Inozo ala hordago?
Inozo ala hordago? –
Espainiako prentsak bozkario alaiz eta atsegin handiz ekin dio Puigdemonten atxilotzearen atzean CNIk garatutako lanak adierazteari: jarraipen balizak zituela bere autoan ipinita, haren sakelakoa ere kontrolpean zuela, uneoro non zebilen jakin ahal izateko eta abar. Honelako albisteei darraizkien iruzkinetan berriz, atxiloketaren aldeko eta aurkako aldarrikapenez at, albistea bera zalantzan jartzen zuenik ez nuen topatu atzo.
Nahikoa da mapa bati begiratzea, Helsinkitik Bruselara dagoen tartearen handia ikusteko. Bi mila kilometro baino gehiago, Michelin gidaren arabera. Nork egiten ditu bi mila kilometro pasa autoz gaur egun? Prentsan irakur ahal izan denez halaber, Puigdemontek bazuen itzulerarako hegazkin txartela, ostiral arratsalderako, eta atxiloketa agindurik ez zegoen oraindik indarrean Finlandian, Espainiak dokumentazio osoa gaztelaniaz bidali zuelako eta Finlandiak atzera bota eta ingelesez bidali zezan eskatu ziolako. Bere abokatuek adierazi zuten gainera Finlandian joko zuela poliziarengana atxiloketa aginduak han harrapatzen bazuen edota Belgikan egingo zuela gauza bera, han egokitzen bazitzaion agindua jasotzea.
Puigdemontek bazekien han edo hemen, komisaldegira joan beharko zuela, Espainiak atxiloketa euroagindua piztu zuela jakin zuenetik. Finlandian gera zitekeen, Bruselara itzuli zitekeen hegazkinaz, baina ez bat eta ez bestea, bi mila kilometro pasa autoz egitea erabaki zuen, nik esan behar banu, kontuak aterata Espainiak, egin duena egingo zuela. Honuzgero hamaika aldiz erakutsi digu gizonak inozotik ez duela izpirik ere.
Sorgin-ehizaren atzean dagoen PPko buruzagitzak gogoeta egingo zuen oso harreman onak dituela Merkel-ekin eta Alemaniako legedian badela aberriaren aurkako traizioaren delitua, bai eta autodeterminazio erreferendumak egiteko eskubidearen ukazio esplizitua. Baina Puigdemonten aldetik ere ez bide dute begi txarrez ikusi Alemanian atxilotzeko aukera, hainbat arrazoi tarteko.
Batetik, botereen arteko banaketa erreala delako Alemanian, eta bertako tribunalen epaietan bere aldeko izan daitezkeen bi aurrekari astun daudelako: Ezin da inor estraditatu, eskabidearen atzean motibazio politikoa badago, ez eta eskabidea egiten duen estatuan epaiketa bidegabea izango badu. Llarenak orain artean hain naro garatu dituen “lege”-argudio harrigarrietan oinarri sendoa ikusi bide dute Puigdemonten abokatuek aurrekari horiek ustiatzen saiatzeko.
Bestetik, garbi ematen du Puigdemontek ez zuela ihes egin bere burua salbatzeko, Kataluniaren auzia nazioarteko plazan eraginkorrago jartzeko baizik. Eta hein honetan ulertzen dut atxiloketa lekuaren aukera. Kataluniaren gaia nazioarteko plazan baretzen ari zen une batean, Europako agintea eta lidergoa duen estatu nagusira jo du, estatu txiki periferiko batetik lortu zezakeena baino askoz ere burrunba handiagoa eskuratuz bere helbururako, atzo bertan Alemaniako prentsa guztian ikus zitekeen bezala. Eta hau hasi besterik ez da egin, epailearen erabakia hiru hilabete barru iritsiko delako ohiko epeen arabera. Hiru hilabete Europako plaza nagusiko lehen lerroan, Europako naziorik boteretsuenaren iritzi publikoari eraginez, zalantzarik gabe Katalunian piztuko den suak lagunduta.
