Kamel Daoud intelektual aljeriarraren burutazioa

Kamel Daoud intelektual aljeriarraren burutazioa –


Kamel DaoudDenok dakigunez, garai hauetan, Europako hainbat herrik imigrazio inportante bat ezagutzen dute, ez bakarrik Afrikatik, baina parte handi batean handik etorria. Horrek, eta kasik gure begien aurrean, sortzen ditu jasanezinezko dramak Mediterraneo itsasoa txalupa kaskarrez zeharkatzean. Eragintzen du aski erraiten ez den giza-galera kaltegarria abandonaturiko Afrika berean, baita, azkenean, arazoak ere harrerako herri batzuetan, oso ahuldua den gurean barne.

Zuzeun bertan, Beñat Hach Embarek Irizarren artikulu baten ondotik, berriki debate interesgarrian ikusi dugun bezala, imigrazio horren ondorioen aurrean gure erreakzioak anitzak dira, oso kezkatuak ala optimistak, pasionatuak eta usu elkarren kontrakoak.

Eztabaida gaietariko bat imigrazio horren arrazoiari, edo hobeto esanda, arrazoiei berei zegokien. Pentsatu dut kasualidadez irakurritako testu hau interesgarria litzatekeela fenomeno zabal horren aspektuetariko bat argitzeko. Izan ere, ene ustez testu horretan erakutsitakoa, ezin da arrotz izan harreraren ondorengo integrazioaren gaiarekin. Gaineratuko nuke Aljeriako gazteriaren giro errogabetu hori ez dela erabat arrotz gure gazteriarenarekin, Iparraldean batez ere.

Testua da Kamel Daoudena. Esaldi ulertezin batzu frantsesez utzi ditut eta interpretazio bat aurreratu bukaerako nota batean. Idazle eta berriketari aljeriar honen biografiaren zenbait lerro labur aurkituko dituzue itzulpenaren bukaeran. Orain, goazen idazlearen testuaren mamira:



Aljeria abandonatzera bultzatzen gaituzten bi edo hiru arrazoi

Itsasuntziratzen gara sasian (1) sartzen ginen bezala: libertatearentzat.

Zergatik uzten dugu Algeria? bizpahiru arrazoiendako.

Lehenik etorkizun bat bilatzen dugulako, eta hemen iragana baizik ez dago. (Même pas du present, de la presence) (2). Gero hemen aspertzen garelako. Izigarriki. Nazionalki. Herri zaharra, hitsa, aisialdirik gabea, irri egiteko gutikoa, psikozurruna (3), susmoz betea, mesfidati eta leihoen, gariten eta aurpegien gibelean hetsia. Beteranoen eta islamisten puritanismoak dena hertsatzen du. Herriak ekoizten ditu fatalismoa, petrolioa, txalupak eta mezkitak. Koartel eta mesfidantza usaina dauka.

Biltzen gaituena, hau esan beharra dago, ez da ikurriña, baizik eta herriko mugak. Ireki ditzagun bi egun segidan, zentzu guzietan, eta Herria hustuko da salbu eta korrika egin ez dezaketenentzat edo (ceux qui y gardent un peu de dignité retrospective) (4).

Bortitza da, gordina eta karatsa, baina erran beharra dago. Erratzea da pentsatzea, alabaina, harragak (5) gosez hiltzen direla, eta beste norabait joaten direla soldata-bila eta ogi-bila. Ez, Algeriako boat people-ak asperdurarenak dira ez eta ogiarenak (6).

Kamel Daoud intelektual aljeriarraren burutazioa
Arg_ Aljeriako herrixka. Valentos SG (Flickr)

Erregimenak debaldetan eskaintzen ditu subentzio, diru eta labore tripak eta izpirituak desbideratzeko, baina ez da oraindik aski eraginkorra. Iparralderunzko txalupak asko dira beti, nahiz eta ezkutatu nahi dituzten eta denei traizio-krimentzat agerrarazi. Erregimena zaharra da eta berriz populuaren hiru laurdena gaztea. Bien artean ez dago belaunaldi-gatazkarik baizik eta ezkontza bortxatua, baina batzuek ez dute ezkontza hori gehiago nahi. Orduan alde egiten dute.

Ezin da jendea beti atxiki ogiarekin bakarrik, zentzua eskaini behar zaio, baina  erregimen horrek zentzua ez dauka. Entseatzen da bada, baleki bale, islamistak eta hedabideen populistak baliatzen zentzua fabrikatzeko baina ez du funtzioantzen. Herria da ihes egiten duen lur bat. Itsasuntziratzen gara sasian sartzen ginen bezala: libertatearentzat.

