Jendeak Mintzen Nau
Jendeak Mintzen Nau
Igaro berri diren hauteskundeen zurrunbiloan alderdi ia guztiek, denek ez esateagatik, ahotan barra-barra erabili dute herria, pertsona, jendea bezalako hitzak; ohikoa ere bada hauteskundeak boto gosea berdintzeko baliatzen dira eta. Kanpainako hamabostaldian zehar ondorengo lau urteeetan ezagutuko dituzten baino udalerri gehiago bisitatu dituzte hautagaiek. Hala, tokian tokiko mitinetan solemne eta arranditsu zuzendu zaio publikoari politikaria. Zuekin lortuko dugu herri hau aurrera eramatea! Zuen boto bakoitza ezinbestekoa izango da! Denon artean egingo dugu bidea! Kanpainetan soilik gogoratzen dira politikariak herritarrekin, ezein alditan baino dexente gehiago. Kanpainako hitz hanpatuak irentsi ondoren herritarrak sinetsiko du, akaso, bere bozka zinez dela erabakiorra. Hala bedi!
Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak urte hauetan temati ustiatutako lelo nagusiari antzeko joera nabari zaio. “Pertsona Helburu”. Hala dio Gasteizko gobernutik iritsi diren hainbat eta hainbat iragarkiren goiburuak. Lelo horrekin adierazi da Jaurlaritzatik sustatutako proiektu ororen muina eta erdigunea norbanakoa dela: industria ekonomia aktibatzean, turismoa bultzatzean, langabezia murrizteko ahaleginean zein diru laguntzak banatzean. Norbanakoaren ongizatera bideratu da egitasmo oro.
Beraz, jendeari, herritarrari, pertsonari iradokitako mezuak boladako ditugu. Hori dela eta, ulertzekoa da azkenaldian mundu zabalean bizi dugun erreferendum kasuen burbuila. Errefendumak jazo dira, besteak beste; Eskozian, independentziari buruz; Grezian, Europar Batasunaren murrizketak onartzeari buruz; Kolonbian, bake prozesua berresteari buruz; Gipuzkoan, zenbait herritan atez ateko zabor biltzeari buruz.
Okerreko ustea ez bada ondorengoa, historikoki politikan herriaren alde eta herriagatik aritutakoak alderdi ezkertiarrak direlakoan nago. Eskuinak, eskuarki, abegikorrago jokatu du enpresa jabeekin, aberastasuna etengabe metatu nahiarekin, balazta bako garapen ekonomikoarekin… Baina, bista pil-pilean dauden gaietara bueltatuta, badirudi herritarrak erreferendumera deitzeko irrikaz daudenak eskuineko alderdiak direla. Kolonbiako bake prozesuan gobernuaren apetaz abiarazi zen akordioa plebiszitu bidez berrestearena, FARC-EPeko militanteek ez zutelako premiarik ikusten. Orain gutxi Hungarian errefuxiatuen gainean eginiko errefenduma alderdi kontserbadorearen iniziatibaz gauzatu zen, nahiz eta parte hartze mailak legezkotzat jotzeko balio ez.
Aipatu bi galdeketak aldedi kontserbadoreek sustatu dituzte. Zer, dela eta? Ezkerreko alderdiek herriaren borondatea errespetatzea exijitzen duten neurrian, zergatik ari da eskuinak erreferendumak deitzeko tendentzia handitzen? Pentsa, EAJk inork baino bortitzago astindu du errefendumaren aldeko bandera Gipuzkoan.
Kontu hauek, beste askok legez, kontraesanen mamuak berpiztu dizkidate. Bai, behintzat, galdeketen emaitzak arretaz aztertuta: kolonbiarrak bake itunaren aurka, Hungariarrak errefuxiatuei bidea ixtearen alde, Gipuzkoako herritar batzuk atez atekoaren kontra (Bizkaian galdetu ez digutelako, bestela are okerrago)… Halaber, datuen errealitate gordinek balizko erreferendumak ekiditeko gogoa piztu didate. Mina sortzen dit jendeak hala erantzun izana! Izan ere, ezkerreko izate batetik bizitzen ahalegintzen naizenez gero, emaitzok kontrako norabidean dihoaz. Politikoki ditudan ideia eta pentsamenduen aurka, alegia. Demokrazia, ordea, herritarren nahia omen.
Ezkerreko izateari ahalegindu hitza erantsi diot berariaz, kontraesanik gabeko bimodurik ez daramadalako, ez eta ehuneko ehunean koherentea den bizimolde ereduragarririk. Alabaina, kontraesanen zakua husten saiatuz egiten diot aurre egunerokoari. Jakitun izanik neronek ere hautu kontserbadorea bozka nezakeela noizbait. Nire espazioa asaldatua izan deneko arrazoi berekoi eta patetikoaz, esaterako.