Jordi Sanchez (ANC): “Lehendik ere irabazia genuen zilegitasuna indartu du erreferendumak”
Jordi Sanchez (ANC) –
Erreferendum aurreko egunak bezalaxe, biharamuna ere intentsitate handikoa izan da Katalunian. Bartzelonan, esaterako, aurreko eguneko indarkeria poliziala salatzeko elkarretaratzea egin zen Sant jaume plazan, eguerdiz.
Omnium elkarteko Jordi Cuixart eta Assemblea Nacional Catalanako presidente Jordi Sanchez ere bertan izan ziren, eta hedabideek ez zuten beraien adierazpenak jasotzeko aukerarik galdu. Gure kasuan, ANCko Jordi Sanchezekin mintzatu zen ZUZEU. Udaletxetik Generalitateko bidea baino ez genuen izan horretarako -plazaren alde banatan daude bi eraikinak, parez pare-; gizona bilera batera berandu zihoan-eta.
.
“Bilan positibo baina gazi-gozoa” egin zigun Sanchezek. “Herritarrek demokrazia ariketa sinestezina egin dute, baina garratza ere bada, indarkeria ulertezina ere izan genuen-eta. Aspektu honetan, hautetsontzien agindua oso argia da; bozka ematera herritarren %42a joatea ekintza ausarta izan zen, jasan zuten errepresioa kontutan hartuta. Lehendik irabazia genuen zilegitasuna indartu egin da”.
ANCko presidentearentzako, orain hartu beharreko pausuak ere argi daude, “erreferendumaren legean eman beharreko pausuak ezarrita daudelako. Gobernuak emaitza parlamentura eramango du eta errepublikaren ezartzea eztabaidatu behar da parlamentuan, horretarako zilegitasuna badu-eta”.
“Europa, bere aldetik, bitartekaritza eskatu eta bere burua bitartekari legez eskaintzen ari da. Eta espainiar gobernua da, hain zuzen ere, erreprimitzeko helburuarekin jarraitzen duena, beldurra eragin, kartzelaratze mehatxuak egin, epaileekin eta 155 artikuluarekin… Espero dezagun jarrera hori aldatzea, gainontzean erabateko porrot politikoa izango du-eta”.