euskara eta euskal kultura ikasketak sustatzen dira bertan- 12 Korrika antolatu dira.
Horrela, Etxepare Euskal Institutuak, azken edizioetan bezalaxe, Korrikarekin bat egingo du aurtengoan ere, euskararen aldeko mezua munduan zehar zabaltzeko. Nazioartean Korrikak sustatzeaz gain, bideo lehiaketa bat antolatu du euskal etxeetako eta unibertsitate sareko ikasleen artean, eta ‘Korrika Munduan’ gunea babestuko du Donostiako Zuloaga plazan, apirilaren 10ean, egitasmoaren azken egunean.
EUROPA
HELSINKI (FINLANDIA) – Apirilak 1
Antolatzaileak: Helsingin yliopisto-ko irakurletza
Korrika txikia, pikoteo euskalduna eta euskal dantza zein herri kirolak.
LEIPZIG (ALEMANIA) – Apirilak 2
Antolatzaileak: Leipzig Universität-eko irakurletza eta euskal etxea
Korrika txikia egingo dute urtero martxo amaieran egiten den euskara ikastaro intentsiboko ikasleekin.
VALENTZIA – Apirilak 2
Antolatzaileak: Laurak Bat euskal etxea
Goizean euskal dantza ikastaroa, trikitilariak eta pintxopotea. Ondoren Korrika ibilbidea egingo dute. Gero bazkari herrikoia 120 lagunentzat, bi kontzertu bertako musika eta euskal musikarekin eta euskal musika jaia euskal etxeko egoitzan eguna bukatu arte.
BERLIN (ALEMANIA) – Apirilak 2 eta 8
Antolatzaileak: Freie Universität-eko irakurletza eta euskal etxea
Apirilaren 2an: Korrika Berlinen. Amaieran, kontzertua, janaria eta edariak egongo dira.
Apirilaren 8an: hiru euskal talderen kontzertuak. Tatxers, La Rekba eta Txakurrak.
Unibertsitateko ikasleek, euskal etxeko ikasleek, Berlingo euskaldunek eta euskaltzaleek eta beste hizkuntza gutxitu batzuetako irakasle eta ikasleek hartuko dute parte.
POZNAN (POLONIA) – Apirilak 2
Antolatzaileak: Adam Mickiewicz University-ko irakurletza
13:00etan: Collegium Novum-etik Plac Wolnosci-ra
CORK (IRLANDA) – Apirilak 3
Antolatzaileak: University College Cork-eko irakurletza
Korrika egingo dute Corkeko euskaldunek, euskara ikasleek, unibertsitateko komunitateak eta animatzen den edonork.
MALLORCA – Apirilak 3
Antolatzaileak: Mallorkako euskal etxea
Korrika txikia Son Rapinya-ko frontoiaren barrualdean eta ingurunetan.
VALLADOLID – Apirilak 3
Antolatzaileak: Gure Txoko euskal etxea
15 bat kilometro inguruko Korrika eta hamaiketakoa egingo dituzte euskara ikasleak eta txokoko bazkideek.
BARTZELONA – Apirilak 5
Antolatzaileak: Universitat Autònoma de Barcelona-ko irakurletza
VARSOVIA (POLONIA) – Apirilak 7
Antolatzaileak: Uniwersytet Warszawski-ko irakurletza eta bertako Euskal Herriko Erasmus ikasleak
Euskara eta euskal kultura ikasten ari direnen eta Euskal Herriko Erasmus ikasleen Korrika Varsoviako Unibertsitateko kanpus nagusitik abiatuta Varsoviako Krakowskie Przedmiescie kale nagusian zehar. Korrika ostean bertso eta euskal dantzen tailerra Euskal Herriko ikasle eta Poloniar ikasleen artean.
LONDRES (ERRESUMA BATUA) – Apirilak 9
Antolatzaileak: London Basque Society
PARIS (FRANTZIA) – Martxoaren 12an egin da
Antolatzaileak: Pariseko Eskual Etxea
17:00etan: Korrika egin dute Sacre Correurretik abiatuta, Eskual Etxera. Gero, Z’anonymes taldearen kontzertua
21:00etan: afaria sagardotegian
AMERIKA
NEW YORK (AEB) – Apirilak 2
Antolatzaileak: Euzko Etxea of New York, Delegate of the Basque Country to the United States
12:00etan: Central Park-en Korrika txikia
QUEBEC (KANADA) – Apirilak 2
Antolatzaileak: Euskaldunak Quebec elkartea
Bost kilometroko Korrika Montrealen. Gero, Korrikako mezuaren irakurketa Euskaldunak Quebec elkartean, euskara ikasleekin. Zuzeneko musika zuzenean eta dantzaldia egitaraua amaitzeko.
LA PLATA (ARGENTINA) – Apirilak 2
Antolatzaileak: Universidad de La Platako irakurletza eta euskal etxea
La Platako Malvinas Plazan elkartuko dira arratsaldean eta bertatik Moreno Plazara joango dira korrika. Gernikako arbolaren kimuaren ondoan hitz batzuk irakurriko dituzte eta gero, euskal etxean, pintxoak jango dituzte. Dantzariak ere izango dira.
BOISE (AEB) – Martxoan eta apirilean
Antolatzaileak: Boise State University-ko Euskal Ikasketen saila, Boise State University-ko Euskara eta Euskal Kultura irakurletza, bertako euskaldunak, Boiseko Euskal Museoa eta Boiseko Ikastola
CHICAGO (AEB) – Apirilaren 2an edo 9an
Antolatzaileak: Chicagoko Unibertsitateko euskara eta katalan ikasle eta irakasleak eta Chicagoko euskal komunitatea.
MEXIKO HIRIA (MEXIKO) – Apirilak 10
Antolatzaileak: UNAM Universidad Nacional Autónoma de México-ko irakurletza eta Mexikoko Euskal Etxea – Centro Vasco México
Korrikak egingo dituzte UNAM unibertsitatean eta euskal etxean, herri kirolak eta herri bazkaria. Gainera, online ere egin nahi dute Korrika, Gather plataforman, modu sinbolikoan.
MEDELLIN (KOLONBIA)
Antolatzaileak: Fundación Centro Vasco Gure Mendietakoak
ASIA ETA OZEANIA
SIDNEY (AUSTRALIA) – Apirilak 2
Antolatzaileak: Gure Txoko Sydney
Korrika egingo dute Sidney-n eta bertako tabernatan ibiliko dira jendearekin hitz egin eta Korrika zabaltzeko. Gero bazkaria prestatuko da euskal etxean eta euskal abestiak abestuko dituzte.
TOKIO (JAPONIA) – Apirilak 3
Antolatzaileak: TUFS-eko (Tokyo University of Foreign Studies) irakurletza eta Tokioko Euskal Etxea
Hirian zehar korrikaldi laburra egingo dute, eta gero, otordua.
bideo+
Korrika Munduko 21 hiritako euskal etxe eta unibertsitatetan