Iranen aurkako eraso militarra hasteko ahaleginetan ari dira Amerikako Estatu Batuetan
Sasi-adituek gerra nuklearra saihesteko “gatazka konbentzionala” proposatzen dute, lobby israeldarrak Obama estutzen du, AEBko gerra-industrien akzioek gora egiten dute. Gerra hotsak gero eta oihartzun zabalagoa du, baita krisi ekonomikotik ateratzeko estrategia gisa ere.
“Edo gatazka konbentzionala edo balizko gerra nuklearra”. Matthew Kroenig AEBko gobernuaren aholkulariak bi irtenbide bakarrik jartzen ditu mahai gainean, “Time to Attack Iran!” artikuluan (erantzuna izan du artikuluak: Not Time to Attack Iran). Iranen programa nuklearraren balizko arriskua errotik mozteko plan proposamenak gero eta oihartzun handiagoa dute AEBn. Iran Estatu Batuentzat mehatxua izan daitekeela argudiatzen dute; bai militarki, bai ekonomikoki, baita Ekialde Hurbileko estatuen bilakaeraren kontrolean. “AEBen epe luzerako segurtasuna bermatzeko” neurri gisa babesten dute Iraneko baliabide nuklearren aurkako erasoa. Zehatzago hitz eginda, erasoen areagotzea.
Iranen aurkako “gerra ikustezina” ez da gauza berria. Energia nuklearreko adituen hilketak, base militarrei erasoak eta hegazkin espioien erorketak izotz-mendiaren gailurra besterik ez direla dirudi. AEBn eta Iranen arteko tentsioen antzezpenak gerraren atariko show-aren parte bilakatu dira; Ormuz itsartearena kasu. Komunikabideak ere, neurri ezberdinean, Iranen gainean jarria dute lupa eta iritzi publikoa gerrarako prestatzeko lanetan laguntzen dute.
Barack Obama presidente izan ezean, honezkero Iranen gerra hasiko zutela diote prentsako adituek. AEBtan burutzear diren hauteskundeetan gerrak izango lukeen eraginaz ari dira kazetari estatubatuarrak. Diotenez, israeldarren babesa galduta ere, Obamari ez zaio horrelakorik egitea komeni, are gehiago, ez omen da inoiz bere asmoa izan Irani eraso egitea. Kontrakoa esan daiteke Israelgo Netanyahu buruzagiari buruz.
Israelek Iranen aurka bere kasa egiteko asmoari balazta jarri behar izan dio AEBko Gobernuak. Hala ere, New York Timesen argitaratutako “Don’t do It, Bibi” iritzi artikuluak ia errealitate gisa margotzen du gerra: “Israelentzat onartezina da Iranek arma nuklearra sortzeko gaitasuna izatea”. ISIS institutuak esandakoaren arabera, sei hilabete besterik ez ditu Iranek behar bonba nuklearra sortzeko.
Auzi honetan guztian badirudi piperrik ere ez duela inporta Ahmadinejad presidenteak behin eta berriz ukatu izana “plan nuklear sekretua” duenik. Era berean, Iraneko “ayatolak ez daude zoratuta” eraso nuklearrei ekiteko. Hala ere, izu nuklearraren mamua astintzen jarraitzen dute batzuk.
Krisiaren aurkako neurria
“Krisi ekonomiko larriak gainditzeko estrategia” da gerra. Hala dio Ekai Center euskal erakundeak argitaratutako “La Guerra como politica anti-crisis” txostenak. AEBk soldaduak errekrutatuko lituzke eta armen industria ikaragarri hasiko litzateke. Ondorio gisa, epe motzean, langabezia murriztuko litzateke. Gerra haiek nahi bezala joanez gero, baliabideak eta merkatu zabalagoa lortuko lituzke AEBk. Azterketa sozial oro baztertuta, estrategia ekonomiko eraginkorra izan daiteke AEBrentzat, epe motzean. Tentsio egoera honetan irrikitan direnak gerra teknologien ekoizleak dira.
Behin Irakeko eta Afganistango gerrak amaitu ostean, merkatu gosez daude Raytheon, Lockheed Martin, Northrop Grumman, General Dynamics… Maria Igartuak Kaos En La Red orrian idatzi duenez, enpresa hauen akzioak gora eta gora ari dira azken hilabeteetan. Esaterako, General Dynamics enpresaren akzioek %26 egin dute gora urritik hona edo Lockhedd Martinenak %21.
Eta Europako Batasunak bere esku dagoen guztia egiten Iranen aurkako erasoa ahalik eta lasterren lehertu dadila:
“IRANGO PETROLIOARI BETOA JARRI DIO EUROPAK” Kapitalismoak guda ekartzen du hodei beltzak ekaitza dakarren bezala