Kataluniako hauteskundeez espero dena (kanpainan zehar iraultzarik gertatzen ez bada)
Horiek dira, gutxi asko, inkestek aipatzen dituzten bi ezaugarri nagusienak. CiUren nagusigo ia erabatekoa eta hirukoaren (Montilla buru duela) gainbehera.
Zer gehiago?
- Azken inkestek (Bartzelona-Real Madrilen partida astelehenera atzeratu arren) %60 inguruko parte hartzea espero du. CEOren inkestak %64,5an kokatzen zuen arren, nekez helduko da %70era. Hiru miloi inguru kataluniarrek bozkatzea espero da (agian gutxiago ere izan daitezke).
- 3 milioi horietatik 1.300.000 CiUrentzat izango direla espero da. Aurreikuspenak beteko balira, CiUk gehiengo absolutua lortzetik hurbil egongo litzateke. 1984an boto kopuru horretan egon eta %64,4ko parte hartzearekin hala egin zuen, eta alde horretatik, fidagarria da orduko datua. Artur Mas buru duen alderdiak 58 eta 65 eserleku artean lortzea espero da.
- Montillaren alderdiari (PSC) dagokionez, 800.000 eta 600.000 botoren artean mugitzea espero da. Egungo 37 eserlekuetatik 27 eta 31 artean lortzea espero dute. Hau da sei-hamar eserlekuko jaitsiera aurrikusten dute. La Vanguardiaren analisietan aipatzen denez, errekor negatiboa izango litzateke jaitsierei dagokienean. Oro har, jaitsiera hau hirukoaren alderdei guztiei aplikatuko zaie.
- Esquerrak ere, parte hartzearen arabera emaitza hobeak lortzeko aukera izango du, baina lehen ideia 300.000 botoren inguruan mugituko dela da. 13 eta 17 eserlekuren artean lortzea espero da. Esquerra, inkesten arabera, 1995eko zenbaki eta ordezkaritzetara itzuliko litzateke, honenbestez.
- Alderdi Popularrak babes handia izateko itxaropena iragarri du, nahiz inkestek 2003ko datuen inguruan ibiliko dela esan (400.000 boto eta 15 eserleku). Aurreikuspenek, 13 eta 16 eserleku artean lor ditzatekela diote.
- ICVk lortuko duen babesa inkognita bat da. Hirukoaren eraginez apur bat jaistea espero da, baina beste inkesta batzuek 1995eko zenbakietan kokatzen dute (300.000 bozka baino gehiago). 11 eta 12 eserleku lor ditzaketela iragartzen da.
- Ciutadansek ordezkaritza errepikatuko ote du? Gorabehera asko izan ditu alderdiak sortu zenez gero eta Legebiltzarrean jokatzen duen papera ere hautesleek nola baloratuko duten ikusteko dago. Eskuinetik Alderdi Popularra piztu egin da eta ze eremu politiko geratzen zaien argitu beharko lukete.
- Alderdi independentistek ere jokoa eman dezakete. Alde batetik Bartzelona futbol taldeko presidente ohiaren (Joan Laportaren) Solidaritat dago. Bestetik, Carreteroren Reagrupament. Ordezkaritza lortzeko 75.000 bozka eskuratu beharko lituzkete gutxienez. Hauen lur elektorala zein den aztertzeko dago, Laportarena bereziki, eta zail da aurrikuspenik egitea.
- Parte hartzearen arabera, datuek gora-beherak izan ditzakete, baina analistek zehazten dutenez, parte hartzea gorabeheratsua izango da: ezkerreko indarren artean oso baxua eta zentro-eskuinekoen artean altua, balantzak CiUren alde egitea ekarriko lukeelarik (nahiz PPren datuak ere, inkestek diotena diotela, kontuan hartzekoak izango diren).
Irudia | Hauteskundeak Katalunian: zer espero duen alderdi bakoitzak | Intereconomia | Creative Commons By SA