Abandonatzen dugu herri hau bertan aspertzen garelako. Osatua dago ehundaka mila herriskaz zeinetan ez den ez zinemarik, ez aisialdirik, ez pizinarik, ez toki berderik, ez arbolik ezta libertaterik ere. Bakarrik badira predikuak lizeotan Batna-n bezala, (guerisseurs colorés) (7), debekuak eta sintsakeria. Hogei urtetan bizi gara ehun urte lituzkeen bat bezala. Baditugu hezur-falta, maingu-ibilera, (vers la fin) (8), eritasunari eta parabisuari buruzko berbaldia, fatwa-en bilketak, eta jausten den eskaileraren antzeko aurpegiak, libido biziosa eta kontserbatismo bortitza.

Erregimena zaharra da, instalatua, geldoa, hitsa eta mokorra. Herri osoa eratu du bere idurira. Aisialdiak ez ditu ikusten premia bat bezala, urgentzia bat direlarik, egonkortasunarentzako premia bat. Ez dugu denok Bouteflikaren adina. Hogeita bost urtetan sailburua izaiteko eskubidea daukagu, edo bestela  jostatzeko (autant que si l’on a été) (9)  bera bezala, adin horretan.

Beraz abandonatzen dugu herri hau behetik etsipen usaina duelako, eta goitik mendebaldearen irudia ikusten dugulako, etorkizunaren irudikapena, geroarena aisialdiena, Erregimeneko sailburuen kasik haur guziak, jende ahaltsuenak, aparatuetakoenak eta zerbitzarienak mendebaldean bizi dira. Ouyahiak (10) sentimentu nazioalisten bokala inharrosten ahal du, Sahara haraindikoez hitz egin inbasio kutsaduna balitz bezala, «herriarteko konplotaz» eta oposizioetaz trufatu ere, baina ezin du ezkutatu arau hau, berak eta haren kideek onartua: Haurrak salbatu behar dira eta beste nonbait kanpoan biziarazi. Mezu hau gordina da, zuzena eta bortitza.

Nazionalitate bikoitza debekatua da erregimeneko arduradun altuentzat, baina haien mezua argi da: gure haurren etorkizuna ez dago Aljerian. Bakoitzak badu horrela pentsatzeko eskubidea eta onar dezakegu gobernu buru batek bere familia desterra dezan edo partitzetik ezin dezan eragotzi.

Gizatiarra da, ulertzekoa da, eta beharbada kronikalaria berak gauza bera eginen du. Orduan ahopeka errezitatu behar dute nazionalismoari buruzko diskurtsoa, harragak presondegian ez sartu, aitortu egiten dutela ahal dutena, eta denak gizatiarrak garela. Edo utzi Herri hau egiazki salbatzen ahal (et pas seulement sauver les liens de son sang en jouant sur le sang des martyrs) (11).

Herri bat da haurrak handitzen ikusi nahi dugun tokia; bestenaz, horrela ez bada, ez da egiazki herri bat, edo izateari utzi dio. Proiektu bat izan daiteke behi bat, hoditeria bat, desira bat, kanpamendu bat, mezkita bat eskuak eta oinak garbitzeko zeruaren esperoan, edo kanbio-erreserba bat.

Herri zahar bat

Azken aldian, Aljerren egin zen auzapezen bilkura batean, barne-sailburu triste batek meza bat antolatu zuen bere Presidentearen argazkiaren itzulian. Poster handi bat, zinta xuri-berde-gorri batek zeharkatua. Ez zitakeen deus hoberik egin diktaduraren eta menpekotasunaren folklorean. Lankide kronikalari batek erraiten zidan bezala, dikadura da sustut obedientzia-abusu bat, ez eta botere abusu bat. Eszena horrek markatzen du, umiliatzen du, eta erakustera emaiten du hori antolatu dutenen neurri mikroskopikoa. Kopia batzuk irudikapen bat gurtzen. Argazki bat.

