Hilabete barru Gattunk (bideoklipa)

Hilabete baino ez da falta KMK2015erako; urriaren 4an Usurbilen hitzordua egina baitu aurtengo Kilometroak jai giroko aldarriak.

Ordura arte, eta egun handia heldu bitartean, irailaren 12an du hurrengo erronka Kilometroak ekimenak, Mikel Laboa plazan eta eguerdiko ordu batean, “Lotzen Gattunk” kantua 800 ahotsetara eman nahi dute-eta.

Girotzeko, hona kantuaren bideoklipa (eta burutu dutenen azalpena):

«Urriaren 4a egun garrantzitsua izango da usurbildarrentzat eta ikastolarentzat. Izan ere, Usurbilen berezko koloreak izango ditu Kilometroak jaiak, egiten ari garen ekitaldietan eta egunera begirako antolakuntzan ere, herriaren bihotza den ikastolatik eraiki nahi ditugun baloreak ari baikara txertatzen. Eraikin berriarekin abiatutako Hezkuntza Proiektua bultzatzea dugu asmo, auzolana oinarrian izanik noski, baina, horrez gain, Kilometroak jai parekideago, jasangarriago eta inklusiboago izateko lehen urratsak ematen ari gara. Eta zehar lerro horiek, antolatzen ditugun ekintza guztietan eragina izateaz gain, bideoklipean ere badute euren isla.

Ikastolako haurrak euskararen iratxo bihurtu ditugu, herritar guztiak bildu, eta, soka berari jarraiki, euskarari, alegia, lan egiten dutela irudikatuz.

Hilabete barru Gattunk (bideoklipa)

“Herri honekin lotura estua duen txalapartarekin ireki dugu bideoa. Txalapartariek basoko izpirituei dei egiten diete, eta hauek buruhandi-iratxo modura agertzen dira. Pixkanaka, iratxo hauek menditik herrira jaitsiko dira, bidean topatzen dituzten hainbat lanbidetako langileak ahotik ateratako sokaz bilduz.

Noski, soka honek gure hizkuntzaren metafora izan nahi du, euskarak lotzen gaituela irudikatzeko. Iratxoak herriko plazara iristean, langile guztiak lotzen dituzten sokak elkartu eta denak batera lanean jarriko dituzte. Izan ere, euskararekin, denok batera (h)ari gattunk.

Gure aldetik, mila esker bideoklipean eta abestian hainbeste lan egin duten dozenaka lagunei, zuek gabe hau ez baitzen posible izango».

.
Lokarri lixtari sokari hari
lotu GaTTunk harira.
Hariketan ari.
Harik eta behar den artean ari
artean arin
arte artean arin ari
 .
Hari artean
Hari tira
Hari hari tira
ahalari tiraka
Hariari tiraka hari
Hari ari
Hariketa
 .
Hari GaTTunk
ari GaTTunk
baGaTTunk hari
.
Zitxatoztilakoan, genitxatoztina, gatoztin
Lotu
Josi
Heldu
.
bai
baGaTTunk
ba ote goaz
goaztean
 .
Hitzak: Jakoba Errekondo
Hilabete barru Gattunk (bideoklipa)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.