Sagardo Astea urriaren 5etik 14ra bitartean

Sagardo Astea urriaren 5etik 14ra bitartean

Igartubeitin, asteburuan, zanpaketak, antzezpenak eta sagar erakusketa izango dira.

Sagardo Astea urriaren 5etik 14ra bitarteanAurten ere, bisitariek sagar prentsaketak ikusteko aurrez izena eman ahal izango dute. Bestalde, Sagardo Asteari hasiera emateko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren XV. Sagardo Lehiaketako irabazleei sariak banatuko zaizkie. Aurtengo edizio honetan ere GASTRONOMIAK pisua izango du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Igartubeiti dolare-baserri hau zaharberritu du, baserriaren urrezko aroko, hau da, gure historiako garai jorienetako, adierazle bikaina berreskuratzeko eta gure arbasoen bizimodura hurbiltzeko asmoz. Museo bizia izateko sortua denez, eta aurreko esperientzien arrakasta kontuan harturik, XVI. mendeko baserritarren ohiko prozedura jarraituz, dolareko lana berreskuratu eta jendeari jarduera haren berri zuzenean eta zehatz-mehatz eskaintzea erabaki dugu.

XVI. mendeko zurezko egitura hau indarrez bihurritzea, sagarraren usaina eta lehen muztioaren lurruna, aspaldiko lan baten lekuko izatea…. jardun honetan dena da zirraragarri.

.

EGITARAUA:

Zanpaketak

Sagar zanpaketak egunero izango dira, goizez, 11:30etatik aurrera. Asteburuan eta jaiegunetan, urriak 7, 8, 9 eta 12an zanpaketa bakarra egingo da 12:00etan.
Aurten lehen aldiz bisitariek sagar prentsaketaz gozatzeko aurrez izena eman ahal izango dute.

Zanpaketa bakoitza baino lehenago 50 kg sagar gehituko dira kirikoketa erakustaldi bat egiteko. Urriak 12an ordea, Jo ala Jo elkartekoek kirikoketa egokiak egin ditzaten, 150 kg sagar gehituko dira zanpaketaren aurretik.

.

Antzezpenak

Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldekoek, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandako Kortabarria familia antzeztuko dute.

XVI. mende bukaerako eta XVII. mende hasierako janzkerekin jantziak, baserria erakutsiko diete bisitariei eta beraien zereginei buruz hitzegingo diete. Bisitariak elikadura, sagardogintza, ohe- jantzi eta ehun, altzari konponketa, lanabes eta egur egitura, ereitea, baratzeko produktuei eta abarrei buruzko arloetaz jabetuko dira.

Ostiralean, urriak 7an, larunbatean, urriak 8an, igandean, urriak 9an eta asteazkenean urriak 12an:

11:30-12:00; 13:00-13:30

.

Sagardoa kirikoketa erritmora

Arizkungo Jo ala Jo taldeak sagarrak kirikoketa erritmoan zanpatuko ditu urriak 12an 12:00etan. Kirikoketa, pisoiekin, sagarra txikitzeko mazoekin egiten den txalapartaren aldaera da.

Antzina dolare baserrietan ohikoa zen ohitura hau, Igartubeiti Baserri Museoan gogora ekarriko da, usadio zaharrak berreskuratu eta ikertzen dituen kultur elkarte honen eskutik.

.

Sagar erakusketa

Sagar bariedadeak ikusgai izango dira baserriaren atarian, sagardo astearen baitan: argentina sagarra, pinoi, errege gaxie, txori sagarra, mendeun sagarra, madari sagarra eta limoi sagarra, besteak beste.

.

Bisita gidatuak San Migel Ezkioko elizara

Urriak 7, 8, 9 eta 12an bisita gidatuak eskainiko dira XVI. mendeko San Migel Ezkioko elizara. Aipagarriak dira, arku zorrotzeko ataria, erretaula errenazentista, San Migelen irudia eta Germano mendiko agerraldien erliebeak, besteak beste.
Bisitak 10:30etatik 11:30etara izango dira eta aurrez izena ematea beharrezkoa da, 943 72 29 78.

.

Sagar tentagarriak: tailer gastronomiko-sentsoriala, 4 urtetik gorako familiei zuzendua.

DATA: Urriak 8, 16:30etan

.

Sagar dultze dastaketa

DATA: Urriak 13, 19:00etan

Sagar barietate ezberdinekin egindako sagar dultzeen dastaketa, Rafa Gorrotxategiren eta Sagardoetxearen eskutik. Euskadiko Enogastroomia Museo eta Guneen Sarearen lankidetzarekin.

Toki mugatuak. Izen ematea, 943 72 29 78

.

“Sagardo Astea” Menu berezia

Ezkioko Argindegi ostatuan, Labekoa Jatetxean eta Itsasoko ostatuan Sagardo Astea menu berezia eskainiko da urriaren 5etik 14ra bitartean.

.

ASTE OSOAN ZEHAR:

IX. Sagardo Astea Argazki Lehiaketa

Sagardo Astea kamaratik edo mugikorretik! Parte hartu eta lortu saria!

.

Sagarra & Sagardoa errezeten lehiaketa

Bidali zure errezeta igartubeiti@gipuzkoa.eus-era eta irabazi 2 lagunentzako bazkaria.
Informazioa.

Sagardo Astea Sagardo Astea Sagardo Astea
antzespenak, baserri museoa, Igartubeiti, Kirikoketa, sagardo astea, tolarea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude