[Simone Weil] Errogabetasuna eta Nazioa XVIII

[Simone Weil] Errogabetasuna Eta Nazioa XVIII –  

Errogabetasuna eta nazioa (XVIII. bidalketa)

Onartu behar dugu egina izan zaigun egoera, zeinak gauza erlatibo, mugatu eta akastunei buruz obligazio absolutuak betetzera derrigortzen gaituen. Bereizteko zer diren gauza horiek, eta ulertzeko nola gure aldetik konposa daitezkeen haien exigentziak, bakarrik ikusi behar da zertan datzan haien erlazioa ongiarekin.

Patriari dagokionez, erroztamenduaren, eta hil ala biziko ingurunearen nozioak nahikoak dira hori ulertzeko. Nozio horiek ez dute frogatuak izateko beharrik, zeren eta azken urte hauetako esperientziak egiaztaten baititu. Nola badiren kultura-inguruneak animale mokroskopio batzuentzat, edo lur mota beharrezkoak landare batzuentzat, berdin norberaren baitan bada arimaren parte bat, eta pentsamolde eta eginmolde batzu herritar batetik bestera dabilzatenak zeinak bakarrik ingurune nazional batean existitzen ahal diren, eta zeinak desagertzen diren nazio hori suntsitua denean.

Gaur, frantses guziek ongi badakite zer zaien faltatzen Frantzia erori denetik. Hori badakite ongi dakiten bezala zer faltatzen zaien jaten ez dutenean. Frantsesek orai badakite, larrua objektu erregarri bati itsasia egoiten den bezala, nola beren arimaren zati bat Frantziari hain den itsasia nun, Frantzia kentzen zaionean, hari itsasita egoiten den, eta badakite horregatik etsaiek arima zati hori erauzten dietela. Badago beraz zerbait zeinari frantses ororen arimaren zati bat itsasia egoiten baitzaio, zati bera eta bakarra da frantses ororentzat, zerbait erreala hunkiezina bezala, eta halaber erreala hunki dezakegun zerbait bezala. Beraz, Frantzia suntsitzeare mehatxuak -eta zirkunztentzia batzuetan inbasioa bera suntsiketa baten mehatxua da- mutilazio fisikoaren balioa dauka frantses guzientzat, eta beren haur eta arra-haurrentzat, eta beren ondoko ikusiezinentzat. Izan ere badira populazioak egun batean konkistatuak izanagatik sekula sendatu ahal izan ez direnak.

Oraiko inbasio hau nahikoa zaie Frantsesei patriaren alderako obligazioa segituan ebidentzia bilaka dakien. Obligazio hori beste batzuekin batera bizi da; ez du derrigortzen beti dena emaitera; derrigortzen du bakarrik noizean behin dena emaitera. Halaber meatzari batek noiztenka dena eman behar du, meategian istripu bat gertatzen denean eta lankideak hiltzeko perilean daudenean. Obligazio hau onartzen eta aitortzen du. Meatzari horrentzat patriaren alderako obligazioa meatzeko hori bezain ebidentea zaio, patria ere errealitate bat bezala konkretuki sentitzen duen ber.Eta gaur patria horrela sentitzen du. Izan ere, Frantziaren errealitatea, bere absentziagatik, sentigarri bilakatu da frantses guzientzat.

Ez da nehor sekula patriaren alderako obligazioa ukatzera ausartu ez bada patriaren errealitatea bera ukatuz. Gandhiren doktrinaren araberako muturreko pazifismoa ez da inolaz ere patriaren alderako obligazio horren ukapena baizik eta obligazio hori burutzeko eginmolde berezi bat. Dakigunez, eginmolde hori ez da sekula aplikatua izan; gainera Ghandik berak ez zuen aplikatu, horretarako sobera errealistea eiki zelako. Frantzian muturreko pazifismo hori aplikatua izan balitz, Frantsesek ez zuten demendreneko armarik erabiliko inbaditzaileen kontra. Baina ez zuten deus onartuko egitea, inungo esparrutan, armada okupatzailea lagunduko zuenik; aitzitik dena egingo zuten oztopatzeko, eta taigabe, amor eman gabe jarraituko zuten portaera horretan. Argi da orduan frantsesak hilko zirela oinaze gehiagorekin, eta kopuru handiagoan. Kristoren pasioaren imitazioa izanen zen nazio mailara eramana.

Bere osoan, nazio bat perfekziotik aski hurbiltzen baldin bada Kristoren pasioa imitatzeko proposatu ahal diezaiogun, seguraz ere merezi du hori proposatzea. Nazio hori desagertuko litzateke baina desagerpen horrek balio luke biziraupenik ospetsuena baino mila aldiz gehiago. Baina ez da horrela. Hain segur, kasik segurki, ezin da inoiz ere horrela izan. Izan ere, arimari bakarrik zaio emana horrelako perfekzionera bideratzea, bere bakartasunaren segeretuan.

Hala ta guziz, gizonak baldinbadira pazifismoaren ezinezko perfekzio horren lekukotasuna emaiteko bokazioa dutenak, botere publikoak obligatuak dira baimena haiei emaitera, are gehiago obligatuak dira haiei baliabideak emaitera. Ingalaterrak, hark, kontzientzia objekzioa aitortzen du.

Baina hori ere ez da aski. Ontsala jende haientzat, merezi luke zerbait asmatzea, haientzat gerlan parte hartze egiazko bat izango litzatekeena, eta soldaduen beraien parte hartzea baino askoz dorpeagoa eta arriskutsuagoa izango litatekeena. Proposamen hau izango litzateke propaganda pazifistaren desabantailen kontrako sendagailu bakarra. Izan ere, injustiziarik egin gabe, proposamen horri esker desohoratuko ginuke pazifismo oso edo kasik osoaren aitzakian modu horretako parte hartzea ukatuko luketen pazifistak. Pazifismoak ezin du gaizkirik egin baizik eta nahasmendua sortuz honako bi arbuio hauen artean. Bata da erahiltzearen alderako gohaindura, eta bestea heriotzaren beldurraren alderakoa: Lehenbizikoa ohoragarria da baina biziki ahula; bigarrena kasik aitorrezina da baina biziki azkarra. Bi gohainduren nahasketak kemen handiko mobila sortzen du zeren ahalgeak ez baitu uzkurtzen eta beldurrak eragiten baitu. Azken urteetako frantses pazifistak ordea hiltzeko uzkur ziren baina ez erahiltzeko, bestenaz, 1940ko uztailean ez ziren horrela tarapataka joanen Alemaniarekilan kolaboratzera. Hiltzearen alderako egiazko gohainduragatik ingurune horietan zegoen jende kopuru tipia deitoragarriki tronpatua izan zen.

Bi gohaindura horiek elgarregandik banaduz, danjer oro ezeztatzen dugu. Erahiltzearen gohainduraren eragina ez da danjerosa; izan ere, lehenik ona da ezen ongiari dagokiolako; eta gero ahula da eta zorigaitzez arrazoi guti dago horrela izaitetik gera dadin. Heriotzaren beldurraren aurrean ahul direnei dagokienez, gupida euki behar dugu haien aldera, zeren gizakiok oro, bederen ez bagara fanatisatuak, noizean behin ahulezia horretaz gai baigara. Aldiz, ahulezia hori zabaldu nahi duten iritzian eraldatzen badute kriminalak bilakatzen dira, eta orduan beharrezkoa eta erraza da jende horiek desohoratzea.

[Simone Weil] Errogabetasuna Eta Nazioa XVIII 

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua