(Azken?) Aukera galdua

Aukera galdua –

Aukera galdua

Irailaren 27an, ETAk agiri bat plazaratu zuen Gudari Egunaren ospakizuna zela-eta. Armak bertan behera utzi zituenez geroztik gertatu ohi bezala, garai batean baino arreta gutxiago piztu du eta Kataluniako berrien zurrunbiloan murgilduta kasik oharkabean pasatu zaigu. Halere, apur bat aztertzeak merezi duelakoan nago, gure gizarteko hainbat arazoren sustraiak, bertan esaten diren eta esaten ez diren gauzen argitan garbi samar ikus daitezkeelako.

ETAk egin dezakeen errealitatearen analisia ezin da noski neutrala edo orekatua izan. Hori eskatzea gehiegi litzateke, ETAri nahiz PNVri, nahiz neutrala eta orekatua izateko helburua ez duen alde bateko edozein erakunde edo gizarte eragileri. Beretzat eta beretarrentzat egindakoa da eta ikuspuntu horretan oinarrituta esango ditut esan beharrekoak.

Guztien gainetik zur eta lur utzi nauena, agiriari darion harropuzkeria handiustea izan da. Apaltasun itxurako atariko hainbat esaldiren ondoren, ETAk zera esaten digu literalki Kataluniako egoeraren inguruan, “Euskal Herriarentzat ere horrek guztiak ikasgai asko utzi beharko lituzke…” eta ondoren zera, “halako prozesu batek herria eta herritarrak behar dituela protagonista, eta indar metaketa eta herri aktibazioa funtsezko osagaiak izango direla. Fase historiko honetan, hautabide independentista indartzeko soilik bide zibil eta demokratikoetatik abiarazi behar da prozesua.” Alegia, zer ikasia Euskal Herriak duela esaten digu, berak duela esan beharko ligukeenean, eta bestetik, berak azken berrogei urteetan egin duenaren kontrako bidea dela bide bakarra jakin arazten digu, hori bai, “fase historiko honetan”. Errealitateaz jabetzera azkena iritsi den “herriaren abangoardiak” pulpitora igo eta hemendik aurrera orain artekoaren kontrakoa egin behar dela esplikatzen digu artaldeari. Aspaldian horren jakitun gauden artaldeari. Harroputza, handiustea, lotsagabea eta patetikoa hitz gogorrak dira, baina aipatu esaldiok ez dute hori baino gutxiago merezi. Zinez, auzo-lotsa sentitu dut irakurtzerakoan.

Ugari dira, ETAri damua azaltzea eta eragindako nozitze eta sufrikarioengatik barkamena eska dezan exijitzen diotenak. Bai eta exijentzia hori ezker abertzale ortodoxo osoari zabaltzen diotenak ere. Eta nik oso ondo ulertzen dut horrelakorik ez egitea, garaile eta garaituen eskeman ez erortzeagatik. ETAk eragindako sufrimendua aitortzea eta damua azaltzea Guardia Zibilak beste hainbeste egiten ez duen artean garaile eta garaituen dinamikan sartzea litzateke, elkar onartzea eta gizartearen biziberritzearen alde egitea baino. Oso ondo ulertzen dudan bezala, ahozpez jarriz eta etengabeko erreberentzian bizkarra makurtuz ez direla lortzen burujabetza eta askatasuna; eta oso ondo ulertzen dudan bezala indarrez jarrita daramagun uztarria ez dugula indarrik erakutsi gabe erantziko. Badakit, sobera jakin ere, bortizkeriaren ezean guztiaz hitz egin daitekeeneko kontu hori gezurra dela eta Espainia demokrazia soineko berriaz jantzitako diktadura zahar bat baino ez dela.

Aukera bikaina zuen ETAk hain beharrezko duen autokritika, garaile/garaitu eskema deitoragarri horretatik kanpo, Kataluniaren dinamika garailetik egiteko. Egindako oker guztiak aitortzeko bere helburuetan izpirik ere amore eman gabe. Hainbat barkamen eskari egiteko, independentziaren bandera gora jasota adoretsu. Tamalez, ikusi dugu, horren ordez zer gogoeta mota eskaini digun.

