Islandia? Lekutan dago!
Islandia? Lekutan dago! –
Marisa Barrenak Durangaldeko egunkari digitalean, Durangon.
Eskola sasoian Islandiaren hiruburua Reikiavik zela ikasi nuen. Egia esan, beste askorik ez ziguten irakatsi Europako ipar-mendebaldeko herrialde hartaz. Geroago jakin dudanez, Islandiak 331.000 biztanle baino ez ditu eta 1944. urteaz geroztik errepublika independentea da.
Islandia gizarte garatua da eta teknologi aldetik aurreratua. Gaur egun ongizate maila eredugarria dute; osasun-arreta unibertsala eta doako hezkuntza, hala nahi duten herritar guztientzat. 2009. urtean Nazio Batuen Erakundeak munduko herririk garatuenen artean sailkatu zuen, hirugarren postuan hain zuzen.
Aipatutakoaz gain, borroka askoren ondoren, aitzindaria da Islandia parekidetasunean. Munduko herrialderik parekideena omen da. Beraz, badugu nora begiratu. Baina, nola heldu ote dira dauden tokiraino?
Diotenez, ez da berezkoa izan. Islandiako emakumeak luzaro jardun dute borrokan euren eskabideen alde. Emakume apartak izan dira buruzagi eta greba ugari ere egin dituzte historian zehar. Greba egunik deigarriena 1975eko urriaren 24koa izan zen. Emakumeen “egun librea” izeneko greba. Emakumeen %90ak jarraitu zuen greba deialdia. Guztiz gelditu zen herrialdea. Egun hartan emakumeak kalera irten ziren, denak batera. Ez ziren bulegoetara joan, ez zuten etxeko lanik egin, ez ziren umeen zaintzaz arduradu. Bankuak, fabrikak zein dendak itxi egin behar izan zituzten, baita eskolak eta haurtzaindegiak ere. Aita askok umeak eurekin eraman behar izan zituzten lanera.
Hurrengo urtean Gender Equality Act onartu zuen Parlamentuak eta laneko eta eskolako genero diskriminazioa ilegala izatera pasatu zen. Baina greba gehiago behar izan ziren harik eta joan den urteko apirilean generoagatiko soldata arrakalari emaiera ematen dion legea onartu zen arte. Lege honekin 2020rako diskriminazioa mota hori guztiz baztertzea espero da, hau da, lan berdinagatik, soldata bera lortzea.
Horrez gain, amatasun eta aitatasun baimenei begiratuz gero, konturatuko gara lekutan gaudela. Islandian, bai aitak, bai amak hiru hilabeteko baimena hartu behar dute ume jaioberriak zaintzeko. Beste hiru hilabete geratzen zaizkie, euren artean negoziatuta, batak ala besteak hartzeko. Halere, kasuren batean amak 9 hilabeteak metatu nahi balitu, legeak ez dio baimen hori ematen.
Zalantza barik, sistema honek aitak umeekin egotea eta zaintza partekatzen ikastea ahalbidetzen du. Bestalde, sasoi emankorreko emakumeak kontratatzean enpresetan sortzen den diskriminazioa mugatzen du, zeren ez baita zaintza osoa emakumeen bizkar geratzen.
Beharbada, hemen ere jaiotze tasak hainbeste arduratzen dituen gorbatadunak horrelako sistemen alde baleude, beste kuku batek joko luke.
Lekutan dago Islandia ala lekutan gaude gu Islandiatik?