Konstituzio berria norentzat?

Konstituzio berria norentzat? –

Txiletik etorri berri naiz. Garai hauetan bidaiatzeko zortea izan duen hoietako bat naiz. Txilera lotzen nauen haria familia da. Hau dela eta gertuagotik jarraitzen ditut herrialde luze honetako gertaera politikoak. Bidai honetan, 2019ko urriko erreboltak ze nolako eragina izan duen jendartean ikusteko irrikan geunden.

Konstituzio berria norentzat?

Kaleetako margoketetan islatzen da jendartearen antolakuntza eta parte hartze politikoa asko handitu dela. Izkina ugarietan agertzen dira herri baratzak, memorialak edota aldarri anitzak. Baina sakoneko moldaketarik egon ez dela langileen eta pobreen egunerokotasunak baieztatzen du. Urteetan ereindako berdintasun eza aldatzeko bidea luzea izango da. Kaleetan esaten dute “pandemiak salbatu zuela Gobernua”, aurreko urteko martxoan, COVID19k sortutako egoerak geratu baitzituen udaren bukaeran abiatu behar ziren dinamika eta protesta ugari. Hala ere, sua ez da guztiz inoiz itzali eta oztopoak oztopo egungo egoerak aukera berriak ditu, borrokak erditu dituenak.

Aukera edota arrisku berrien artean Konstituzio berria sortzeko prozesuaren eztabaida dago. Konstituzioa aldatzeko erreferendumaren emaitzan baiezkoa gailentzea herri borrokaren lorpena izan zen. Erreferenduma aldiz ez zen kaleko aldarria, baizik eta alderdi politiko gehienen arteko akordio baten parte bat, kalean zegoen egoerari erantzuteko helburuarekin idatzia izan zena. Hau horrela izanda, antolatutako sektoreen artean erronka honi heltzeko apostu ezberdinak daude.

Batzuen ustez, prozesu konstituziogile hau, politikarien interesei erantzuten die soilik. Haien esanetan, politikari guztiak kolokan jartzen ziren unean, gobernuan zeudenek eta opozisiokoek egoera bideratzeko akordioa sinatu zuten. Kalean zilegitzat hartzen ez zen ordezkaritzari heldu zioten eta bideorriaren parte handi bat diseinatu zuten, herritarren aldarriak beraiek sinatutako akordiora menperatzen. Hau dela eta, zenbaitek konstituzioa aldatzearen alde egin baitzuten, ez dute hau idazteko prozesuan parte hartuko. Bestetik, prozesu honetan indarrak jartzeak, herri antolakuntzari kentzen diolakoan daudelako.

Prozesuan parte hartzeko apostu egin duten kaleko herritar batzuen artean zalantza asko dago. Argi dute eszenatoki hori ez dela berain joku zelai nagusia, eta erreferentzia beti kale mobilizazioak izan behar duela. Konstituziogileak hautatzeko metodoa alderdietako politikariak laguntzen dituela  salatzen dute askok ere, eta ondorioz, kalean aldarrikatzen zenaren kontrako prozesua ari dela eratzen.  Hau horrela izanda, bertan parte hartzeko aukera egin dute eta hautagiak aurkeztu dituzte. Beraiek erabakitako bidea ez dela onartuta, egun Txilen dagoen gertakari politiko honetan parte hartzeko aukera hau galdu nahi ez dutelako.

Ez da lehenengo aldia Txilen aldaketak bozkaketen bitartez irudikatzen direla. Egun indarrean dagoen Lege Nagusia, zalantzan jarria izan zen erreferendum batean onartu zuten 1980. urtean, Pinocheten diktaduraren erdian. Baina txiletar guztien burmuinetan dagoen plebiszitua 1988.koa izan zen. Honetan Pinocheten jarraipena bozkatua izan zen eta diktadoreak galdu zuen. Izugarrizko garaipena izan zen hura Pinocheten jopuntuan zeuden borrokalari guztientzat, baina alderdiek gidatutakoa. Osteko urteetan, jarraitutako bide instituzionalak exijitzen zuen label demokratikoa  bete nahian, alderdi askok, komunistak barne, beraien magaletan sortutako antolakunde edota mugimendu iraultzaile asko baztertu zituzten.

Zaila da bide instituzionalak eman eta kendu ahal duena neurtzea. Historiak erakusten digu borroka instituzionala estrategia nagusiago batenpean kokatzen denean, bitarteko bat izatetik helburua izatera pasatzen dela askotan. Eta helburu bihurtzen den momentutik nagusitzen da gainontzeko fronte politikoen aurrean, lehiaketa politiko burgesaren araberako arauak bere espazio politikoetan legea bihurtzen eta helburu nagusia hauetan jartzen.

Zalantzarik gabe, Txilen hurrengo hilabeteetan askatu beharko duten korapiletako bat da prozesu konstituziogilea eta hau inguratzen duten afera guztiak. Baina hegoaldeko herrialde honetan soilik ez, munduko mugimendu asko zeharkatzen duen arazo bat da hau. Euskal Herria ere ez dago salbu.

Konstituzio berria norentzat?
Konstituzio berria norentzat?