Hezkuntza sistemak ume euskaldunen euskara hiltzen du!

Hezkuntza sistemak ume euskaldunen euskara hiltzen du! –

HHko eta LHko Maiztegi eskola

Urteko garai hauetan, guraso euskaldun askok umeen izena ematen dute aukeratutako ikastetxean. Bete beharreko eskabidean, galdera honekin topo egiten dute: ea zenbatek etxean euskaraz egiten duen. Guraso gehienen ustez, etxean ereindako euskararen hazia ikastetxean loratuko da. Zoritxarrez, azken urteotako neurketa guztiek hori horrela ez dela agerian uzten dute.

Bestelako arazoak badaude ere, errotik pozoia dario Hezkuntza sistemari. Izatez, matrikulen bidez lortutako informazioa ez da baliatzen berez etxean abiatutako euskalduntzea indartzeko. Hau da, ume euskaldunak ez dira elkartzen euskararen erabilera ziurtatzeko (teoria soziolinguistiko guztiek esaten duten moduan). Ikastetxetako arduradunek ume euskaldunak gela ezberdinetan sakabanatzen dituzte, ikasle mota ezberdinen aniztasunaren izenean. Ondorioa agerikoa da, euskal hiztun txikiak bere euskararen gutxiestea jasaten du, bere giroan ez egoteagatik. Horrek ondorio larriak eragiten ditu. Ume euskaldunek autoestimua galtzen dute, baztertuak izatearen beldur, eta berehala asimilatuak dira erdararen zabalean, non eta euskara hutsezko ereduan bertan.

Euskara hutsezko ereduko erdal umeei dagokienez, ikastetxean ez dute euskara mintzatua irabazten. Gaztelania zein frantsesa bere mingainen erosoan mantenduko dute. Kasurik onenean zerbait mordoilotuko dute euskaraz maisu-maistren gozamenerako. Izan ere, hezkuntzan gertatzen ari den arduragabekeria asko irakasleen utzikeriagatik gertatzen dira. Horrela, erdal umeak euskararen entzule pasibo bihurtzen dira gehienez. Beraz, ikastetxean benetako euskarazko murgilketarik gabe geratuko dira.

Gauzak horrela, baskongadetako hezkuntza lege berriaren PROPOSAMENAREN inguruan EAJk, PSOEK, EH Bilduk eta EPk adostutakoak larregi ez du argitzen. Hona hemen bi zertzelada:

  • “Eredu eleaniztuna izango da. Behin LH eta DBH amaituta, B1 eta B2 tituluak, hizkuntza bietan, ikasleei emango diezkiete, hurrenez hurren, eta euskara ere ardatz izango du, beti lekuan lekuko hizkuntz gunea kontuan hartuta”

Euskararen murgilketaren aldeko apusturik ez dago. Hau da, ikastetxe bakoitzak nahi duena egingo du, kontrol seriorik gabeko gaur egungo egoeran. Berez gaurko D eredua eleaniztuna bada, espainiera eta ingelesa irakasgaiak irakasten dituztenean, batez ere, Hego Euskal Herrian. Kontua da, ziurrenik, beste irakasgai bat gehiago sartu nahiko dutela ingelesez euskarari kenduz eta kaltetuz. Hala bada, erabat ulertzen da nahita ez aipatzea murgilketa eredua.

  • “Beren ingurune soziolinguistikoak (lekuan lekuko hizkuntz gunea) eskatzen duen neurrian, helburuak lortuko ditu”

Gune erdaldunduko ikastetxe batek, bere hizkuntza eta hezkuntza proiektuak egiteko orduan, autonomia eta ahalmena izango lituzke lortu beharreko euskara maila ederto kamusteko. Horrela, euskararekin lortu beharreko B2 helburutik urrun egonik, erdarari lehentasun gehiago emango liokete. Baina, Euskal Herriko txoko batzuetan (Bilbo Zaharreko San Frantziskon, adibidez) swahili eta arabiera izan daitezke hizkuntzarik mintzatuenak. Orduan, ingurune soziolinguistikoagatik, laster helduko dira irakas hizkuntzak izatera.

Gaur egun, DBH gainditzean, B1 ematen zaie euskaraz ikasi duten ikasleei. Hala ere, kasu askotan euskararen jariotasunik eza agerian geratzen zaie ikasle askori. Azkenengo ikerketek hori baieztatzen dute, hamarretik lauk behar besteko ezagutzarik ez baitauka. Beraz, euskararen exigentzia maila B1-tik B2-ra igotzea, ingeles gehiagorekin eta benetako euskarazko murgilketarik gabe, nola ziurtatu nahi dute hori benetan? Bigarren hezkuntzaren gutxieneko mailara iritsita, B2 titulua doan emango zaie? Irakas sarean sartu nahi duten gaztelaniak zenbat ehuneko gehiago izango luke izan ohi duenaz gain?