Militarki askoz ere indartsuagoa den estatua indar zibilez garaitu daitekeela idorotzeak, azken berrogei urteetako estrategiaren kritika zorrotza egiteko parada eman behar lioke ETAri. Kontua ez da, hori ez bezalako estrategia hobetsi zuela, baizik eta horren antipodatan dagoen estrategia hobetsi zuela. “Fase historiko honetan” horrekin, estilo handiustea erakutsi ez ezik, lehenago hori horrela ez bailitzan zuritzen du bere burua ere, begi-bistakoa dena ezkutatu nahirik, hots, Katalunian orain azaltzen ari den indarra, azken berrogei urteotan jorratu den  dinamika eta estilo jakin batzuen emaitza dela. Edo bestela esanda, aspaldian okertu zuela ETAk bere bidea.

ETAk kritika zintzoa zor dio euskal gizarteari, baina hori baino lehen kritika zorrotza zor dio bere buruari eta bere inguruari. Bere militanteei eta azken agirian aipatzen dituen laguntza eman dioten hainbat eta hainbati. Ezin delako hainbeste jende okerreko bidetik eraman eta erantzukizunak garbitu gabe utzi. Aberriaren banderan bildu eta erruak sozializatu, okerrak eta lotsak estaltzeko, Madrilen PPk egiten duen gauza bera da. Krisia, gure posibilitateen gainetik bizi izan ginelako etorri zela esatea bezalakoa da, Euskal Herrian gaur dugun herri desegite beldurgarriaren errua herriaren zati oso bati esleitzea. Hemen herriaren zati bati bide bat markatu diote batzuk, bere buruari herriaren abangoardia titulua eman dioten batzuk,  eta orain sasi-elkartasunaren izenean erantzukizunak ezkutatu eta erruak sozializatzea, zorneari kanporatzen ez uztea baino ez da. Hori, eta, are okerrago, etorkizunean gauza bera berriz ere gertatzeko, ateak zabalik uztea.

Euskal Herriak ezker abertzalearen beharra du, ezker abertzalearen inguru soziologikotik atera direlako azken mende-erdiko herrigintza ahalegin emankorrenak. Baina inguru soziologiko horrek eta batik bat inguru soziologiko horren ardatz politikoa den alderdiak bide bat aurkitu behar du zinezko autokritika egin eta iraganeko erantzukizunak garbitzeko, garaile/garaitu eskeman erori gabe, baina erruak sozializatu gabe, abangoardiaren istorio eta estilo zaharkituak hobiratuz eta haren lekuan gizarte zibil bizkor eta zoliari protagonismo osoa emanez.

Eta horretarako, iraganaldiko gauza dezenterekin apurtu beharra dago. Apurtu. Eten. Kataluniarren eredua benetan miresten badugu eta hura izango bada aurrerantzean gure ispilua, iraganaren oinordekotza astun asko astindu beharko ditu ezker abertzaleak. Aipa ditzagun hainbat adibide.

Hizkuntza eta herria: Hizkuntzak egiten du herria. Katalunian denek dakite gazteleraz eta denek egiten dute gazteleraz,… haiena ez den hizkuntza bat bezala. Horren ondorioz, hizkuntzan oinarritutako herritartasun bat sortu da, indar handia erakutsi duena sineste, eta ideologien gainetik. Une zailak iritsi direnean, herritartasun hori erakutsi dute, berdin langileak eta enpresari txiki eta ertainak, berdin funtzionari eta poliziak, berdin baserritarrak eta burgesiak . Hizkuntzaren oinarri horrek erraztu eta anplifikatu du halaber unionisten aldetik independentziaren zaleen aldera hainbeste iragatera egoeraren baldintzek hori ahalbidetu dutenean. Denak katalanez eta inor ez da beste inor baino katalanago, hau edo bestea izanda ere.

Aurrekoarekin lotuta, egun hauetan ikusi dugu mossoek gizartean duten onarpena, zenbaitetan, behartuta, gogoz aurkako hainbat gauza egiten badituzte ere. Gizarteak ulertu egiten du haien ezina. Hemen, berriz ertzainak “zipaioak” dira, noizbait ETAk horrela erabaki zuelako. Eta armak aspaldi isildu badira ere, oinordekotza hori ez du ematen berehala amaituko denik. Hemen batzuk “traidoreak” dira udaletxeko mastan Espainiako bandera jartzera behartu dituztenean, eta beste batzuk berriz ez dira traidoreak aurrekoak bezala gauzak estututa Espainiako aginteak hartara behartu dituenean. Noski gizarte pitzagintza horretan jarraitzea libre da, baina katalanen bidea bada gure eredu berria, hori goitik behera aldatu beharra dago. Goitik behera.

