Jolasa, eztigarri

Jolasa, eztigarri – 

Jolasa, aringarri

Argazkian agertzen diren neska-mutiko sahararrak zoragarriak dira, euren aurpegiak ikusten ez ditugun arren. Zoragarriak, zoragarri hitzak duen adiera bikoitzean. Alde batetik, Saharako umeak oso ederrak, liluragarriak direlako; bestetik, zoratzen zaituztelako, zenbaitetan helduok ia-ia ero bihurtzeraino, zoratu arte alegia. Izan ere, errefuxiatu jaio eta errefuxiatu hezitzen eta hazitzen ari diren neska-mutikoak dira, eta euren edertasunak lotsati bihurtu ditu argazkia ateratzeko tenorean, jakin badakitelako zu bezalako irakurle ezezagun batek argazki hau ikusiko duela Saharako Kabiak-en bidez. Gutxienez hatzak erakusten dizkigute jolasten ari direla, jolas dibertigarri eta solas entretenigarriak tartean. Basamortuaren basamortua den Hamadan eta egoeraren larriari soraio, desertuko liburutegien alartzean, liburuak eta kamishibaiak ez ezik jolasak eta solasak ere badaude, zorionez.

Erreparatu argazkiari berriz, hamar segundoz, goitik behera agertzen diren harri beltz txikiak zenbatuz banaka-banaka. Gero, itxi begiak eta zenbatu berriz goitik beherako hamar harri beltz txikiak alez ale beste hamar segunduz, irudi hori zeure gogoan finkatu arte. Orduan zabaldu berriz begiak eta, zenbatu banan-banan eskuinetik ezkerrerako herrenkadan dauden beste hamar harri beltz txikiak. Azkenik, itxi berriz begiak beste hamar segunduz. Sinestesiari esker, ez al dituzu umeen barre-karkailak aditzen? Agian ez dituzu hamar segunduak egin edo ez dituzu harri beltz guztiak zenbatu. Agian eskuinetik ezkerrera zenbatu ordez, ezkerretik eskuinera egin duzu… Edonola, ez badiezu umeei barre-algaraka aditzen, errepika ezazu prozedura aditu arte. Sinetsi sinestesian. Izan ere, solasa eta jolasa ez dira soluzio, baina bai gozagarri eta aringarri, mende erdiko gatazka luzea eta korapilotsua delarik.

Jolasa, eztigarri

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022.) Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude