Asteko zinema estreinaldiak, mozorrorik gabe!

Asteko zinema estreinaldiak, mozorrorik gabe! –

Estreinaldiak: Otsailak 9

Asteko zinema estreinaldiak, mozorrorik gabe!

Egilea: Ander Makazaga

.

The Florida Project

Sean Baker (Tangerine, 2015) zuzendariak, aurreko filmetan egin bezala, aktore ez profesionalak erabiliko ditu kritikaren erabateko oniritzia jaso duen film berri honetan. Izan ere, aktore onenaren Oscar saria jasotzeko hautagaia den Willem Dafoe da ekoizpeneko aktore profesional bakarra. Zuzendariak sei urteko Mooneeren (Brooklynn Prince) istorioa kontatuko du. Bere amarekin Orlando kanpoaldeko Magic Castle Motel delakoan bizi den neskatoak Disneyworld jolas-parkera joatearekin egingo du amets. Bestalde, Bobbyk (Willem Dafoe), moteleko gerenteak, Mooneerek izan ez duen aitaren hutsunea beteko du.

.

The 15:17 to Paris (15:17 Tren a París)

Lau Oscar sari jaso dituen Clint Eastwood aktore eta zuzendari mitikoak (Unforgiven, 1992 eta Million Dollar Baby, 2004) gertakari errealetan oinarritutako filma dakarkigu. 2015eko abuztuaren 15ean, Amsterdametik Parisera bidean zihoan 500 bidaiariko tren batean gizon batek eraso terrorista bat burutu nahiko du, baina Europan zehar bidaiatzen ari diren hiru estatubatuarrek saiakera terrorista eragotziko dute. Eastwooden filmak hiru gizon horien bizitza kontatuko du, haurtzarotik tren horretara igoko diren arte. Hiru protagonisten rolak gertakari hura bizi izan zuten gizon berberek beteko dituzte.

.

Fifty Shades Freed (Cincuenta sombras liberadas)

Erika L. James idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta, Fifty Shades trilogiaren hirugarren eta azken atala aurkeztuko du James Foley zuzendariak. Kasu honetan, Anastasia Steele (Dakota Johnson) gaztea eta Christian Grey (Jamie Dornan) negozio-gizona ezkondu egingo dira, eta Europan zehar bidaiatuko dute eztei-bidaia ospatzeko. Lehen bi filmek 521 eta 370 milioi dolarreko irabaziak izan zituzten. Bigarren atalean bezala hirugarrenean ere, eleberria filmerako egokitzeaz arduratu da Niall Leonard, trilogia arrakastatsua idatzi zuen Jamesen senarra.

.

Maya Erlea 2: Ezti Jokoak (Maya the Bee: The Honey Games)

Maya the Bee Movie (2014) filmaren jarraipen gisa, Alexs Staderman eta Noel Cleary zuzendariak zinemaren historiako erlerik famatuenaren abenturetan murgilduko dira beste behin. Oraingoan, Mayak intsektu erreboltari talde batekin bat egin beharko du Ezti Jokoetan parte hartu eta bere Erregina salbatzeko. Horretarako, Buzztropolis talde tranpatia garaitu beharko du Mayak, baina Flip eta Willy adiskideen laguntza izango du.

.

Asteko estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu Zinea atarian!

Asteko zinema estreinaldiak, mozorrorik gabe!

Asteko zinema estreinaldiak, mozorrorik gabe!

Euskal pantailaren gunea