Abiadura handiko trena. Bere garaian ekintza armatuak egiteko “gozoki” bat zela iritzita ETAk gurutzea jarri zion azpiegitura, iraganeko betaurreko horiek erantzita begiratu beharko luke ezker abertzaleak. Hiriburuen arteko loturaren eredua auzitan jarrita eta bestelako lurralde antolamendua aldarrikatuz, gehienezko abiaduraren inguruko eta horrek duen ingurugiro inpaktuarekiko eraginaren eztabaida plazaratuz,  alternatibarik gabeko ezezko kutre-iraultzaileak eta bere ondoko parafernaliak albo batera utzita. Katalanak kexu dira Mediterraneoko korridorea ez dietelako egin.

Estilo zibil eta parte-hartzailea. Gizarte heldu eta kultua da katalana. Euskalduna ere ez doakio oso atzetik kultura eta edukazio maila horietan. Halere, ezker abertzale ortodoxoan, militarizazio urte luzeek, zibilizatuenen  isil-baztertzea eta “zokormazo” estiloaren gehiegizko nabarmentzea ekarri dute batetik, eta bestetik “abangoardia” estiloko zuzendaritza ezkardena nagusitzea, unean-uneko “modako” katixima ideologikoen ezarpena, egiazko ideia-gogoetaren hutsunea,  eta eskema horietan sartu ez diren gizarte sail handien desmobilizazioa eraginez. Berehala zuzenduko ez diren ajeak, inoiz zuzenduko badira etxe zaharrean. Hein honetan, katalanen azken egunotako erreguak euskaldunak U-1ean Kataluniara etorri gabe etxean gelditzeko, eta haien estiloa errespetatzeko, zer pentsa emateko modukoak dira.

Trantsizio guztiak zailak izan ohi dira, oraina iraganaldiaren zordun den neurrian. Hein horretan, frankismoa eta ezker abertzale ortodoxoa hain diferente izan arren, bien trantsizioak ikusi dituenari ez dio ihes egiten hainbat kidetza. Gerra garaile izan ondoren Winston Churchill pikutara bidali zuen britainiar adibidea (gerrarako ona bai, baina bakerako hoberik bazelako) ez da ohikoena. Bere burua trantsizio batean sartzera behartuta ikusten duen ia erakunde orok, borroka latza izan ohi du bere baitan, batetik  iraganaldiaren begirunea, aitortza eta jarraipenari eutsi nahi dielako eta bestetik harekin nolabait etetera eta aldatzera behartuta dagoelako. Frankismoak izan zuen bere trantsizioa, azkenean etenik gabekoa gertatu zena, eta ikusten dugunez, lurpean urte batzuk egin arren, ez zen gorpu, liztor baizik, eta liztorren antzera piztu zaigu negua pasata. Ikusteko dago ezker abertzalearen trantsizioak nora eramango gaituen, eta etenekikoa ala etenik gabekoa izango ote den. Gauza bakarra esatera ausartuko nintzateke une honetan: Azkenean, frankismoarenaren antzera etenik gabekoa bada, hots, autokritikarik eta kontu-garbiketarik gabekoa, urte laburren buruan higatu eta zimeldu egingo da, edo aitzitik, indarrean jarraitzen badu, Kataluniako antzik batere ez dugula hartu esan nahiko du.

Han hartu duten bideak garaipen berriak ekar bitza, horrek, aipatu autokritikarako aukera berriak sor arazi bitza, aukerok aprobetxa bitez, ezker abertzalearen ardatz politikoak eredu zibilerako trantsizioa arrakastaz buru beza eta gure gizartea, hangoaren antza gero eta handiagoa hartzera-bidean lagun beza, haien inbidiatan luzaro bizi ez gaitezen. Zalantzarik ez dut bide horretan ausart abiatuz gero, euskal gizartearen gehiengo soziologikoa ordezkatzera iritsiko dela epe ertainean, gaur egun izango zen bezala, duela berrogei urte ez bazuen, ordu arte bildutako kapital politiko izugarria xahutzeko, eta aingura 36an kakotuta zuen PNVri modernizatzeko behar hainbat denbora emateko bidea hartu, militarren eta abangoardien bahi  geratu zenean.

