Cockney dela eta ez dela

Cockney dela eta ez dela

Cockney dela eta ez delaLiburu batean sartu naiz bete-betean: This is London, hala dio liburuaren azalak. Aurreko artikulu batean aipatu ere egin nuen: Londresen panorama soziolinguistikoa aldatzen ari da, etorkinak direla eta, batez ere, hedabideak direla eta, baita ere, gentrification, halaber. Londres ez da 80ko hamarkadako hiri ingelesa, eta bere hizkera ere aldatzen ari da, cockney delako famatua, herri xumearen eta langileriaren hizkera, Londres ekialdean, East Enden bizi-bizirik izan dena. Konturatuko zen musikazale bat baino gehiago, David Bowiek /waads/ erabiltzen duela “words” ahoskatzeko, eta ez /werds/ edo antzekoa. My fair lady filmeko argumentuan, zuzendu, baztertu beharreko hizkeratzat jotzen da, trukean “erreginaren ingelesa” ikasteko. Ez, baina cockney ez da euskara, ingelesa baizik. Ez dakigu cockney ingelesez hitz egitearren langile bat botako ote luketen Londreseko McDonalds edo KFC oilasko-jaki denda batetik, baina bai, badakigu: erantzuna ezezkoa da. Beraz, ez da euskara bezalakoa, “soziolekto”tzat ere har dezakegu, bale (edo soziolekto bihurtutako dialekto, Ok).

Erreginaren ingelesean askotan dotore antzean hitz egiten saiatu arren, nire pisukide Gordon Leytongo “azken cockney”ari bere hizkeraren hainbat ezaugarrik ihes egiten zioten: “we was”, “you was”, “mate” /mait/ esan /meit/en ordez, innit? eta harrapatu ez nituen beste hainbeste, baita bere golkorako irribarre batez gordetzen zituen esanahiak (errimatuak segur aski). Izan ere, kode errimatua da hizkera honen ezaugarrietako bat, metonimikoa ere izan daitekeena, kodea areago bihurrituz gero: telefonoa (phone) “the dog and bone” da (hezurra nora, txakurra hara…), baina elementu errimatua ere ken daiteke eta erlazioa are ilunagoa egin, adibidez, autoa (car) “the jam jar” (mermelada potea), baina “the jam” laburtua ere entzun daiteke eta, beraz, bigarren hitzaren errimaren faltan, are ilunagoa da harremana car jatorrizko erreferentzia-hitzarekin. Zalantzarik gabe, ezaguna zaigu ahozkotasun hori: badu ezkutatzeko gogo bat, baita komunitate jakin baten barruan esanahi-sistema bat sortzekoa ere.

 Cockney dela eta ez dela
Leicester sq – London

Cockney galtzen ari da. Lehen hizkera hori zegoen tokian, kaleko ingeles hautsia nagusitu da: elkarrekin ulertzeko behar den ingeles minimoa, Street deitua; agintariek Multicultural London English izena jarri diote. Etorkinen hizkera berrian, gramatika lausotu eta borobildu egiten da, tonua laua da, ez dago “this”, “dis” baizik (hau komodoa zaigu euskaldunoi…), urduaren eta Jamaikako ingelesaren aztarnak ditu, etab. Ben Judah liburuaren egilearen arabera, East Endeko hizkera zaharrarenak egingo du hamabost urteren buruan, akabo. Street eta erreginaren ingelesa nagusitzen ari dira, Londreseko gizarte-zuloa bezala.

Bere liburuan, Ben Judahk beste ezaugarri bat ere aipatzen du: ohiko “mate” bokatiboa baino (‘lagun’), “boss” (‘nagusi’) nagusitzen ari dela. Gogoan izan, baina, norbaitek “nagusi” deitzen badizu, ez zarela zu “nagusia”, deitzen zaituena baizik. Gurean nagusi, berriz, erregearen hizkuntza, gazte, lanekoa, kalekoa, antza.

Cockney dela eta ez dela

Euskal Wikilarien Elkarteko kidea, itzultzailea