Hezkuntza sistemak ume euskaldunen euskara hiltzen du!

Erabaki ausartak behar dira ume garaitik nerabera arteko euskararen transmisioa zein erabilera ziurtatzeko. Hau da, benetako hizkuntz murgilketa behar da. Ume euskaldunen taldekatzeak euskara babesten du, euskara ardatza izanda. Aldi berean, umeak beste hizkuntza ezberdinak jasoko ditu inguruko erdaren nagusigorik barik, frantsesa eta espainiera.

Era horretara eta nola ez bestela, euskal hiztuntxoak txikitatik adibide ezin hobe bihurtuko dira erdal umeei begira, ze euskaraz hitz egiten entzungo baituzte erdaldun txikiek. Hortaz, bada garaia alderdi politikoek adostutako hezkuntza legearen zirriborroak ume guztientzako euskarazko murgilketa jaso eta bete dezan. “Arnas Dezagun” ekimenak proposatzen duena beharrezkoa da euskara bizirik mantentzeko.

Baskongadetako Hezkuntza sailburuaren esaldia ahotara ekarriko dut. D ereduko ikasleen euskararen ezagutzaren porrotaren ehuneko baten harira, ez dugu zertan “unibertsitate amaierako argazkiaren zain itxaron”, ordurako, oasi gabeko lorea etzango da basamortuan!

Hezkuntza sistemak ume euskaldunen euskara hiltzen du!

6 pentsamendu “Hezkuntza sistemak ume euskaldunen euskara hiltzen du!”-ri buruz

  • Guztiz bat egiten dut artikulu honetan jasotakoarekin. Emaitzek agerian uste dute umeen elkarren arteko euskararen erabilera eskasa, zer esanik ez apur horretan darabilten maila. Eremu erdaldunetan bizi garen gurasoen desesperazioa ez da makala. Eremu hauetan euskaraz bizitzea ia ezinezkoa da. Ekina baragarria da bai, baina ekina horretan gure seme alabak ahaldundutzea lortzen dugunean, ordean jasotzen dugun saria SAKABANaKETA da. Aniztasunaren eta inklusioaren izenean, amen. Familiak abiatutako ahalduntze prozesu hori guztiz zapuztea.

  • Sinestezina iruditzen zait. Hizkuntza bat desagertarazteko diseinaturiko estrategiak zelako inpunitatez jartzen diren indarrean. Gure herriaren etorkizuna funtzionario mediokre eta txotxoloen eskuetan utzi dugu. Bada garaia holako jendeari aurre egiteko. Negar gutxiago egin behar da, ta tokian tokiko galerazten digutenei hortzak erakutsi!

  • Berretsi dezaket hori dela euskaldun haurrek Bilbon behintzat bizi duten errealitatea tamalez. SOS mezu bat bere burua euskalduntzat daukaten politikarientzat!

  • Zigi: Bilboko egoera? Bilbokoa soilik? Nafarroan, ni bizi naizen euskal eremuan eta ezagutzen ditudan lau eskoletan umeak ez dakite euskaraz, nahiz D ereduan ikasi. Euskararen ezagutzaren bilakaera ustelduz joan da. Orain 30 urte ikasten zuten, 3 eskoletan franko poliki. Orain 4 horietan ez dute ikasten, azken bi urte hauetako azterketa egin dut eta baten batean 10 urteko haurrak ulertu ere ez dute egiten. Ulertu ere ez!
    Non daude gurasoak? Nork esan behar die beren umeak ez direla euskaldunak? Non daude irakasleak? Goxo-goxo, beren ikas-gelan babestuak?

  • Funtzionario txotxoloak? Baliteke, baina haien gainean diren agintariak ez dira hain txotxolo, badakite non dituzten beren interesak (politiko, sozial, ekonomiko), hartara jotzen dute eta euskaraz ez dute axolik.
    “Arnas dezagun”, ez etsi. Bestela zer akabera hitsa…

  • Egun, Batxillergoa bukatuta B2 agiria ematen zaie denei, baldin eta ikasgaien erdiak euskaraz eman badituzte, jakiin arren ikasleen erdiek ez dutela euskarazko maila nahikoa eskuratzen (Ebaluazio-Diagnostikoak esana).
    Administrazio publikoetan lanpostu bat eskuratzeko ere, euskarazko exijentzia maila jaitsi nahi du Jaurlaritzak.
    Ikasleen euskarazko gaitasun beherakadari, agiriak erregalo emanez erantzuten dio EAJ-PSE koalizioak, eta orain badirudi EHBilduren laguntza ere lortu duela. Hezkuntza-itun berriari eta 47/2012 Dekretuari esker (Celáa dekretua), euskara-maila egiaztatu beharrik gabe B2 agiriarekin aterako dira eskolatik ikasle guztiak. Alderdi abertzaleek ere, edozein akordio erdiestea edukien gainetik jarri dute, euskaldunon (euskararen) kaltetan.