Aukera galdua Aukera galdua  Aukera galdua  Aukera galdua

15 pentsamendu “(Azken?) Aukera galdua”-ri buruz

  • Ez espero ezer Sorturen zuzendaritzatik bederen. Zuk aipatutako akatsek, egun bat joan bestea etorri erakusten duten superioritate moralak eta txorakeria progre guztiak irensteak base soziala nazkatuta daukate. Ernai eta Sortu beraren egoera negargarria da, ilegalizazio garaiaz gain inoiz ez zuten hain militante gutxi eduki. Joera kritikoko guztiel alde egin dute edo zuzenean bota egin dituzte.

    Era berean Zutik EHren ondoren jendeak emandako konfidantzaren bozka agortzen doa, bake prozesu delakorik ez da existitzen eta ez da espero eta aldebakartasuna behin eta berriro etsaiaren aurrean galtzak jaistera mugatzen da. Gazteek kartzeletan sartzen jarraitzen dute (Altsasu, Errenteria) eta agerian geratu da ez dagoela presoak ateratzeko ez plan eta ez indarrik. Barruan daudenak salduta geratu dira eta ‘ahal duena salba dadila’ kontsigna nagusitu da. ETAk eragiten zuen errespetu/beldurra joanda jende askok ahoa ireki du eta trapu zahar ugariak agerian geratu dira. Komisario politikoez gaindi gazte mugimendua han hemen loratzen hasi da pixkanaka, batzuetan herrietako Ezker Abertzaleko gobernu taldeekin tirabirak daudelarik. Estrategia elektoralista hutsean murgilduta, Sortuk ezin du (batzuetan herriko taldeak nahi izanda ere) akordioetara iritsi. Iruñeako adibidea.

    Hauteslegoaren nazkatzea eta gazteek bizkarra ematea errealitate bat da, hurrengo hauteskundeetan kolpe gogorra jasoko dezake EHBilduk arlo askotan jarrera aldatzen ez badu. Agian berandu da dagoeneko, baina herri honentzat onuragarri izan daiteke, herriak alternatiba berri bat eskatu eta agertzen barau bada. Ondo izan

  • Ederra analisia.
    Ederra eta zuzena. Soil-soilik, oraigoz, esan tituluan datorren AzZKEN hori kenduko nukeela.
    ETA ezereztua, amortizatua eta ahantzia dela abertzale munduan. Edo hobeki esan, hipoteka ederra utzi digula oinordetaz, eta zoritxarrez abanguardiak ordainduko ez duena. Hori gure gain, denon gain izanen da.

  • OINORDETZAZ esan gura nuen

  • gureak egin du 2017-10-04 06:31

    Ni ez naiz sartuko ETAren jarduna defenditzera, ezagutzen nautenek badakite kritikoa izan naizela urteetan. Baina ezin da euskal gatazka oraingo prismarekin begitatu. Duela urte batzuk ez zen ez ziren ohikoak kameradun telefonoak, ezta internetdunak ere, Katalunia Euskal Herria baina askoz handiagoa da, horrek dakarren guztiarekin etab. Kataluniak independentziari Valentzia gabe ekin dio. EAEk Nafarroa gabe ekingo al dio?
    Ez dut uste ETAk independentziara gertutatu gintuenik baina ez dut uste ere indendetziarako biderik bazela.

    • Zeozertarako baldintzak ez daudenean, hiru bide daude: Ezer ez egitea (PNV), entzungor eta ez ikusiarena eginez hala ere ekitea (Ezker Abertzale Ortodoxia), edo baldintza egokiak dauden egunerako prestatzea (Katalunia). Dena den idatzia ez da hautapen zuzen edo okerrak (hori erraz ikusten da gauzak pasa eta gero), autokritika eta erantzukizunak asumitu beharraz baizik, azken hauek gabe ezinezkoa delako izen hori merezi duen herrigintza.

  • Amonamantangorri 2017-10-04 12:10

    “Aurrekoarekin lotuta, egun hauetan ikusi dugu mossoek gizartean duten onarpena, zenbaitetan, behartuta, gogoz aurkako hainbat gauza egiten badituzte ere. Gizarteak ulertu egiten du haien ezina”.

