Izozmendiak, Hego Sudan eta Katalunia

“Groenlandiako izozmendi despopulatu baten subiranotasun prozesuarekin hartuko luketen jarrera bera”. Hori da, Martxelo Otamendiren arabera, Euskal Herriko alderdi politikoek Kataluniako prozesuarekiko hartu duten jarrera. Segidan, lehendakarian jarri ditu begiak: “euskaldun eta katalan askok begi onez ikusiko lukete Urkulluk Kataluniara bisita instituzional bat egitea”. Keinu bat, zuen alboan gaituzue.

Ikurrina SenyeraDeigarria da benetan. CiU eta EAJ, gutxi-asko nazioen autogobernuan aurrera egiteko jaiotako alderdiak, inoiz baino urrunago atzematen dira. Hau guztia noiz eta katalanek, CiUk barne, indepedentziarako inoizko jarrera argiena dutenean, alegia, EAJk 118 urtean Euskadirentzako opa izan duen errealitate berberaren bila indarrez hasi direnean.

“Katalanek beraien bidea dute, guk geurea”, zioen Madrilgo Kongresuaren atarian EAJko ordezkariak, Via Catalana-ren pankartaren atzetik.  Bi nazio zapalduen arteko harreman ustez berezia horretan laburbilduta, haiek haienera, gu geurera; errespetu instituzionala ere deitu ohi zaio.

“Kataluniako prozesuarekiko interes handia bai, baina elkartasun gutxi”, hori dio Otamendik euskal gizarteari buruz. Gaur hiriburuetan egingo diren giza kateen tamainan ere neurtuko da euskaldunek katalanei itzuli nahi dieten maitasuna.

Gauzak horrela, ez da harritzekoa bataz besteko katalanak euskaldunak ahaztu izana. Urtetan erreferentzia izan eta gero, apatia. Anekdota gisa: ekainaren 29ko Concert per la Llibertat-en 90.000 lagunen artean ikurrina bat aurkitzeko lanak izan zituzten TV3ko kamerek (Libertad y Logística, ElDiario).

Hotz horretan izango du zerikusia lehendakariaren epeltasunak. Urkullu baita abertzaletasunaren ahots kualifikatuena, atzerrira begira gutxienez. Harri eta zur dauzka (samintzen ez dituenean). Katalunia Hego Sudan, Eskozia edo Groenlandiaren pare. Are gehiago, Mediterraneoko haize subiranistaren ufada probestu beharrean, hura saihesteko belaontziaren oihalak tolestuta. Ez diot nik, Vicent Sanchis kazetari eta Omnium Culturaleko presidenteordeak baizik: “Eta zer proposatzen du lehendakariak indarrak orekatzeko? Estatutuaren erreforma. Aingerua! Baliteke katalanek jada Euskadira ez begiratzea, baina igartzen da euskaldunek inoiz ez dutela Kataluniara begiratu”.

Mindu egin ditu euskaldun asko Sanchis-en “Llum Basca” artikuluak. Euskaldunak huts egiten ari zaizkiela iradoki du. Arrazoi pixka bat izango du horrelakorik idazteko, edo gehiegi. Sanchis-en hitzak gehiegikeria akaso?

Ondorio gisa, Aritz Galarragarena, “Basquitis-a desagertze bidean dela, lagunok, botere harreman berrien erakusle”.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Izozmendiak, Hego Sudan eta Katalunia”-ri buruz

  • ” Urkullu baita abertzaletasunaren ahots kualifikatuena, atzerrira begira gutxienez.”
    Hau ez da serioa.

  • Kataluinako Herria da independentziaren bidea egiten ari dena, euren politikarien interesen kontra (inperialismoari salduak). Hemengo politikariak, gure independetzi bidean betikoa egiten jarraitzen dute: ezer ere ez. Eta Herriak? erderazko esaldiak dioen bezala: “behiak trenari begira bezala” jarraitzen dugu, katalunarrei enbidiaz so.