Kanariar Uharteetako petrolioaren galdeketa azaroaren 23an

galdeketaLegeari izkin egiteko galdera bihurria aurkeztu du Paulino Rivero Kanariar Uharteetako presidenteak: “Kanariar Uharteek ingurumen eta turismo politika aldatu behar dutela uste duzu petrolio eta gas zundaketengatik?”. Repsol-ek abian jarri nahi duen petrolio ustiapen industria eragotzi nahi dute galdeketa honekin. Azaroaren 23an izango da, Espainiako Konstituzionalak debekatzen ez badu. 2.200.000 lagun bizi dira irletan.

Galderaren bihurriak baditu bere arrazoiak. Logikaz, erabili beharreko itauna hau litzateke: “Kanariar Uharteen kostaldean petrolioa ustiatzeko zundaketak egiteko planaren alde zaude?”. Horren erantzuna aplikatzea, ordea, ez da Rivero presidentearen gobernuaren eskuduntza, Espainiarena baizik. Hartara, galdeketa erraz debekatzeko modukoa litzateke. Proposatutako galderak, aldiz, emantzat jot du zundaketa eta beraz Kanariar gobernuari galdetzen dio bere esku dagoena, ingurumen eta turismo politika aldatu ala ez. Jokoa bere onera ekarriz, baiezkoa zundaketen aldeko botoa litzateke, ezezkoa kontrakoa. Formulazio ilun hau hautestontzietara eraman nahi du Kanariar Uharteetako gobernuak, galdeketa lege autonomikoan babestuz.

Galdeketak pilatzen ari zaizkio Espainiako gobernuari, eta Auzitegi Konstituzionalera bidean jarriko du Kanarietakoaren aurkako helegitea ere. Hau ere debekatuko ote dute?

Informazio gehiago:

Petrolioaren aurkako koordinakundea

La Provincia

Canarias7

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra