Joshua Fishman-i agurra
Irakasle maitatua eta eragin handiko ikerlaria, Joshua Fishman pasa den igandean joan zitzaigun, Bronxeko bere etxean, 88 urte zituela. 60 urtez bere emaztea izandako Gella Schweid Fishman utzi du, baita hainbat seme, eta beste horrenbeste iloba eta senitarteko ere. Baina horretaz gain, atzean utzi ditu milaka eta milaka ikasle, zeintzuk beregandik soziologia eta hizkuntza gutxituetan oinarritutako lan akademikoa eta pasioa jaso duten. Behin esan zuen moduan, lana zuen bizitza eta bizitza zuen lana.
Joshua A. Fishman, ezizenez Shikl, Philadelphian jaio zen 1926ko uztailaren 18an. Yiddisha zen beraien sutondoko hizkuntza, eta bere aitak egunero egunero galdetzen zien bere arrebari eta berari: “Zer egin duzue zuen hizkuntzaren alde gaur?”. Horrela hasi zen bere ibilbidea hizkuntza gutxituen munduan, harik eta 1948an sari bat irabazi zuen arte, elebitasunaren abantailak goraipatzen zituen ikerketa batengatik, hain juxtu.
1953an Columbia unibertsitatean Gizarte Psikologian doktoretza-tesia bukatu ondoren, Joshua Fishmanek College Entrance Examination Boarden (Unibertsitaterako hauta-frogak zehazten dituen erakundea) egin zuen lan, ikerlari moduan. Hor piztu zitzaion heziketarekiko zuen jakin-mina eta hortik aurrera hasi zen hizkuntza gutxituek eskolan izan zezaketen aukeren inguruan teorizatzen, ezagun egin duen bere mezua beste bat izan arren (“transmisioa, transmisioa, transmisioa,…”).
Unibertsitate askotatik pasatu zen eta hamaika erakundetan saritu eta goretsi zuten, tartean, Euskaltzaindia, zeinek ohorezko euskaltzain izendatu zuen. Baina 1958an New Yorkeko Yeshiva unibertsitatean hasi zen lanean, eta geroztik ez zuen inoiz utzi. Unibertsitate horretan idatzi zituen bere ekarpen mamitsuenak, tartean Reversing Language Shift liburu ezaguna, zeinek hizkuntza gutxituak biziberritzeko proposamen zehatz eta metodologiko bat proposatzen zuen. Urte batzuk lehenago mundu akademikoan entzundako eta Nancy Dorianen ‘Language Obsolescence’ liburuan jasotako mezu alarmistari erantzun itxaropentsua izan zen berea.
Liburu horretan hizkuntza baten galera (Language Shift) iraultzeko zortzi pausu proposatu zituen (GIDS izenez ezagutua), gerora berak beste bat gehitu bazuen arren. Faktorerik garrantzitsuena belaunaldien arteko transmisio indartsua zela argudiatu zuen, eta horren ondoren, hizkuntzaren irakaspen informala; hezkuntza fomalean hizkuntza txertatzea; lan munduan hizkuntzaren erabilera; komunikabideen trataera, eta azkenik, erdi eta goi-mailako erakundeen biziberritze prozesua datoz.
Hainbat erakundek eta komunitatek bere eredua erabili izan dute hizkuntzen bizi-indarra neurtzeko
Hamaika ikerlarik bere ereduari egindako ekarpen eta moldapenei esker, sortu dira beste bizi-indar eskala batzuk, tartean, SIL erakundeak erabiltzen duen E-GIDS delakoa edota UNESCOk bere “Desagertzear dauden hizkuntzen Atlaserako” erabilitakoa.
Bere lan-ibilbide luze eta oparoan zehar, Joshua Fishmanek 100 liburu eta 1000tik gora artikulu idatzi zituen eta Hizkuntzaren Soziologiaren aita izanik, arlo horretan jarduten zen lehen aldizkaria ere berak sortu zuen, The International Journal of the Sociology of Language delakoa. Baina ez da soilik egile oparoa izan, bere lanek izugarrizko eragina izan baitute hainbat esparru akademikotan eta munduko hainbat txokotan. Ezaguna zen orotariko ikasle, eragile eta ikerlariekin harreman estua zuelako, berarentzat ezezagunak izan arren ere beti saiatzen baitzen edonori laguntzen. Batzuek esan dutenez, mundua zen bere ikasgela.
Bere lan akademikoaren garrantziagatik, toki askotara gonbidatu zuten eta izugarri bidaiatu zuen. Berak, egia esan, gustura onartzen zuen gonbita eta batzuetan egun batzuk ematen zituen hizkuntza gutxitu batetako komunitateetan, laguntzen, Zeelanda Berriko Lake Taihu eskualdean egin zuen bezala. Hori dela eta, gogoratua izango da maori, euskaldun, kataluniar, navajo, quechua eta aimaren artean, lagundu zituen hizkuntza (edo hiztun) batzuk aipatzearren.
Azken urteetan Fishman Familiaren Fondoa osatu zuen Californiako Stanford unibertsitatean eta 2004ean UNESCOk emandako Linguapax sari garrantzitsua jaso zuen, Bartzelonan.
Joan zaigun arren, Joshua Fishmanen lan eskergak gaur arte jarraitu du, eta zalantzarik gabe, aurrerantzean ere jarraituko du. Elebitasuna eta eleaniztasuna: gutxiengoen hezkuntza; hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko harremana; hizkuntza plangintza eta politika; hizkuntzen hegemonia, desagertzea eta biziberritzea; hizkuntza eta nazionalismoak; hizkuntza eta etnizitatea; inperio osteko ingelera; baina, batik bat, esan dugun bezala, gutxiengo etnikoen hizkuntzen biziberritzea arloan bere ekarpenek geuregan bizirik jarraituko dute., hizkuntzek jarraituko duten legez.
(Oharra: Ofelia Garcia ikerlari estatubatuarraren testuari egindako itzulpen eta moldaketetatik abiatuta osatutako artikulua da honako hau. Akatsik balego, nirea da ardura.)
Bideo honetan Elliot Sperlingek Fishmani eginiko elkarrizketaren pasarte bat daukazue ikusgai. Aholku pare bat ematen dizkigu Fishmanek indarberritze prozesuen inguruan.
https://www.youtube.com/watch?v=fhold_nVilg&feature=youtu.be