Azkenik, Alemaniaren aukerak, badu beste hobaririk ere. Espainiak ezin dio presiorik egin, estatu txiki bati egingo liokeen moduan. Eta gaia alemaniar iritzi publikoan eragiten hasten bada, bertako politikariak ernegatzeraino, Alemaniak badu behar hainbat indar Espainiari PPk gustuko izango ez duen irtenbide bat exijitzeko. Hori esango nuke izan dela Puigdemonten hordagoa. Etorkizunak esango digu luze baino lehen nork zituen karta hobeak.
Ez dakit ba, agian epe luzera Alemanian egotearen onurak ikusiko ditugu, baina bertan atxilotzea ez da hordagoa izan. Akatsa izan da, bere asmoa Belgikaraino heltzea zen (nik bertsio ezberdinak irakurri ditut Finlandian zuen egoeraz, hegaldiez etab.), eta bidean harrapatu dute seguruenik bere asmoetarako herrialde okerrenean, behintzat Finlandia , Danimarka edo Belgika baino okerragoa. Ni behintzat nahiko pesimista nago, espero dut Alemanian dagoen bitartean kartzelatik kanpo egotea, baina ziur azkenean Espainiara eramango dutela.
Ez dut uste Belgikara hegazkinez itzultzeko inolako oztoporik izango zuenik ( noski orain horren inguruko adierazpen interesatuak sor badaitezke ere). Baina diozun bezala, Finlandia eta Danimarka aukera hobeak baziren, zein oztopok eragotzi dio batean edo bestean geratzea atxiloketaren zain? Bestalde, Belgikara alde egin zuenekoa gogoratuz, Puigdemontek ohituta gauzka bere planak kolkorako gordetzen, eta baita hurbilekoak ere ustegabean harrapatzen. Eta azkenik, propio egin badu ere, ezin du horrelakorik aitortu, badakielako atxilotzen duen herrialdeari ez diola inolako mesederik egiten, tentsio diplomatikoak sor arazten dizkiolako ezin bestean. Berriro diot ez dudala ideiarik ere pasadizoa nola amaituko den. Besterik gabe uste dut gertatukoa jokoan jotako hordagoa izan dela eta ez kartak kontatu gabe botatakoa gainera. Ondo kontatu dituen ez dakit.ordea. Eta 31 eskutik ez duela, seguru.
Bere kotxea Belgikako bere etxetik eraman zuen bere gertukoren batek Stocolmoraino. Ezin dut sinestu kotxe horri jarraipena ez ziotela egingo pentsatzen bazuten. Bera inozoa izanda ere, alboan jendea bazuen, abokatuak, polizia mundua ondo ezagutzen duen jendea… Kotxeari jarraipena egiteko gailua jarri omen zioten, nola liteke gailu hori ez aurkitu izana. Apropos Alemanian atxilotzeko asmoa bazuen ere, jarraipena egiteko gailu hori aurkitu eta Raxoyrentzako gutun bat ondoan duela ageriko lekuren batean uzteko aukera ezin hobea aprobetsatu ez izana ere, handia da!
Gailu horiek aski ezagunak ditugu Euskal Herrian, eta baita Puigdemont-en zaintza egin duten Mosso bolondresek ere. Beraz, inozokeritik gutxi. Inozo ari dena gero eta gradu handiagoa lortuz Espainia da. Hanka sartzen ari da behin eta berriro: Estatut-a “zepillatuz, Urria 1-ekoa gero, Atxiloketa bidegabeak gero eta orain Carles Alemanian, Europaren erdigunean protagonista bihurtu. Ea hurrengoa zein de… Galdu dute Catalunya.
Süddeutsche Zeitung egunkariaren edizio digitalean, lehen albistea argazki handi batekin, Puigdemonten atxiloketa. Hurrengo sei albisteak, guztiak gai beraren hainbat aspektu jorratzeko. Horietako batean irakurleei galdetzen zaie nola juzkatzen duten atxiloketa eta une honetan, 800 dira erantzun dutenak. Eta oraindik ez da iruzkinetan ageri Belgikak hartu duen erabakiarekiko aldea. Piztu da sesioa pixka baterako.
Inozo.