Mendebaldea bezala: hau ere aljeriarrek telebistan ikusten duten irudi bat da, hegotik iparrera. Bizitu nahi dute, bertan irriz murgildu, gozatu. Beraz Herria ere da irudi bat eta mendebaldea beste bat. Eta hautua egina dago. Beduino horrentzat bezala aljeriar gazteentzat. Bakoitzak atxikitzen du bere pasioaren argazkia. (tout ca pour dire que le pays est comme un terrain vague entre un banc et une photo) (12)

Aljeriar gazteak aspertzen dira, islamistek, populismoak edo futbol zelaien nazionalismo aluzinagarriak zikiratzen ez dituztenean. Nahi dute alde egin, igerikatu, jan, irri egin, dantzatu, musu eman, besarkatu, jauzi egin, bidaiatu, zeharkatu, tinkatu, hanpatu, bestela esanda erregimen honek egiten ahal ez duen guzia, egin nahi ez duen guzia, egitea amesten ez duen guzia.

«Ene herrian ez dago bibliotekarik, ez zinemarik, ez biltokirik, ez futbol zelairik, ez kafetegirik, ezta jatetxerik ere. Bost mezkita daude, ordea». Hau irakur zitekeen Facebooken, hainbeste min egin zidan oihua. Herri ederra,  jainkoaren izenean irakurritako gutunak, baita presidentearen izenean irakurritako gutunak ere entzutera bortxatua..


Biografia laburtua
Kamel Daoud, 1970eko ekainaren 17an, Aljeriako Mesran herrian sortua, frantsesez idazten duen idazle eta berriketaria da. 2015ean bere lehen nobelak Goncourt saria lortu zuen. 1994an sartu zen Quotidien d’Oran egunkarian, eta bertan erredaktore buru izan zen zortzi urtez. Kronikalari eta zutabe egile hainbat hedabidetan : Le point, Le Monde des Religions, New york Times.

NOTAK

  1. Maquis” testuan, frantziarrentzat erresistentzia hitzaren zentzua dauka.
  2. Frantsesez ere ez da batere argi eta ene baldintzapeko interpretazioa litzateke: “jendea gorputzez Algerian bizi dela ( presentzia) baina gogoz beste nunbait bizi dela ( ez presentea)”   
  3.  “Psychorigide” testuan.
  4. Ene baldintzapeko interpretazioa: ” duintasun sendimendu bat atxiki dutenak” . (orduan “retrospectif” horrek zentzuari ez lioke deus gehituko)
  5. “harraga”hitzak eskapatzeko txalupa erran nahi duela pentsazen dut.
  6. “Semoule” testuan, hau da, kuskusa egiteko baliatzen den laborea.
  7. Hona hitzez hitzekoa “kolorezko sasi sengagile” marabutez mintzatzen ez ote da?
  8. Hona hitzez hitzkoa “burkaeraren aldera”   baina  “ororen buru” erran nahi ez ote du? 
  9. Hona hitzez hitzekoa: “izan  bagine bezainbat” baina hiru hitz horiek ere ez dute deus gehitzen zentzuari lausotzen baizik.
  10. “Ouyahia” oso luzaz  politikan aritutako politikaria da eta orai presondegian korrupzioagatik
  11. kondenatua.
  12. Hona hitzez hitzekoa:”ez bakarrik bere odolaren lokarria salbatu martirien odolaren gainean jokatuz”  ez dut esaldi hau ongi ulertzen.
  13. Hona hitzez hitzekoa:”Hau guzia da erraiteko herria dela larre bat alki baten eta argazki baten artean”. ez dut ongi ulertzen metafora hau. Beharbada esan nahi luke herria bizi dela ametsa eta pasibitatea artean.

 

Kamel Daoud intelektual aljeriarraren burutazioa
²Kamel Daoud intelektual aljeriarraren burutazioa
Kamel Daoud intelektual aljeriarraren burutazioa
Kamel Daoud intelektual aljeriarraren burutazioa
Kamel Daoud intelektual aljeriarraren burutazioa
Kamel Daoud intelektual aljeriarraren burutaz
ioa

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

8 pentsamendu “Kamel Daoud intelektual aljeriarraren burutazioa”-ri buruz

  • Joseba Aurkenerena 2021-03-10 08:10

    Biziki interesgarria eta iradokigarria, Beñat.

  • Mila esker eztabaida modu eraikitzailean aberasteko erakusten duzun prestutasunagatik, Beñat. Estimatzekoa da testu hau euskaratu eta hona ekarri izana, oso interesgarria eta kontutan hartzekoa iruditu zait.
    Agur bero bat

  • Alpargatero 2021-03-10 13:19

    Aspertzen direlako? Benetan? Eta horregatik onartu behar ditugu etorri nahi duten guztiak?