    Honako estekan, informazio gehixeago, gutxi izan arren. http://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20171003/los-mossos-reciben-161-denuncias-de-412-heridos-en-las-cargas-policiales

    “Gizarteak” ederki daki mossoak ongi baino hobeki trebatu direla elkarretaratze jendetsuak erreprimitzeko lanetan, garaian garaian egokitzen zaien buruzagi politikoak hala agintzen badie, izan CiUkoarekin, ICVkoarekin (bai bai, gorri-berdeak) edo tokatzen zaienarekin. Badakite egurra banatzen, eta “katalan jendarteak” (hola, jendarte osoak, ezta?) badaki.

    Egun hauetan ez dira errepresio-lanetan nabarmendu, izan ere, irudi zenbaitetan itxurak egiten ere ikusi ditugu: mila lagun zeuden eskola batera mosso bikotea bidali paripé bat egitera, eserialdi bat desegiteko minutu pare bateko saio ustel bat eta ospa egin…

    Epelkeria hori zergatik izan den, norbaitek esplikatu beharko du. Mossoen buruzagi convergenteek emandako aginpideak tartean egon ote diren (ez cupero zorritsuei, baizik zutarrei ostiak banatu ondoren, aurkeztu gero hauteskundeetara udalerri horretan!), edo TSJCk banaturiko lanen ondorioz izan ote den, auskalo. Mossoen balio demokratiko, zibikoengatik? FABOREZ.

    Ertzaintzarekin, gauza bera.

    • Epelkeria hori zergatik izan den, norbaitek esplikatu beharko du.
      Ez da oso esplikazio konplikatua bilatu behar nire ustez. Munduko polizia guztiek duten unean uneko egurra partitze lanaren gainetik, Katalunian egun hauetan gizartea eta Mossoen arteko konplizitate maila bat azaldu delako, bi norakoetan, Euskadin esate baterako gaur egun pentsa ezina litzatekeena. Eta hori, noski, gainerako faktore guztiak bezala, ez da kasualitatea, urteetako jardunaren emaitza baizik. Galdera da, bietako zein egoerak hurbiltzen gaitu gehiago balizko independentzia bati?

  • Amonamantangorri 2017-10-04 16:12

    Hara ba, nik bi iritzi ikusi ditut zure testuetan: batetik, euskal poliziak eta kataluniakoak zenbait desastre “behartuta, gogoz aurka” egn behar izaten dituztela; bestetik, “munduko polizia guztiek duten unean uneko egurra partitze lana”.

    Lehena: agindu betetzea, gas ganberetan miloika pertsona akabatu zituzten subalternoek barra-barra erabili zuten argudioen antzekoegia. Antza handiegia, edozein pertsona dezentek aintzakotzat hartzeko.

    Bigarrena: Gezurra, bederen mendebaldeko demokrazia gehienetan. Alemanian ez dute jubilatu bati iletik hartu eta arrastaka eramaten. Gomazko pilotarik ez dago. Espainian bai.

    Kontua da: Mossoek aginduak betetzen dituzte (ikus LEHEN puntua, jendaje horixe bera da, besteren aginduak betetzen ardura moralik kunplitu gabe, zure barkaziorik merezi ez duen jendajea), ez zuten ostiarik banatu, nahiz horretarako eskarmetu frogatua eduki. Beraz: norbaiten aginduak jaso zituzten ostiarik ez banatzeko. Noren aginduak, poliziaburu procesistena (erreglamentua zurrun kunplitu, jende adinekoa eta haurrak baldin badaude ez eraso gogorrik jo; alegia, normalean kunplitzen ez dutena) edo TSJCren\espainiar gobernuarena (ez gara zuetaz fido, gure mutilak joanen dira lan zikina egitera, zuek eman buelta batzuk hor zaudetela nabaritzeko ta lixto).

    “Galdera da, bietako zein egoerak hurbiltzen gaitu gehiago balizko independentzia bati?”. Barne-sailak eta haren menpeko poliziaburuek (IKUS LEHEN PUNTUA, ostia, jende horixe da, berbera) prozesuarekin bat egiten badute, agindua emanen dute kalean inori ez erasotzeko.

    • Ostiaka hasten bahaiz, esaten duana ez dudala aintzat hartzen iruditzen zaialako, niri ere hirekin beste hainbeste gertatzen zaidala esango diat. Bietan gorrik gorrena zein den jakin gabe geratu beharko diagu honenbestez.

      • Amonamantangorri 2017-10-04 18:52

        Bo, ba kenduko ditut ostiak. Barkatu. Haien ordez beste edozein sinonimo jarri.

