Irlak eta islak
Irlak eta islak –
Arantzazu Lizartza Saizarrek Tolosaldeko Ataria agerkarian.
Hiribarruko autobusean horretaz dihardu nerabe talde batek. Hizketagai berdinaz mintzo dira lantokian. Eta gaztetxo zein ez hain gaztetxoen artean eragindako arrakasta ulertezina zaidan arren, Tentazioen Irlaz ariko natzaizue gaurkoan, begirada zorrotz batetik bada ere. Horretarako, gogoaren kontra, kapitulu batzuk ikustera kondenatu dut neure burua; eta, egiari zor, nahikoak izan zaizkit bi kapitulu analisia egin eta lerrook osatzeko.
XXI. mendean eredu patriarkatu hegemonikoaren erakustokia, pantaila txikian, aizue! Eta guztiz arduratzen nau herritarron ehuneko esanguratsu batek programa irentsi duela jakiteak; edo, areago, horretan zirela, kontrako eztarrira joan ez zaiola pentsatzeak!
Gizonak. Eta gizontasun hegemoniko patriarkatuaren irudia. Balentria sexualak lagunartean barreka elkarbanatzen dituen gizon eredu hori bera pantailan; sexu-kidearen (kasu honetan emakumearen, eredu heterosexualak direlako) nahiak aintzat ez hartuz eta urratuz. Gizontasuna modu horretan aldarrikatzeko premia du gizonak komunitate maskulinoan onartua izateko, antza denez. Hala aldarrikatzen al du gizon sentiberak? Zergatik ezin du gizonak emakume batekin ohea partekatu eta harreman sexualik izan ez duela onartu?
Gizarte zifrista honetan, non garrantzitsuena zenbakia den, gizonak, geroz eta harreman sexual gehiago izan, orduan eta domina gehiago eskuratzen dituela ikus daiteke programan; ifrentzuan, emakumeak harremanak izan ahala, urdanga gisako etiketak pilatzen ditu. Emakume jabetza edo kosifikazio kontzeptuaren zeinu nabarmenak dira jarrera horiek, eta min gehien ematen didana zera da, jarrera horiek normalizatuak egotea edo onartuak direla ikustea.
Eta guztiz arduratzen nau herritarron ehuneko esanguratsu batek programa irentsi duela jakiteak; edo, areago, horretan zirela, kontrako eztarrira joan ez zaiola pentsatzeak!
Gainera, programan nabarmendu daitekeenez, desioak edo apetak ez du ez izaera ez onarpen berdina gizonak edo emakumeak sentitzen baditu. Apeta gizonaren berezko nolakotasun bat izan behar duela dirudi, bai edo bai, eta ez sentitzea, kasu, zantzu txarra dela. Aldiz, emakumeak desio sexualak baditu, maitasun erromantikotik harago, segituan zikin edo emakume txarraren izenondoa jartzen zaio. Hainbat iruzkin, irudi eta epaitan emakumearen plazera jazartzen da eta soilik asetzeko funtzioa egozten zaio. Gogoratzen dizuet XIX. mendean gaudela, badaezpada.
Askoz gehiago luzatu gabe, telebistan guztia ez da fikzio, eta, zalantzati zein kezkati naiz, irakurketa hau egin ote duten programa ikusi duten hiritarrek. Argi dago, irlak islatzen duenarekin zerbait egin beharra dagoela, eta azkar!
Irlak eta islak