Inkultura jantzia

Inkultura jantzia –

Inkultura jantzia

«Inkultura jantzia» nagusitu da Estatu Espainolean, eta ustezko aditu batzuek esaten digute egun batean bai eta bestean ere bai zertaz kezkatu behar garen eta zeri iritzi behar diogun; ustez jantziak diren aditu horiek erabakitzen dute gure ordez zer egin behar dugun eta zer pentsatu behar dugun. Inkultura jantzia baliatzen duten adituen adibide tipiko bat izan dugu hil honen hasieran zendu den Arévalo izeneko umorista espainolaren kontura.

Duela berrogei urte denok ezagutzen genituen, Espainiako Telebistan botatzen zituen txisteak zirela-eta ospetsu bihurtu zuten. Gasolindegi orotan aurki zitezkeen salgai haren kaseteak: umore zaharmindu eta zoldatsua zerien haren txisteei, eta  Arévalo zuritzeko “bere garaikoa zela” esan duten arren, beti egiten zituen txisteak prostituta, marikoi (sic), ezindu eta adierazpen-arazodunen lepotik, sekula ez dirudun, aberats, ahaldun edo boteretsuen kontura; txiste matxista eta grazia gutxikoak ziren gehien-gehienak, errazkeriaz sortuak, umore zoldatsu eta zaharminduaren adierazgarri.

Espainiako tertulianoek, usteko aditu horiek, panegiriko bat egin diote (tira, ahalegindu dira bederen) eta haren “lorpenak” eta “txiste gogoangarriak” goraipatu dituzte; baina tertulianoak ez dira benetako adituak, telebistako pulpitutik mintzo diren arren, predikua hitz dotoreekin janzten duten arren eta adierazpen kontrajarriak egiten dituzten arren, terminologia kriptikoa eta estereotipoz betetako esaldi hutsak baliatzen dituztelarik; iritzi huts eta hutsalak janzten dituzte esaldi biribilak errepikatuz, saioa betetzeko topikoak eta estereotipoak baliatuz, eta, bide batez, pertsonaia horri buruzko irudi prefabrikatu bat emateko eta, bidenabar, pertsonaia horrengan pentsatzeko gaitasun kritikoa bazter dezagun. Eta ikusle gehienek txintik esan gabe irensten dituzte.

Rafael Chirbes idazleak aspaldi gaztigatu zigun: “Ele politak, gezurren mozorro”; eta nik gehitzen diot: inkultura jantziaren erakusgarri.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2024ko utarrilaren 23koa]

Inkultura jantzia

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Zer duzu buruan “Inkultura jantzia”-ri buruz

  • Nahi duzun beste, baina farre ederrak egin izan ditugu haien kontura. Eta zuek, moralaren jabedunak, dena kontrolatu nahi duzuen momentutik, bizipoza ere lapurtu diguzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude