Izara azpian 400 ppm-eko beroa

Izara azpian

Ez naiz oroitzen noiz entzungo nuen lehen aldiz “aldaketa klimatikoa” kontzeptu gisa. Mundua horrela ustiatzen jarraituz gero popatik hartzera joango zela, eta ez dakit zenbait urtetan itsasoaren maila igo, eta eguraldia, eta… Baina guztiak oso urruna zirudien, bai denboran eta bai espazioan. “Hemendik 200 urtera” zioten, edo 100, eta Antartidan, munduan oso jende gutxik ikusi duen toki ezezagun horretan sekulako aldaketak ematen ari zirela, eta Artikoan, uf, baina hori non dago? Izara azpian

Aurtengoa erregistroak egiten hasi zirenetik egon den uda beroena edo beroenetakoa izan omen da, eta datu guztien arabera horixe bera izango da datozen urteetako tendentzia. Elurra aspaldi bihurtu zen kontakizun anekdotiko bat Euskal Herriko Kantauri isurialdean, ETB-ko albistegietan irudi atsegin bat, edo bere bizitza madarikatzen Opakuako puntan elurra eta haizea ari duela esaten ari zaigun kazetaria. Piriniotan, entzun dudanaren arabera Aneton, glaziar bat desagertu da; kaput. Izotz zaharra zen, urtu da eta hor ez da berriro glaziarrik sortuko, batek daki zenbait urtetan.

Azkenaldian Andoni Aizpuruk aste osoan primerako eguraldia egingo duela esaten digunean, apur bat estutzen naiz, ene barnean negu gogorra, elurra, euria eta izotza erregutuz, horrek arinduko banindu bezala.

Azkeneko neurketa baten inguruko artikulu batean irakurri dut Antartidan karbono dioxidoa azkeneko lau milioi urteetako altuena dela. 400 ppm. Ipar-hemisferioan hautsi zen marka hori, kontutan hartuta biztanle eta isuri iturri gehienak bertan gaudela. 2006ko animazio honek erakusten du nola mugitzen den karbono dioxidoa munduan zehar.

Munduko batezbesteko tenperatura gradu bat igo omen da azken 120 urteetan, eta huskeria dirudien arren makina bat gauza hankaz gora jartzen ari da. Antartida bere azaleraren %13,4 galtzen ai omen da hamarkadako, 1970etik hona.

Izara azpianOroitzen naiz umetan iluntasunak eta bakardadeak ikara ematen zidatela; lehen beldurra aspaldi gainditu nuen, bigarrena oraindik ez. Ohean lo hartzeke nengoela, gela ilunari begirada bat eman eta forma arraroak ikusi edo irudikatzen nituen; esaterako, bazter batean akabatu nahi ninduen hiltzaile ero bat. Muturreko kasu horietan nire defentsa sistema izara azpian sartzea izan ohi zen.

Honekin ere antzekoa egiten dugula iruditzen zait. Ez da gure errua, baina errudunak ez ditugu gelditu; beraz errudunak ez, baina erantzuleak bai. Izara azpian jarraituko dugu.

Izara azpian

 

 

Zer duzu buruan “Izara azpian 400 ppm-eko beroa”-ri buruz

  • Nik dakidala Antartidan gero eta izotz gehiago dago, eta mendietako glaziarrak planeta osoko izotzaren ehuneko txiki-txiki bat baino ez dira. Zure eta nire izara azpian, berriz, gauero-gauero, segur asko, 1.000 ppm-tik gora izango ditugu. Gela itxi batean zenbait ordu emanez gero, 2.000 eta 4.000 ppm-tara ere igotzen da, eta horregatik ez gara gure arnasan itotzen. Kontu honekin kezka ibili nuen nik ere, eta orain ikusten dut interesak besterik ez dagoela guztiaren atzean. Klima aldatzen ari bada ere, ez dakigu zertara doan. Urteak eta urteak behar dira joera bat usaintzen hasteko.