Jatorrizko bekatua gaur
Mende askotan kristauek sinisten zuten Eba eta Adanek Edenean eginiko bekatua ordaintzen zutela eta bekaturako joera zuela gizakiak izaeran txertatuta. Guztiok eta inor ez zigortzeko balio zuen doktrina hark. Gaur, mendebaldean jaiotakook nolabaiteko jatorrizko pekatua ordaintzen dugu munduko beste parteetan edozein ezbehar gertatzen den bakoitzean. Dela Estatu Batuak, dela mendebaldea, dela kapitalismoa, dela “gu (mendebaldarrok, noski)” maiestatikoak beti izaten du mundu osoan gertatzen den zoritxar guztien erantzuna (gertaera guztiek erantzule bakarra balute bezala). Berriro ere, guztiok eta inor ez zigortzeko baliabide bera, bestearen aurrean geure burua zuritzeko eta, “geure” hutsak seinalatuz, geure nagusitasun morala erakusteko, bide batez. Erretolika hutsa da. Azkenean jatorrizko bekatuak irensten baitu geure arduraren zati nimino hori eta miseriatik urruntzen gaituen konfort- gunea eskeintzen digu. Bestela, izaki gisa benetan errudun sentituko bagina, alegia; traumak eta traumaosteko gaixotasunak izango genituzke eta, adibidez, “bizirik irtendakoaren sindromea” hedatuta legoke Mendebaldean zehar. Baina ez, ez da horrelakorik gertatzen.
Argazkia Cristopher Dombresek egina da