  • Beñat Castorene 2021-03-10 23:20

    Bai Alpargatero, benetan, Algerian bederen. Gazteriaren ehunekoa biziki handia da eta lanik ez aski denentzat. Alta Algeria oso ederra da, aberastasun naturalak baditu, ez dira gosez hiltzen eta manifestaldiak egiten ahal dituzte (Ipar-Korean ez bezala) baina Mendebaleko herrien bizimodua telebistan ikusten dute, idealizatzen dute eta haiek ere goxatu nahi dute guk bezala, herria abandonatu behar baldinbadute ere..
    Zer tristezia independentzia irabazi eta hirurogei urteren buruan!
    Zer frakasoa klase politikariarentzat!
    Artetik erraiteko, ikusten da etsenplu horretan herriarekiko atxikimendua ez dela beti eta denetan absolutu bat. Sentimendu fragila da han eta hemen.
    Beharbada Daoudek exageratzen du eta bere sentimenduak herride guziei esleitzen dizkie?
    Zer nahi gisaz, erratzeko sobera arriskurik hartu gabe, erran dezakegu bizimoduaren erakargarritasuna ere imigrazioaren arrazoi inportante bat dela dudarik gabe. . . .

  • Beñat Castorene 2021-03-11 09:08

    Daoudek erakutsiko liguke Algeriako populuaren parte baten “errogabetasuna”, gaztetasunanen parte batena alegia.
    Errogabetasun horrek eragintzen du atzerriko bizimoduaren lilura (edo alderantziz) eta ondorioz emigrazioa.
    Beste zentzuan, harrerako herrietan, jende berorien imigrazioak neurri bat gainditzen duenean, eragin dezake edo erraztu ere bertako jendeen errogabetzea, arrazoi bakarra eta inportantena ez izan arren. . Izan ere, harrerako herri horien biztanleek ere, beren txandan, mirets baidezakete beste herri aberatsago eta potenteago baten bizimodua eta hizkuntza Estatu batuena adibidez, baina nola ez erran Frantziarena edo Espainiarena oraindik ere.
    Eznakike egon aipatu gabe denek ezagutzen dugun musika anglosaxoiaren eta hizkuntza beraren alderako pasioa. .. . .

  • Pertsona baten iritzia da, baina zinez interesgarria. Nik ere, Algeriari buruz dudan ezagutza exkasarekin, islamismoa eta independentziatik sortutako gobernua jotzen nituen arazo garrantzitsuenetzat. Frantziarekiko “askatasuna” bilatzen zutenei emandako babes akritikoak kalte handiak egin zizkion Algeria berari, nik ez dut gehiegi ezagutzen, baina Albert Camusek egiten zituen kritikak oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Bestetik islamismoaren arazoa izugarria dela deritzot, hemendik ematen den erantzun ñoñoa bezain izugarria. Adibide bezala, oroitzen dut Ur handitan saioan etorri berria zen adingabe magrebtar batek nolako laguntza jasotzen zuen erakutsi ziguten, laguntzaile sozialak (hau ere magrebtar jatorrikoa) bizkaian integratzen laguntzeko mezkitara eramaten zuen, gainera Barakaldoko Atawid mezkitara, euskal mezkitetan fama okerrenetakoa duena. Besterik ez dugu behar (bai eta magrebtar gaztetxoak), jatorrizko islamismo zapaltzailetik ihes egin eta euskal herriko bihotz oneko jendeak islamismoaren atzaparretara bidali. Adibide bat da, baina min eman zidan, errespetuaren izenean zapalkuntza babesten dugu, bai hemen eta bai hirugarren munduan.

  • Aberasgarria ez dakit, baina zaplazteko ederra eman diozu Beñati. Hor ari zen “nekez uzten du aberria…” poeta moduan eta, zapla!

  • Beñat Castorene 2021-03-11 23:00

    Che, tronpatzen zara, ez da hemen inolako zaplastekorik eztabaida normaleena baizik; Erakutsi nahi nuen gosearen, miseriaren eta zapalkuntzaren arrazoi objektiboek berek bakarrik ezin zutela gaurko migrazio fenomeno harrigarri hau guzia esplikatu; Nolazpait, globalizazioak miretsarazi mendebaldeko bizimoduaren erakargarritasunetik zetorrela.
    Beñatek ongi ezagutzen zuen testu honen existentzia, horretaz mintzatu ginen eta bultzatu ninduen itzulpena argitaratzera.
    Denok batera inteligentzian handitzeko, zinez hobe dugu alferrikako zaplazteko bezalako hitzak gure artean ahanztea.
    Eta gau on denei; .