Kalasnicov eta desmilitarizazioa
Kalasnicov eta desmilitarizazioa –
“Zer egingo zenuke zure etxea babesteko Kalasnikov bat hartu behar duzula aginduko balizute”. Honakoa da mintza-saio batean mahaigainean jarri nuen buruhaustea. Hariari heltzeko Ukrainiako adibidetik hasi ginen, bertako lehendakariak 18-60 bitarteko gizonezkoei betebehar hori jarri baitie. Mota guztietako erantzunak jaso genituen. Inork ez zuen zalantzan jartzen herritar horiek duten defentsa eskubidea, aldiz, hortik aurrerako ekarpen guztiak zalantzaz eta nabarduraz bete ziren.
Zer da garrantzitsuagoa, zer da eraginkorrena ?, zer da zilegi?, Nork du horrelako agindua emateko gaitasuna?, Norena da erantzukizuna?, zer egingo genuke ukraniarrak bagina?, zer egingo genuke Euskal Errepublika baten lehendakariak horrelako zerbait eskatuko baligu?, zer egingo genukeen 1936 frankistek Irun konkistatu eta gero?… Ihes egitea zilegi da, gurutze gorrian izena ematea zilegi da, haurrak babestea ezinbestekoa da, ihes egin ahal izateko denbora lortzea hil ala biziko kontua da.
1936ean askok alde egitea erabaki zuten; beste batzuek berriz ehizarako eskopeta ala aitzurra eskuan hartuta frankistei aurre egiten saiatu ziren iheslariak babesteko. Aste batzuk irabazi ahal izan ziren, Elgetan geldiarazi zituzten hiltzaileak beste aste batzuetarako. Horri esker milaka pertsonen bizitza salbatu zen. Eusko Jaurlaritzak armak eskatu zituen, gutxi iritsi ziren. Inork ez daki zer gertatuko zen hasierako aste erabakigarri horietan Ingalaterrak eta Frantziak errepublikari lagundu izan baliote.
Orain ere, Ukrainian inork ezin du esan zein den erabakirik hoberena. Noraeza, etsipena, beldurra nagusitu dira berriro. Pandemia huskeria izan daiteke etorkizunak ekar lezakeenarekin alderatuta , ezin jakin garbi; ezin epaitu zorrotz.
Antimilitarismotik eta mugimendu bakezaletik aspalditik iragartzen ari ginena gertatu da: “Disuasio nuklearra Damoklesen ezpata da, guztion bizitza arriskuan jartzen duen joko hilkorra”. AEB izan zen lehergailu nuklearra botatzen lehena, baina jaurti zuen unean ez zegoen gaitasun apokaliptiko hori zuen areriorik. Bere etsai estrategikoak arma nuklearraz hornitu zirelarik, mundua 3. Mundu Gerraren atarian egon zen Kubako eta Turkiako misilen aferagatik.
Kide gehiago elkartu dira nuklear klub beldurgarri horretara: India, Pakistan, Israel, Frantzia, Ipar Korea… Azkeneko urte hauetan guztietan oreka hauskor horrek sortzen zuen egoeraz baliatuz, AEBk, NATOk eta bere alaituek hainbat sarraski egin dute Libian, Panaman, Kosovon, Serbian, Yemenen… zerrenda luzea da, luzeegia. Horrelakoen berri izan dugun guztietan “Gerrarik Ez” oihukatu dugu. Horrelako guztietan errefuxiatuak sortu dira, horrelako guztietan arma trafikanteak aberastu dira. Horrelako guztietan “Gerraren-Jaunak” nagusitu dira.
Oraingoan, Gerraren-Jaun handi bat sartu da joko makabro honetan: Putin. Ez da ordea jauntxo xume bat, potentzia nuklear baten buru despotikoa baizik. AEBk euren gerretan erabili dituzten argudio berberak erabili ditu, eta NATOk lagundu dio argudio horiek hornitzen.
NATOtik ikasi du Putinek, “Disuasio Nuklearra” herri txikiak erasotzea ahalbideratzen dio potentzia nuklear bati, besteak ezin dio-eta erantzun, gerra osoa ez badu nahi, bederen. Putinek bere karta erabili du Txina eta AEBekin duen lehian hobeto kokatzeko. Megalomanoak horrelakoak dira eta zoritxarrez megalomano andana dago Kremlinen, Beijingen eta Wall Streeten. Ordaina kasu honetan Europako , Ukrainiako, zein Errusiako zibilek pairatuko dute, Europa peoi bilakatu baita indar nuklearren xake-taulan.