        Gainerako gaietan sartu gabe, testuan gai asko baitaude oso esanguratsuak (adibidez, nola demontre saldu ziguten hemen, Euskal Herrian, uztar zitekeela batetik, herri-mugimendua, eta bestetik, mundu guztiaren iritziaz paso egiten duen abangoardia armatu bat): polizien “herriarekiko hurbiltasuna” eta abar… Barkatu, ez dut ikusten. Poliziak, euskal eta katalan poliziak, buruen aginduetara daude. Hor bilatu behar dira motiboak.

        • Munduko polizia guztiak buruen aginduetara daude, baina kasu honetan gertatu dena zera da, Mossoek bi buru izan dituztela agintzen, bakoitzak bere aldera tiraka, eta ierarkian nagusiena denari (Espainiako fiskaltzari) alde guzietatik iruzur egiten eta desobeditzen saiatu direla. Jarrera hori ikusten dut nik, gizartearekiko konplizitate baten eta herritartasun sentimendu baten emaitza. Ertzainak gaur egun antzeko kinkan jarrita, Barne Sailburuaren aginduak jarraitzen ikusten dituzu, Estatuko Fiskal Nagusiari iruzur egiten? Nik ez. Eta are gehiago, egoera horretara iritsi ere ez ginateke egingo, Barne Sailburua ez litzatekeelako ausartuko Ertzantzari iradokitzen fiskaltzaren aurkako jarrerara har zezaten, jakinik batere kasorik ez lioketela egingo.

  • ganbaratxotik 2017-10-04 19:55

    Bi Kontutxo:

    1. Nere ustez Puigemont eta enparauek ez zuten garbi bere poliziak (oinarriko ajenteak esan nahi dut) noren alde zeuden eta orain bai. Alegia, frogan jarri ditu eta herriaren eraginpean (presiopean) arrastoan sartu ditu. Mossoen sindikatuetako ordezkarien adierazpenak orain dela 15 egun eta gaurkoan ez dute zerikusirik. ERNE edo CCOO astebetean ELAra pasa dira (ulertzeko zer esan nahi dudan).

    2. Igandeko basakeria probokazio bat baino ez da izan. Hasieratik Estatuko analistek Kataluniakoa eta Euskal Herrikoa parekatu egin dituzte. Gaitz bera da beraz errezeta bera aplikatzen ari dira. Pigemont=Ibarretxe. Beraz, beldurra sortu eta kitto (ea bertako elitea kikiltzen dan). Baina hori ez denez nahikoa izan. orrain bortxa behar da. Ondoren bortxakeria (terrorismoa egon dadin). Dialektika horrekin Estatuak uste du irabaziko duela. Katalanek, noski, jokaldia ikusi eta ez dira oraindik amarruan erori. Horixe izaten ari da gure aportaziorik ederrena kataluniako herriari.
    Harritzen nau zergatik ANCkoek (salaketa egitez gain) ez duten argi adierazi jipoitze masibo eta telebisatu hori PROBOKAZIOA bat izan dela, jende beroa eta infiltratuei bide emateko. Horretan ere Euskal Herrian masterrak emateko moduan geundeke.Izan ere, ETAren inguruko analisi guztiak herrenak dira elementu hori aipatzeke.

  • Resuma Batuan nehori ez çaio bururatzen scociar bat anglesa dela erraitea. Scocia eta Anglaterra natione differenteac dirade leguearen arauera.
    Ez daquit nola bururatzen ahal çaien espainolei catalanac espainolac direla erraitea.
    Hori compon ez deçaten bitartean gaizqui doaz.

    • Hori da aspaldian España esaten dabiltzalako Gaztela Handiari. Horra okerreko hitzak erabiltze hutsagatik zenbat istilu eta kalapita sor daitekeen.

      • Çucen minço çara, Harsuaga jauna.
        Regue icenetan ere nabaria da hori. Felipe VI Naffarroaco reguea baliz Felipe VIII behar liçateque içan. Numerationea Asturias > Leon > Gaztelari dagoquio.
        Anglaterraco Elizabeth II Scocian Elizabeth hutsa da. Scocia independente bilhaca liteque eta reguina berbera conservatu Canadac edo Australiac conservatzen duten beçala.
        Gende gutic daqui Anglaterraco reguiná Canada, Australia eta abarreco reguiná ere badela.