Itzulera
Itzulera –
Ikasturtearen hasierara itzuli gara eta urtea “hasi” dela esan genezake eta gauza asko ditugula hausnartzeko.
Harrituta ikusi ditut G7aren inguruko gertaerak abuztuaren bukaeran (esango didazue ea zergatik harritu naizen eta arrazoia izango duzue seguruena). Hamaika eraikin daude prestatuta Europan (zerbait esateagatik), jende hau elkartzeko prestatuta hain zuzen ere (Bruselan, Estrasburgon, Parisen… zerbait esateagatik hau ere), baina Biarritzera etorri behar izan dute hiria moztera eta geratzera (auzokideei traba eginez); inguruko errepideak moztera eta geratzera… Ez hori bakarrik, sekulako dirutza (ohikoa baino gehiago) gastatuta segurtasunean, bilerarako “behar” ziren bitartekoetan, garraioan, lotarako lekuetan… Hori, gainera, normalean horretarako prest dauden lekuetan gastatzen jarraitzen den diruaz gain (mantenurako besterik ez bada). Saldu digute horrek Ipar Euskal Herrira jendea erakarriko duela, turistak, salmentak… Guztiz surrealistak diren irudi batzuk geratu zaizkigu G7ra etorritako agintari batzuen emazteek (bai, zeren Angela Merkelen senarrak ez etortzea erabaki zuen) Ezpeletara egindako txangoaz eta jandako piperrez eta erositako espartinez (agian jandakoa espartinak balira, hori berria izatea ulertuko nuke gehixeago). Bide batez, ezin dut erabaki gaur egungo reality show edo istagrameko kontua zen ala duela hainbat hamarkadako Jackie Kennedy edo Grace Kellyren erreportajeen antzekoa egin nahi izan duten.
Berdintsua gertatu da duela pare bat egun berriro: Boris Johnson eta Europako Elkarteko ordezkariak Luxenburgoko jatetxe batean bildu dira Brexitaz hitz egiteko. Jatetxe batean. Noski, bazkaria eta inguruko guztia hemen ere, gure kontura. Ezertara ez iristeko.
Bilera horietako diruak erabiliko balira hezkuntzan behar diren irakasleak kontratatzeko; kultura eta ikerkuntza bultzatzeko; edo osasun arloan zerbitzuak berritzeko eta langileak kontratatzeko, besteak beste…
Bien bitartean entzun behar dugu migratzaileek xahutzen dituztela gure zergekin emandako dirulaguntza eta zerbitzuak. Hau hipokrisia!
Bai, itzuli gara ikasturtearen hasierara eta ez dut ezer berririk esan. Ikasturtea hasi da eta berriro ere aurrekontuak prestatzen hasiko dira ordezkari politikoak. “Gure” ordezkari politikoak esatera tentatuta izan naiz, teorian geuk bozkatu baitiegu, baina beldur naiz, ez ote diren neoliberalismo eta enpresa handien ordezkariak baino, kasu askotan.
Demagogia merkea.