Zer egin behar den baino, zer ez den egin behar zertxobait argiago dela ematen du. NATOk erasoak egin zituztenean “Gerrarik EZ” leloak elkartu gintuen; errefuxiatuak ekartzeak elkartu gintuen. Ez genuen pentsatu armak hornitzeak zerbait konponduko zuenik. Gure bihotzak uzkurtu dituen gerra berri honetan, aldiz, bi keinu eredugarriek piztu dituzte argi izpi itxaropentsu: Ukrainian tankeen aurrean esku-hutsik jarri diren ukraniarrena; Errusian poliziaren aurrean manifestatzen ari diren errusiarrena. Biak ala biak ari dira une honetan egin daitekeen ekintzarik kementsuena: Gerren Jauntxo guztiei aurre egitea, herrien adiskidetasunaren alde zorrotz borrokatzea.
Putin XIX. mendeko pentsamendu inperialistak bultzaturik, XX.mendeko teknika militarrak erabiltzen ari da, gerra endemikoa sortzea helburu baitu, NATOren antza, biek elkarren beharra dutelako. XXI. Mendeko erantzunek desmilitarizazioa dute ibilbide, pertsonen eta herrien autodeterminazioa, lurraldetasuna ulertzeko modu berriak, naziotasuna kudeatzeko era malguak… Bide horri heldu ezean, gureak egin du.
Kalasnicov eta desmilitarizazioa
“Zer egingo zenuke zure etxea babesteko kalashnikov bat hartzea aginduko balizute?”
Ederto planteatuta eta une egoki-egokian:
nik, lehenik, zeinek agintzen didan pentsatuko nuke, ez baita berdin nire auzoko edo leinuko gidari batengandik edota diktadore bategandik hartzea halako agindua.
bigarrenik, testuingurua eta lekua: zer eginen nuke Donbasen bizi banintz, edota KIEVen. Hots, Errusia sartu eta bere armak ematen dizkidan lurraldean, edota KIEVen, NATOk luzatu dizkigun armak ditugun lekuan.
Dena dela, hemen bizi banitz baino askoz zailagoa duk erabakia, zeren oso gutxi ezagutzen diat hango egoera politikoa, historikoa, kulturala, etab.
Baina KIEVen bizi banitz, ongi informatzeko modua nireganatzen ahalginduko nintzateke. Bazekiat oso zaila dela hori, baina suposa dezagun lortzen dudala informazio klandestinoa, ez dakit nongo eta zelako informazio-gunean (Sareetan izan beharko seguruenik)
Orduan, jakingo nian; KIEVeko herritarra banintz, OTAN dugula handik km gutxitara. Eta badakidala OTAN zelako elementu badaezpadako eta kriminala den.
Bestalde, jabetuko nintzen zehazki non bizi naizen (ez, noski, hedabide ofizial bakarrak desinformatu nauen bertsio bakarrak aurkeztu didan didan markoan, baizik eta nik sumatu ere egiten ez nuen koadroan, ze neu, izatez, gazte samar nauk eta ez nian ezagutzen “Maidan” haren aurretik gertatu zena.
Aldiz, Maidanen gertatu zen errebolta bai ongi ezagutzen dudala, bertatik bertara egon ninduan han-eta, 2014ko udabarri hartan. Baina orain, eskuratu dudan informazio klandestinoaren bidez, aluzinatzen niagok. Ez nekien benetan ezertxo ere han zer gertatu zen sakonean, zeren horixe suertatu ohi da: bertan egon arren, hurbilen daudenak direla BENETAKO ZERGATIEZ gutxien enteratzen direnak.
Eta oraintxe konturatu nauk, ezen OTAN izan zela demokratikoki hautatu genuen Gobernua desbankatu zuena (Maidan protesta hartaz baliatuta (edo seguruenik OTANek eta CIAk eragina, beti izaten baituk aitzakiren bat arrantzale trebeak ur arrea probetxatuz, arrantza madrea egin ahal izateko)
Orduan, orain badakit zeinek agintzen duen hemen benetan: OTANek ezarritako txotxongilo batek eta beren banda paramilitar ankerrek, gure herkide ekialdekoa bonbardatzen ibili direnak etengabe.
Eta orduan zera erabaki diat: nire eskuetan haiek jarritako armarik EZ HARTZEA, neure eta nire herriaren kaltetan izanen delako.