Zubereraz egingo du biharko bertsolari finalak

Amets Arzallusek ARGIAn dio arnas bat, kolore berri bat ekarri duela Etxebarriak Xilabara, “Joanes izan da niretzat Xapelketa honetako ilusio injekziorik handiena”. Barkoxekoak hau du bere lehen finala eta zuberera finalean entzungo dela-eta, “harro” dago, Bertsoa.com-en egin dioten elkarrizketan dionez; “ezustekoz ezusteko” iritsi da finalera, “lehen saioa pentsatzen nuen azken izanen zela”. Joanes Etxebarriaren arabera, “bidea emeki egiten ari da Zuberoako bertsolaritza”.  “Finaleko ardi beltza”, dela dio bere buruaz, zazpi lapurtarren artean. Gainerako zazpi finalistak Amets Arzallus, Sustrai Colina, Xumai Murua, Miren Artetxe, Eneritz Zabaleta, Ekhi Erremundegi eta Odei Barroso izango dira. Etxebarriarekin batera, Eneritz Zabaleta izango da finalista berria, Maddalen Arzallusek eta Karlos Aizpuruak duela bi urte bete zuten lekuan.

Dirua jokatu nahi duenak, baina, ez du normalki Joanes Etxebarriaren alde egingo. Daukan zientifikotasuna izango du, baina egun hauetan Berriak egin duen inkestaren arabera, Amets Arzallus da txapela janzteko faborito nagusia, alde handiarekin. Duela bi urteko txapelketa ere puntutan koska atera zien gainerakoei, baina hainbat kronikaren arabera, Sustrai Colina izan zen publikoko askoren ustez gehien iritsi zena. Arzallusek berak aitortu zion Garari Colinak kartzelakoan eman zion energiari esker irabazi zuela txapela. Orduko Berriako eta Garako kronikek dena den, txapelketa giroaren gainetik, emozioen, euskararen eta kalitatezko bertsoen besta izan zela nabarmendu zuten. Ia 2.000 lagun batu ziren Donibane Lohizuneko Jaia Alai pilotalekuan.

Biharkoan ere marka hori dute buruan antolatzaileek. Lekua berbera izango da, Donibane Lohizuneko Jaia Alai ezkerparetan, arratsaldeko 5etan. Sarrerak oraindik salgai daude.

Bihar abestuko duten bertsolariak, finalaren aurkezpenean

Irudia | Bihar abestuko duten bertsolariak, finalaren aurkezpenean | Xilaba | LGPL
bertsoak, ipar, Ipar Euskal Herria, Joanes Etxebarria, Xilaba
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Zubereraz egingo du biharko bertsolari finalak”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude